BERRIA
Zergatik da garrantzitsua eltxo inbaditzaileen hedapena zaintzea?
19 abuztua 2022Zergatik da garrantzitsua eltxo inbaditzaileen hedapena zaintzea?
- Maila globalean, gaixotasun infekzioso guztien %17 baino gehiago transmititzen dituzte, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera
- NEIKER Euskadin eltxo espezie inbaditzaileen hedapena ebaluatzeko programa batean lanean ari da, horien artean egonik eltxo tigrea
- Zaintza programa hori Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak koordinatzen du, eta EAEko udalerri nagusien eta NEIKERen Animalia Osasuneko Departamentuaren partaidetza du
Eltxoak munduko leku gehienetan bizi diren intsektuak dira. 3.500 espezie inguru daude, eta horietako batzuk bakarrik dira gizakiei eta animaliei gaixotasunak transmititzearen erantzule. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, transmisio bektorialeko gaixotasunak, esaterako, eltxoek transmititutakoak, gaixotasun infekzioso guztien %17 baino gehiago dira maila globalean, eta urtero 700.000 heriotza baino gehiago eragiten dituzte.
Gaixotasun horietako askok baliabide gutxien dituzten populazioei eragiten diete nagusiki, eremu tropikaletan eta subtropikaletan bizi direnei. Hala ere, globalizazioaren eta klima aldaketaren ondorioz, eltxo espezie batzuk, adibidez eltxo tigrea (Aedes albopictus), munduko hainbat puntutan mugitzen eta ezartzen ari dira, eta, hala, gaixotasunak agertzen dira lehen kasurik gertatu gabeko eskualdeetan. Horien jarraipena eta zaintza bihurtu da irtenbiderik onena hedapenerako kontrol neurriak abian jartzeko.
Euskadiren kasuan, NEIKER, Basque Research and Technology Allianceko kidea (BRTA), 2013az geroztik ari da lanean erakunde publikoekin batera eltxo inbaditzaileen zaintzan. Zaintza programa bilakatu egin da urtez urte, lagindutako udalerrien kopurua progresiboki handituz, eta, horrenbestez, 2022an 10.000 biztanletik gorako udalerri guztiak lagintzen ari dira.
Eltxo inbaditzaileak detektatzeko zaintza aktiboa, horien artean egonik eltxo tigrea (Aedes albopictus), itsas portuetako eta aireportuetako sarrera puntuetan zentratzen da, baita errepide sareetan zehar ere, eta ibilgailuen joan-etorri handia dagoen hiriguneetako guneetan, barreiatzeko bide nagusiak direlakoan.
Ana Garcia eta Jesse Bandarika NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzaileek azaltzen dutenez, “zaintzaren helburua da eltxo horiek hiriko zein hiri inguruko eremuetan izan dezaketen hedapena ebaluatzea. Eltxo exotiko inbaditzaileak egotea baztertzeko edo baieztatzeko ingurune egokiak bilatzen ditugu, eta, emaitza baiezkoa bada, agintari eskudunei jakinarazten diegu, kontrol neurriak martxan jartzeko”.
Hedapena Gipuzkoan eta Bizkaian
Zaintza programan sartutako eltxo inbaditzaileen espezieetako bat eltxo tigrea da (Aedes albopictus). Asiako hego-ekialdetik datorren eltxo bat da, eta zeregin garrantzitsua du denge, chikungunya edo zikaren birusen transmisioan. Euskadin, 2014an detektatu zen lehen aldiz, Irungo udalerrian (Gipuzkoa). Harrezkero, eta laginen ahalegina handitu den heinean, urtez urte hauteman da Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalerritan eta, noizean behin, Araban.
“Munduko eremu zabaletara hedatu da, batez ere arrautzen edo larben garraio pasiboaren bidez, merkantzien trafikoaren bidez (pneumatikoak…), eta klima epeletara ezin hobeto egokitu da. Bere arrautzek bizirik iraun dezakete, hainbat hilabetez egon daitezke bideragarri urik gabe, eta -4ºC-ko tenperaturak jasan ditzakete”, zehaztu du Ana Garciak.
Eltxo espezie horrek pertsonak zein beste ugaztun espezie batzuk ziztatu ditzakete, eta egindako zaintzak informazioa eman die NEIKEReko ikertzaileei haren hazkuntzarako tokiei buruz. Zehazki, eltxo tigrea ur bolumen txikietan hazten da; beraz, oso interesgarria da ur puntuak kontrolatzea edo desagerraraztea –bidoiak, pneumatikoak, ontziak, estoldak, etab.–, bai leku publikoetan, bai jabetza pribatuetan, izan ere, batzuetan, azken horietan aurkitzen dira eltxoak ugaltzeko guneak.
Kasu batzuetan, dengea, eltxo hori eta beste eltxo exotiko inbaditzaile batzuk herritarrek beraiek atzematen dituzte, herritarren plataformen bidez, hala nola Mosquito Alert plataformaren bidez.
Espezie inbaditzaile berriak
Baina eltxo tigrea ez da NEIKERen zaintza programak kontrolatzen duen eltxo espezie inbaditzaile bakarra. Beste espezie bat dago, “zuhaixketako eltxo asiarra” izenaz ezaguna (Aedes japonicus), eta horren presentzia Asturiasen baieztatu zen lehen aldiz, Mosquito Alert herritarren plataformaren bidez, 2018an. Hurrengo urtean Kantabrian aurkitu zen. 2020an Euskadiko hiru lurralde historikoetan detektatu zen, eta 2021ean egiaztatu da Gipuzkoan eta Bizkaian dagoeneko ondo banatuta dagoela. Eltxo tigreak bezala, Aedes japonicus-ek ere inbaditzeko gaitasun handia du, eta ondo egokitzen da nitxo ekologiko desberdinetan eta, dirudienez, klima hotzagoko eremuetan.
“Naturan, zuhaitz zuloetan ugaltzen da, baita ur metaketa txikiak atxikitzen dituen beste edozein zulotan ere, baina edukiontzi artifizialak ere erabiltzen ditu, batez ere pneumatiko erabiliak eta edukiontzi handiagoak, hala nola abereen uraskak”, zehaztu du Jesse Barandikak. Hala ere, eltxo espezie hori ez da arrisku handikotzat jotzen agente patogenoen bektore gisa, eta tarteka elikatzen da pertsonen odolaz, batez ere landaretza ugariko eremuetan edo basoetan. “Laborategiko ikerketa batzuek frogatu dute birus batzuen transmisore ona izan daitekeela, hala nola Mendebaldeko Niloko birusarena, baina orain arte ez da egiaztatu gizakietara birosirik naturalki transmititzen den kasurik”, amaitu du Ana Garciak.
“Aedes albopictus eta Aedes japonicus-ez gain, Europan beste 3 eltxo espezie inbaditzaile identifikatu dira (Ae. koreicus, Ae. aegypti eta Ae. atropalpus), eta, horregatik, erne gaude EAEn agertzen badira atzemateko”, Jesse Barandikak adierazi duenez.
Eltxo inbaditzaileak zaintzeko programa Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak koordinatzen du. Gainera, euskal udalerri nagusiek eta NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuak ere parte harttzen dute, Espainiako Gobernuko Osasun Publiko, Kalitate eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren “Gaixotasun infekzioso exotikoen aireportu eta portuetako bektore inportatuei zein gaixotasun horien bektore autoktonoei buruzko Zaintza Epidemiologiko”-rako programaren kofinantzaketarekin.