Albisteak

BERRIA

AGENDA: mikobakterioak etxeko-basoko interfazean Euskadin

16 azaroa 2021

AGENDA

Mikobakterioak etxeko-basoko interfazean Euskadin

2021eko abenduaren 2a

09:30 – 11:30 h

Webinarra (TEAMS bidez)

Tuberkulosia da, oraindik ere, abeltzaintzan munduan kezka gehien sortzen dituen gaixotasunetako bat, bai ikuspegi sozioekonomikotik, bai osasun publikoaren ikuspegitik, gaixotasun zoonotikoa baita.

Basoko faunan eta abereetan identifikatutako bakterio tuberkulosoak detektatzea eta basurde, orein eta orkatzaren populazioak Europa osoan gora egitea garrantzi handiko bi faktore dira animalien tuberkulosiaren epidemiologian. Horrez gain, Mycobacterium generoaren barruan, tuberkulosoak ez diren mikobakterioak ere sartzen dira; horietako batzuk patogenoak dira eta interferentziak eragin ditzakete animalien tuberkulosiaren diagnostikoan.

Jardunaldi honetan NEIKERen azken urteetan bi proiekturen esparruan lortu ditugun emaitzak aurkeztuko dizkizuegu: “Baso espezieen zaintza sanitarioa Euskadin (VEPIFAUS)”, Eusko Jaurlaritzak finantzatua, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundien partaidetzarekin, eta “INNOTUB, Animalien tuberkulosia kontrolatzeko tresna berritzaileak ikertu eta garatzeko Pirinioz gaindiko sarea”, EBk finantzatua, Interreg-POCTEFA deialdian, eta EGEFek konfinantzatua.

Proiektu horiek basoko espezieetan dauden mikobakterioak eta horien eta gure inguruko abereen artean sortzen diren interakzioak aztertzen dituzte, eta aukera emango digute gure etxeko-basoko interfazean mikobakterioak transmititzeko arriskua dagoen argitzeko.

Programa

9.30-10.00: Mikobakteriosiak etxeko ganaduan

Joseba Garrido, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko arduraduna

10.00-10.30: Zer mikobakterio ditu Euskadiko basa faunak? Hamarkada bat baino gehiagoko ikerketaren ondorengo aurkikuntzak

Xeider Gerrikagoitia, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea

10.30-11.00: Nola eragiten diote elkarri basa faunak eta behi aziendak Euskadin? Fototranpen bidez erantzunak bilatzen.

Lucia Varela-Castro, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea

11.00-11.30: Tuberkulosiaren diagnostikoan zein bakteriok interferi dezaketen ikertuz

Iker Agirregomoskorta Sevilla, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea

Hizlariak

Joseba Garrido

Joseba Garridok Albaitaritzako doktore titulua lortu zuen 2001ean, Zaragozako Unibertsitatean. Bere ikerketa ibilbidea mikobakterioek eragindako gaixotasunetan oinarritu da, batez ere Tuberkulosian eta Paratuberkulosian. Bere ikerketa ildoa diagnostiko teknikak hobetzera eta gaixotasun horiek kontrolatzera bideratu da. Gaur egun, bere interesaren jomuga dira txertoen prototipoen garapena eta mikobakterioen eragin immunogenoa frogatzea, abeltzaintzako ustiategietan galera ekonomiko larriak eragiten dituzten beste bakterio infekzio batzuk kontrolatzeko tresna gisa. Alderdi horiek frogatzeko, animalien ereduak erabiltzen ditu eta landa azterketak egiten ditu.

Xeider Gerrikagoitia

Xeider Gerrikagoitia Albaitaritzan lizentziatu zen Zaragozako Unibertsitatean, eta 2010ean doktoretza lortu zuen Gaztela-Mantxako Unibertsitatean, “Basa haragijaleak, animalien osasunerako eta osasun publikorako interesgarriak diren gaixotasunen gordailu gisa” tesiarekin. Ondoren, Hegazti Influenzaren arloan hasi zen lanean, eta, bertan, influenza birusen epidemiologia eta ekologia aztertzeko hainbat proiekturen garapenean parte hartu du. Gaur egun, gure lurraldeko basa faunako espezieei eragiten dieten gaixotasunak aztertzen ari da.

Lucía Varela

Lucia Varela Castro Albaitaritzan lizentziatu zen Santiagoko Unibertsitatean, 2013an. Albaitaritzako lehen urteetan Italiako zaldi klinika batean lan egin zuen. Ondoren, Lurreko Ekologia eta Biodibertsitatearen Kudeaketa Masterra ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (2014-2015), eta bertan, basa faunari eragiten dioten gaixotasunen ekoepidemiologiari buruzko prestakuntza hasi zuen. 2017an, doktorego ikasketak hasi zituen, Marta Barral doktorearen eta Iker A. Sevilla doktorearen zuzendaritzapean, NEIKERen Animalia Osasuneko Departamentuan. Bere doktorego tesiaren helburua Euskal Herriko fauna-azienda interfazearen mikobakteriosien epidemiologian sakontzea da.

Iker Agirregomoskorta

Iker Agirregomoskorta Sevillak 2007an lortu zuen Mikrobiologiako doktore gradua, “Mycobacterium avium subsp. paratuberkulosiaren karakterizazio molekularra, detekzioa eta erresistentzia” lanarekin. Bere ikerketa ibilbidea mikobakteriosien azterketan oinarritzen da. Esperientzia handia du diagnostiko metodoak garatzen, epidemiologia molekularrean, eta tuberkulosiaren eta paratuberkulosiaren aurkako txertoak aztertzen. Animalia jatorriko mikobakterioen, giza gaixotasunen eta elikadura katean duten presentziaren arteko loturari buruzko ikerketetan parte hartu du. Gaur egun, tuberkulosiaren aurkako txertoak garatzen eta txertoek edo agente naturalekiko esposizioak eragindako tuberkulosiaren diagnostikoaren gaineko interferentzia aztertzen dihardu.

2021eko abenduaren 2a

09:30 – 11:30 h

Webinarra (TEAMS bidez)