Albisteak

BERRIA

Zer kontatu duten haziak: NEIKERen germoplasma-bankua, Euskadiko landa-ondarearen zaindari

16 abendua 2025

 

  • NEIKERen germoplasma-bankuak patata, arto, leka, tomate, piper, pipermin, zereal eta sagarrondoen bildumetako 865 barietate ditu.

 

Artxibo genetiko bat ezinbestekoa da aldaketaren eta nekazaritza-homogeneizazioaren aurrean. Dibertsitate genetikoa etorkizuneko bizi-asegurua da nekazaritzan. Klima-aldaketaren mehatxua, izurrite berriak agertzea eta laboreak eskala globalean homogeneizatzea direla-eta, gure elikadura-sistemaren egokitzeko gaitasuna kritikoa da. Nekazaritzako biodibertsitatea babestea funtsezkoa da elikadura-burujabetzarako eta etorkizuneko laboreak hobetzeko.  Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, aldakortasun genetikoa galtzeak —landatutako barietateen % 75 inguru galdu dira azken mendean— arriskuan jartzen du elikagaien eskuragarritasuna izurrite eta gaixotasun berrien aurrean.

Ahultasun globaleko testuinguru honetan, NEIKERen germoplasma-bankua ezinbesteko instalazioa da. Ez da hazi-gordailu bat besterik gabe; aitzitik, ikertzeko eta gordetzeko zentro aktibo bat da, «gene-liburutegi» bat, Euskadiko eta Estatuko nekazaritza-ondare baliotsua ez galtzea bermatzen duena. Egiteko bikoitza du: kalte konponezina saihestea eta hobekuntza-programek etorkizuneko laborantzak garatzeko behar den lehengai genetikoa ematea.

 

Landaren memoria: biltzea eta erreskatatzea

NEIKERek gaur egun egiten duen lana Euskadiren landa-historian errotzen da. 1980ko hamarkadan, nekazaritza tradizionalaren gainbeherarekin bat, baliabide genetikoak kontserbatzeagatiko kezka indarra hartzen hasi zen. Gordetzen diren barietate asko organismo ofizialek jaso zituzten hasieran. Baserriz baserri joan ziren, eta nekazarien haziak berreskuratu zituzten ustiategietatik. Balio historiko eta kultural ikaragarria ematen dio jatorri horrek bankuari.

NEIKERek, hasiera batean beste izen bat zuenak, bere gain hartu zuen labore zaharrak, barietate autoktonoak eta nekazaritza-intereseko espezie basatiak bildu, katalogatu, deskribatu eta kontserbatzeko ardura. Kontserbazioa bi modutara egiten da: in situ, jatorrizko kokalekuan (baserrian) edo natura-ingurunean, eta ex situ, bankuaren instalazioetan (haziak, in vitro edo landare biziak). Biltzea ez da nahikoa. Formalki 1997an sortu zenetik, NEIKERen taldeak zorrotz egin du lan identifikatzen, ezaugarri genetikoak deskribatzen eta bikoiztasunak ezabatzen; hartara, sarrera bakoitza baliabide genetiko paregabe eta baliotsua da. Bildumak ez dira «museo» bat bakarrik; aitzitik, ikerketarako material bizia dira, bai eta hobekuntza genetikorako ere, adibidez, gaixotasunekiko erresistentziarekin lotutako ezaugarriak aurkitzeko. Ahalegin horri esker, nekazari, ikertzaile eta enpresen esku jar dezakegu materiala, eta horiek hura balia dezakete dela erresistentzia genetikoa bilatzeko dela benetako zaporeak berreskuratzeko eta, horrela, kontsumitzaileen eskari berriei erantzuteko.

 

Hiru kontserbazio-bideak

Germoplasma kontserbatzeko, protokolo espezializatuak bete behar dira; izan ere, landare guztiak ezin dira modu berean gorde. NEIKERen, zenbait mantentze-teknika baliatzen ditugu:

Hazi-bunkerra

Arto, babarrun, zereal eta beste labore batzuetarako, honako honetan datza teknika estandarra: haziak garbitu eta ahalik eta hezetasun gutxiena izan arte lehortu behar dira eta, ondoren, edukiontzi hermetikoetan gorde tenperatura baxuan (bilduma aktiboa 4 ºC-tan mantentzen da). Baratzeko espezieen kasuan, hala nola tomatea, piperra, zerba, letxuga, kalabaza eta porrua, haziak 4 ºC-tan edo -20 ºC-tan izoztuta gorde ohi dira, garbitu eta lehortu ondoren. Horrela, bideragarritasuna hamarkadatan luzatzen da eta aldizka landan birsortu besterik ez dira egin behar. Haziak hotzetan kontserbatzea gehien erabiltzen den ex situ metodoa da.

