BERRIA
Animalien dieta aldatzea, haragi, esne eta haragiki eta esneki osasungarriagoak lortzeko
22 azaroa 2021Animalien dieta aldatzea, haragi, esne eta haragiki eta esneki osasungarriagoak lortzeko
- NEIKERen pentsuak egiteko formula berriak lantzen ari gara, animalia jatorriko elikagaien nutrizio propietateak hobetzeko
- NUTFOOD proiektuaren barruan egin dituguan saiakuntzek nabarmentzen dute lihoa lehengai ezin hobea dela giza osasunerako gantz profil onuragarriagoa duten produktuak lortzeko
- Elkartek programak finantzatutako ekimena Leartikerrek gidatzen du, eta NEIKER, Tecnalia, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV) eta ISS Bioaraba erakundeek ere parte hartzen dute
Gaur egun, kalkulatzen da Euskadiko gaixotasun kronikoen %95 inguru elikatzeko ohiturekin edo ariketa fisikoa ez egitearekin lotuta daudela. Elikadura ohituren artean nabarmentzen da dietaren desoreka nutrizionala, mantenugai jakin batzuk gehiegi agertzen baitira, eta beste batzuk, berriz, osasungarriak, urriak baitira. Hala ere, gero eta kontsumitzaile gehiago jabetzen dira elikaduraren eta osasunaren arteko loturaz, eta, horregatik, nutrizio alderdiek gero eta eragin handiagoa dute produktu jakin batzuk erosteko erabakian.
Horrelako animali jatorrizko produktuen kontsumoaren inguruan dagoen eztabaidak, halaber, eragina du ustiategi askoren jasangarritasunean eta abeltzaintza jardueran. Testuinguru horretan bultzatu da NUTFOOD lankidetzazko ikerketa-proiektua, NEIKERen parte hartzearekin. Ekimenaren helburu nagusia animalien dietan formula berriak diseinatzea da, animalia jatorriko jakiek kontsumitzaileei plus osasungarriago bat emateko.
Txerri eta ardientzako pentsu osasungarriagoak
Ekimen horren barruan, probatu egin ditugu tokiko hazi oleaginosoen olio eta irinen erabilera, horien artean egonik lihoa, koltza edo ekilorea. Hazi horiek hotzeko presioko prozesu mekaniko bat jasaten dute, eta, prozesu horretatik, olioa eta irina ateratzen dira. Oraingo honetan, txerri eta ardi aziendarako pentsuak formulatzeko erabili dira, animalia horien haragiaren eta esnearen nutrizio profila hobetzeko.
“Ondorioztatu dugu lihoa lehengai interesgarria eta ezin hobea dela animaliak elikatzeko eta animali jatorriko elikagaiak lortzeko, bai haragia, bai esnea, nutrizio ezaugarri osasungarriagoekin”, azaldu Roberto Ruizek, NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko departamentuko arduradunak. Ondorio horretara iristeko, bi saiakuntza egin ditugu, bat ardiekin eta bestea txerriekin; abere espezie bakoitzerako pentsuen hiru formula ezberdin diseinatu dira, eta pentsu konbentzional batekin alderatu dira.
Txerriei dagokienez, Basatxerri elkarteak ekarritako 24 animalia izan genituen. Txerri horiek 6 buruko 4 taldetan banatu ziren, eta talde bakoitza pentsu desberdin batekin elikatu zen: ohiko pentsua, inolako gantzik gehitu gabe kontrolatzeko tratamendu gisa, eta ekilore, liho edo koltza olioa zuten pentsuak. “Emaitzen arabera, hazi oleaginosoekin elikatutako animalien koipearen osaerak, oro har, ohiko pentsuarekin elikatutako taldeak baino profil osasungarriagoa izan zuen gantz azidoei dagokienez. Gainera, liho olioz formulatutako pentsuarekin elikatutako txerrien haragiak balio nabarmen altuagoak izan zituen osagai osasungarri horietan”, gaineratu du NEIKEReko adituak. Are gehiago, liho olioz formulatutako pentsuarekin elikatutako animaliek kontrol tratamendukoen antzeko hazkundea eta pisua izan zuten hiltzean, eta koltza eta ekilore pentsuekin elikatutakoek baino gehiago.
Ardien kasuan ere, NEIKERek antzeko saiakuntza bat egin zuen, pentsua egiteko oleaginosoen irinak erabiliz (lihoa, ekilorea eta koltza), eta pentsu komertzial-kontrolekoarekin elikatutako talde batekin alderatu zen. “Oleaginosen irinez formulatutako pentsuarekin elikatutako taldeen esneak gantz azidoen profil osasungarriagoa eman zuen. Eta, kasu horretan ere, liho irinez formulatutako pentsuarekin elikatutako ardietatik datorren esnearen gantz profilak osasunerako onuragarriagoak diren propietateak zituen”, zehaztu du Ruizek.
Animalien elikaduran lihoaren erabilera nutrizio balio handiko iturria dela egiaztatu eta gero, NUTFOOD proiektuaren hurrengo pausoak dira haragikiak (hanburgesak eta txorizo onduak) eta esnekiak (jogurta eta gazta ondua) prestatzea eta analizatzea, kontsumitzaile osasuntsuekin saiakuntza kliniko nutrizionalak egitea, produktu horiek giza osasunean dituzten eragin onuragarriak ikertzeko, dieta osasungarri baten esparruan.
Eusko Jaurlaritzaren Elkartek programak finantzatuta, NUTFOOD ekimenaren partaide izan dira baita ere Leartiker zentro teknologikoa, proiektuaren lider gisa, Metabolomips ikerketa taldea, Euskal Herriko Unibertsitatekoa (EHU/UPV), ISS Osasun Ikerketarako Institutua, Bioaraba eta Tecnalia zentro teknologikoa.