Albisteak

BERRIA

Intxaurrondoei buruzko informazio-jardunaldia Araban, laboreen dibertsifikazioa sustatzeko

11 ekaina 2021

Intxaurrondoei buruzko informazio-jardunaldi batean parte hartu dugu Araban, laboreen dibertsifikazioa sustatzeko

  • Arañanako Landa Garapenerako Elkarteak Zambranan antolatutako ekitaldian 20 nekazarik parte hartu dute, labore mota hau landatzeko interesa dutenak
  • Jardunaldi hau NEIKERek bere ezagutza teknikoak sektoreari transmititzeko egindako apustuaren barruan kokatzen da     

Laboreak dibertsifikatzea da Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat lehen sektorearentzat, merkatura egokitzeko, kontsumitzaileen eskari berriei erantzuteko eta gaur egun Euskadin landatzen ez diren edo potentziala izan arren oso presentzia txikia duten elikagaien tokiko laboreak lortzeko. Helburu horrekin jarri zen abian UTG NOGAL lankidetza-proiektua, UAGAk -Arabako Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Batasuna- gidatua. Joan den abenduan amaitu zen ekimena, eta kudeaketa teknikoko plan pilotu bat egin da Euskadin oskoldun fruta-arbolak ezartzeko.

Testuinguru horretan, proiektuko bazkideek, besteak beste NEIKER zentro teknologikoak, laborantza mota horri buruzko informazio-jardunaldi batean parte hartu dute, batez ere intxaurrondoak. Añanako Landa Garapenerako Elkarteak (ADR) antolatu du ekitaldia, eta oskoldun fruta-arboletan interesa duten 20 nekazari izan dira bertan, proiektuko bazkideek antolatutako jardunaldi teknikoetan.

Jardunaldia atzo izan zen NEIKERek Arabako Zanbrana herriko Añanako ADRrekin elkarlanean egiten duen entsegu etxaldean. Amaia Ortiz NEIKER-eko Landare Ekoizpen eta Babes Saileko arduradunak azaldu duenez, “Arabako intxaurrondo, almendro eta hurritz landaketa berriei buruzko funtsezko informazio asko ematen ari da entsegu hau”.

Ildo horretan, zentroko Ekoizpen eta Landare Babeseko Saileko arduradunak atzo aurkeztu zituen inguru horretan oskoldun fruta-arbolak ezartzeko interes handiena duten gaiak: barietateak, erreferentziazko haztegiak edo ezarpen-kostuak.

Era berean, jardunaldian zehar, parte-hartzaileek Armiñonen berriki ezarritako intxaurrondo-ustiapena bisitatu ahal izan zuten, baita aukeratutako ureztatze-sistema, barietateak eta landaketa-esparrua ere, egin beharreko inausketa-motaren arabera.

Gainera, Araban fruta-arbolak ezartzeko laguntzei buruz Arabako Foru Aldundiak argitaratu berri duen informazio guztia bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan zuten.

Oskoldun fruituei buruzko transferentzia jardunaldi hau NEIKERek bere ezagutza teknikoak sektoreari helarazteko egindako apustuaren barruan kokatzen da.

 

 

Related posts