In vitro laborea: patataren salbuespena

Patata (Solanum tuberosum L.) erronka berezia da; izan ere, ugaltze begetatibo bidez ugaltzen da, haren tuberkulua azkar degeneratzen da eta ez da bideragarria hazi bidez ugaltzea. Hori horrela, NEIKERek in vitro hazkuntza baliatzen du. Landareak ehun esteril gisa mantentzen dira saio-hodietan, laborategian, eta mikrohedapen bidez mantentzen dira.

Metodo horrek ugaltze etengabe eta zorrotza eskatzen du eta materialaren osasuna bermatzen du. Dedikazio horri esker, NEIKER erreferentziazko patataren germoplasma-banku bakarra da Estatu mailan, eta erreferentziazko banku dibertsifikatuenetako bat Europan.

 

Museo bizia: landan kontserbatzea

Sagarrondoa eta beste fruta-arbola batzuk ezin dira hotz-ganberetan kontserbatu. Barietate horiek, bada, in situ bildumetan kontserbatzen dira, zuzenean landan landatuak. «Museo bizi» horretan, barietateen ezaugarriak natura-ingurunean beha daitezke eta landa-paisaiaren memoria genetikoa gorde daiteke.

 

Sareak eta nazioarteko elkarlana

NEIKERen germoplasma-bankuak ez du modu isolatuan lan egiten. Estatuko eta Europako elkarlan-sareetan sartuta dago eta, horri esker, material genetikoa eta informazioa truka dezake. Ezinbestekoa da hori. Estatu mailan, NEIKER Nekazaritza eta Elikadurako Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionalak (INIA-CSIC) koordinatzen duen Baliabide Fitogenetikoak Kontserbatu eta Erabiltzeko Espainiako Sarean dago. Europa mailan, Baliabide Fitogenetikoen Europako Programa Kooperatiboan dago (ECPGR) Herrialdeen arteko kooperazioko programa horren helburua da epe luzeko kontserbazioa bermatzea eta baliabide fitogenetikoak ahalik eta gehien erabiltzea erraztea Europan. Gehieneko segurtasun globalari dagokionez, haziak Svalbardeko munduko bankura bidaltzeko prozesua INIA-CSICen Baliabide Fitogenetikoen Zentro Nazionalak zentralizatzen du. Estatu mailako germoplasma-bilduma guztiak kudeatzen ditu hark.

 

Aberastasun paregabea: nortasun propioa duten bildumak

Bankuari bere bildumen berezitasunak ematen dio benetako balioa. NEIKERek materiala metatzen du, baina, horrez gain, balio genetiko eta kultural handiko barietate multzo bikaina dauka. Barietate horietako asko ezinbestekoak dira euskal gastronomiaren nortasunari eusteko eta nekazaritza-erresilientziarako.

Tuberkuluen arloan, bankua liderra da patataren arloan Estatu mailan, bai eta erreferentziazko zentroa ere. Bildumak 308 patata-barietate eta 78 espezie basatien sarrera ditu, guztiak Solanum generoarekin lotuak; hau da, gaixotasun berriekiko erresistentzia bilatzeko funts-funtsezko altxor genetikoa.

Euskal baratze-laboreei dagokienez, hazkuntza ezinbestekoa da tokiko sukaldaritza babesteko. 154 tokiko arto-barietate ditugu, bai eta 128 leka-baba barietate ere. Azken horien barruan, mota enblematikoenak ditugu, hala nola Arabako babarrun nabarra, Gernikako babarruna eta Tolosako babarruna. Bankua ezinbestekoa izan da Eusko Label zigilua duten produktuei lotutako barietate horiek eta hobekuntza-programak ezartzeko. Bilduma osatzeko, 90 tomate-barietate eta 42 piper- eta pipermin-barietate ditugu, horiek ere ezinbestekoak euskal baratzerako.

Zereal historikoen arloa ere ezinbestekoa da. NEIKERek Euskadiko bederatzi tokiko olo-barietate gordetzen ditu. Gainera, tokiko hamalau garagar-barietate eta 23 gari-barietate ditu; hots, elikadura-burujabetzarako eta eskualdeko nekazaritzarako ezinbesteko ondare genetikoa. Azkenik, fruta-arbolen arloan, bertako sagarrondoaren bildumari esker, tokiko hemeretzi barietateren ezaugarriak deskribatu ditugu eta horiek errekonozimendu ofiziala jaso dute. Bada, tokiko ekoizpenean erabiltzea bultzatu da, batik bat sagardoaren sektorean.

NEIKERek gordetzen duen altxor horrek iraganari begiratzen dio, baina ez hori bakarrik; gainera, elikaduraren etorkizunaren atea zabaltzeko giltza da, eta hobekuntzan dihardutenei behar dituzten tresnak ematen dizkie etengabe aldatzen ari den nekazaritza-munduari aurre egin diezaioten.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.