Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak —NEIKER-Tecnalia— eta Gipuzkoako Ekonek enpresak hondakin organikoak tratatzeko fabrika pilotu bat eraikiko dute, balio erantsi handiko ongarria produzitzeko. Instalazio horri esker, eraginkortasunez baliatu ahal izango da biogas-instalazioetako materia organikoa. NEIKER-Tecnaliak Arkautin (Araba) dituen nekazaritza-lurretan egingo da lantegia. 1,5 milioi eurokoa da aurrekontua, eta Europar Batasunak, CIP-Ecoinnovation proiektuaren barruan, eta ekimenean parte hartuko dute lau erakundeek finantzatuko dute: NEIKER-Tecnaliak, Ekonek Innovaciónek (produktuen balorizazioa), Blue Agrok eta Herbehereetako Colsen enpresak.Proiektuaren helburua da biogas-lantegietan digestio anaerobikoaren prozesuan sortzen den materia organikoa aprobetxatzea. Prozesu horretan, deskonposatu egiten da materia, oxigenorik gabe. Deskonposizio horretatik, biogasa eta prozesuaren ondoriozko materia —digestato deritzona— sortzen dira. Produktu hori (hondakintzat hartua, maiz) aprobetxatu nahi du NEIKER-Tecnaliak, eta kalitate handiko ongarri organiko bihurtu, ongarri tradizionalak baino hamar aldiz produktiboagoa izan daiteke eta. Balio erantsi handiko laboreetan erabili ahal izango da; esaterako, kirol-zelaietan, labore apaingarrietan, eta bereziki ahulak diren nekazaritza-laboreetan.
NEIKER-Tecnaliaren asmoa da fabrika pilotu horrekin nekazaritza-sektoreari ingurumena zaintzen duten eta aldi berean ekonomikoki bideragarriak diren irtenbideak eskaintzeam. Egiten den ongarriaren abantailek hau dute ezaugarri nagusia: produktu ekologikoa da, mikropikor-formakoa; ongarri tradizionalekin baino kantitate txikiagoa behar da, eta mantenugaiak motelago askatzen ditu. Horri esker, kalte txikiagoa egiten dio ingurumenari.
Ongarri biologikoa egiteko prozedura honetan datza, labur adierazita: hidrolisi kimikoa deritzon prozesua aplikatzen zaio digestatoari, eta, ondoren, pikor bihurtzeko eraginkortasun handiko prozesu bat. Digestatoari (likidoa edo erdilikidoa) erreaktibo batzuk eransten zaizkio, zuntzak disolba ditzaten. Gero, pikor txiki bihurtzen dira zuntzak. Pikor txikiko produktua egiteak abantaila ugari ditu garraioari, biltegiratzeari eta erabilera praktikoari dagokienez.
NEIKER-Tecnaliako ikertzaileen zeregin nagusietako bat hau izango da: pikor txikiek ezaugarri kimiko eta agronomiko onak izatea. Alde horretatik, bereziki garrantzitsua da NPFren (nitrogenoa, fosforoa eta potasioa) maila orekatua duen ongarria egitea. Adituek kalkulatzen dute 28.000 tona digestato inguru tratatu ahal izango direla urtero instalazioan, hots, 9.200 tona ongarri egingo direla urtean.
Kantitate txikiagoa emaitza bera lortzeko
Orain arte aprobetxatu izan ez diren hondakin organikoak erabiliz sortuko da ongarri biologikoa.Ongarri organiko tradizionalekin baino kantitate txikiagoak behar dira, azken formulazioa laborearen eta hartuko duen lurzoruaren arabera zehaztuko baita. Elementu ongarriak pixkanaka askatuko dira, ongarri erabiliak eraginkortasun handiagoa izan dezan, eta, hala, hobeto aprobetxatuko da. Horrenbestez, txikiagoa izango da kostu ekonomikoa, lursail bera ongarri tradizionalarekin baino produktu gutxiagorekin ongarritu ahal izango baita.
Ekonek enpresa arduratuko da, NEIKER-Tecnaliarekin batera, lantegi pilotua eraikitzeaz, zentro teknologikoak Arabako Arkautin dituen nekazaritza-esperimentazioko lurretan. Herbehereetako Colsen enpresak, berriz, materiala ekarriko du, produktu organikoen digestio anaerobikoko prozesuaren ondoren, biogasa egiteko zenbait lantegitatik. NEIKER-Tecnaliak eta Blue Agrok, bestalde, ongarriaren azken formulazio egokia diseinatuko dute, elkarrekin. Zentro teknologikoak ikertuko eta egokituko du produktua, nekazaritza-etekinaren ikuspegitik, eta merkataritza-bideragarritasunaz Blue Agro arduratuko da.