Karbono-aztarna eta zerbitzu ekosistemikoak ebaluatzea ardi-ekoizpeneko estrategia jasangarriak diseinatzeko

  • Finantzaketa: INIA
  • Ikerlari arduraduna: Roberto Ruiz doktorea
  • Gauzatzea: 2011-2015

Larratze-baliabideen erabileran oinarritutako animalia-ekoizpeneko sistemetako karbono-aztarnaren ebaluazioaren emaitza etsigarria izan ohi da ugaltze eta elikatze intentsiboko jardunbideak erabiliz kudeatutako sistemekin konparatzen denean. Hau da, unitate funtzionaleko (esne-litroko edo okela-kilogramoko) lortutako berotegi-efektuko emisioak nabarmen murrizten dira ekoizpena intentsifikatu ahala. Hala ere, ebaluazio horiek ez dute islatzen input txikiko larratze-sistemek betetzen duten funtzio anitzeko zeregina, alde batera uzten baitituzte paisaiaren kontserbazioan, zuhaixka-landarediaren kontrolean, uren kalitatean, biodibertsitatean, lan-inguruneko jarduera ekonomikoaren iraupenean, kalitateko produktuen sorreran eta abarretan dituzten ondorioak. Hau da proposamen honen helburua: Espainiako zenbait agroekosistematako esnetarako eta okelatarako ardi-azienden sistema adierazgarri batzuetako berotegi-efektuko gasen emisioak eta zerbitzu ekosistemikoak ebaluatzea, eta aztertzea zer ondorio dituzten nekazaritzako maneiu- (elikadura, larratzea, ugaltzea, eta abar) eta jardunbide-estrategia batzuek (lurraren erabilera), zenbait ingurumen-helbururen arteko sinergia eta konpromisoei (trade-off-ak) arreta berezia emanez. Horretarako, ekoizpen-sistema horien adierazgarri diren dieta batzuen emisioak in vitro ebaluatuko dira. Gainera, bizi-zikloaren analisia (Life Cycle Assessment, LCA) ebaluatzeko modulu bat garatuko da, ardi-aziendaren jatorriko produktuen ingurumen-inpaktuak ekoizpen-zikloan zehar analizatzeko. Gero, LCA eredua algoritmo genetikoetan (PASTOR) oinarritutako simulazio dinamikoko eta optimizazioko programa batean sartuko da. Bestalde, abeltzaintzatik eta hausnarkarien ekoizpen-sistemen nekazaritzako eta maneiuko jardunbide espezifikoetatik eratorritako zerbitzu ekosistemikoak ebaluatzeko esparru generiko bat diseinatuko da, adituz lagundutako foku-taldeak eta DELPHI metodologia erabiliz. Hala, nekazaritzako maneiu eta jardunbideen zenbait estrategiaren ondorioak ebaluatu ahal izango dira sinergien ikuspuntutik eta berotegi-efektuko gasen emisioak minimizatzeko eta zerbitzu ekosistemikoak maximizatzeko helburuen arteko trade-off-en ikuspuntutik. Kontuan hartuko dira, halaber, alderdi tekniko eta ekonomikoak, analisian jasangarritasunaren zutabe ekonomiko eta sozialak biltzeko.

Helburu nagusia:

Espainiako zenbait agroekosistematako ardi-azienden sistema adierazgarri batzuetako berotegi-efektuko gasak eta zerbitzu ekosistemikoak —biodibertsitatea, paisaia, karbono-metaketa, sute-prebentzioa, eta abar— ebaluatzea, eta aztertzea zer ondorio dituzten nekazaritzako-maneiu (elikadura, larratzea, ugaltzea, eta abar) eta -jardunbideen (lurraren erabilera) estrategia batzuek, ingurumen-helburuen arteko sinergia eta konpromisoei (trade-off-ak) arreta berezia emanez.

Bigarren mailako helburuak:

• Okelatarako eta esnetarako ardi-azienden sistema adierazgarri batzuen karbono-aztarna analizatzea bizi-zikloaren analisiaren bidez (LCA).
• Esnetarako eta okelatarako ardi-azienden adierazgarri diren errazio batzuen metano-emisioak in vitro ebaluatzea.
• LCA ebaluazioko modulu bat simulazio dinamiko eta optimizazioko PASTOR ereduan sartzea, eta haren diseinua ardi-azienden edozein sistematarako orokortzea.
• Abeltzaintzatik eta hausnarkarien ekoizpen-sistemen nekazaritzako eta maneiuko jardunbide espezifikoetatik eratorritako zerbitzu ekosistemikoak ebaluatzeko esparru generiko bat diseinatzea.
• Maneiuko eta nekazaritzako jardunbideen zenbait estrategiaren ondorioak ebaluatzea sinergien ikuspuntutik eta berotegi-efektuko gasen emisioak minimizatzeko eta zerbitzu ekosistemikoak maximizatzeko helburuen arteko trade-off-en ikuspuntutik, alderdi tekniko eta ekonomikoak ere kontuan harturik.