Albisteak

BERRIA

Lehen sektoreari lotutako ikerketen euskarazko zabalkundeak saria dauka NEIKERekin

29 azaroa 2021

Lehen sektoreari lotutako ikerketen euskarazko zabalkundeak saria dauka NEIKERekin

  • Seigarren urtez jarraian, CAF-Elhuyar Sarietan, euskarazko ikerketa zientifikoa aitortu eta sustatzetuko dugu NEIKER sariarekin 
  • Sari berezi hau 2.000 eurorekin hornituta dago, eta abeltzaintza-nekazaritza eta basogintzari buruzko zabalkunde artikulurik onena bilatzen du

Berriz ere partaidetza nabarmena dugu  CAF-Elhuyar Sarien azken edizioan; urtero egiten den lehiaketaren xedea da ikerketa zientifiko eta teknologikoen euskarazko zabalkundea aitortzea eta sustatzea.

2022ko lehiaketaren goiburua da “Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak”, eta NEIKERek bere sari berezia emango du seigarren urtez jarraian, NEIKER saria, 2.000 eurokoa, lehen sektoreari lotutako dibulgazio artikulurik onena bilatuta.

“Saria ezagutza eta proposamen berritzaileak eta merkatura transferigarriak garatzeko gure filosofiaren barruan sartzen da, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza industriaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko”, azaldu du Eva Ugarte NEIKEReko zuzendariak.

NEIKERen sari berezia aurkeztutako lan guztien artean aukeratuko da, eta gainerako CAF-Elhuyar sariekin bateragarria da; beraz, lehiaketako beste kategorietako batekoa ere izan daiteke irabazlea. Artikuluak 2022ko otsailaren 12ra arte aurkez daitezke, esteka honen bitartez, edo cafelhuyarsariak@elhuyar.eus helbide elektronikora bidali.

Etorkizuneko erronkak

Elhuyarrek CAFen lankidetzarekin eta NEIKERen babesarekin antolatzen duen lehiaketaren edizio berriak egileak eta sortzaileak bilatzen ditu, zientziaren eta irudimenaren bitartez euskal gizartearen erronkei erantzuten dietenak: klima larrialdia, desoreka sozialak, dibertsitatea…

Asmo horrekin, euskarazko artikuluak hiru kategoriatan aurkeztu ahal izango dira NEIKER sari berezia eskuratzeko. Alde batetik, ‘Dibulgazio artikulu originalen’ kategoria dago, bi azpikategoriatan banatuta: bata, lan orokorrei buruzkoa, eta, bestea, doktorego tesian oinarritutako lanei buruzkoa. Azpikategoria bakoitzean, irabazleak 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkariaren urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jasoko ditu.

Eskura daitezkeen beste bi kategoriak dira ‘Zientzia kazetaritzaren saria’, lehen kategoriako sari berdinarekin; eta ‘Sorkuntza beka’, zientzia/teknologiaren eta gizartearen arteko interakzioa lantzen duten proiektuak hartzen dituen kategoria. Azken kategoria horretan hautatutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza eta eskultura bat jasoko dute.

Lehiaketaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.

NEIKER eta Elhuyar hitzarmena

Saria NEIKERen eta Elhuyar Fundazioaren artean ikerketaren arloan euskara sustatzeko 2016ko uztailean hasi zen hitzarmenaren parte da. Bi erakundeen arteko hitzarmenean sartzen dira nekazaritza sektoreari lotutako hiztegi espezializatu baten garapenean laguntzea; NEIKERek Zientzia Azokan parte hartzea, gazteei sektoreari buruzko ikerketa helarazteko, eta aipatutako NEIKER sari berezia, lehen sektoreari lotutako ikerketen euskarazko dibulgazioa saritzeko.

Related posts