Albisteak

BERRIA

Zaintza epidemiologikoa Euskadiko eltxo inbaditzaileak detektatzeko

20 abuztua 2021

Zaintza epidemiologikoa Euskadiko eltxo inbaditzaileak detektatzeko

  • NEIKERek erakunde publikoekin batera lan egiten du, eltxo tigrearen eta antzeko espezie inbaditzaileen hedapena ebaluatzeko eta kontrolatzeko neurriak martxan jarri ahal izateko

Eltxo tigrea eta antzeko eltxo inbaditzaileak detektatzeko zaintza aktiboa itsas portuetako eta aireportuetako sarrera puntuetan zentratzen da, baita errepide sareetan ere, barreiatzeko bideak diren heinean.

Euskadin, NEIKERen, erakunde publikoekin batera, 2013. urteaz geroztik ari gara eltxo inbaditzaileak zaintzen. Zaintza programa bilakatu egin da urtetik urtera, laginak hartzeko udalerrien kopurua pixkana handituta, eta, ondorioz, 2021ean 10.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerri guztietan egingo dira laginketak, horietako batzuk lehen aldiz sartuko direlarik azterketan.

“Helburua da eltxo horiek hedatzeko aukera ebaluatzea, orain arte aztertu ez diren udalerrietan barne, hiri eremuetan zein hiri inguruetan laginketak eginez. Eltxo exotiko inbaditzaileak egotea baztertzeko edo baieztatzeko ingurune egokiak bilatzen ditugu, eta, emaitza baiezkoa bada, agintari eskudunei jakinarazi eta kontrol neurriak martxan jartzeko”, azaldu dute NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko Ana Garcia eta Jesus Barandika ikertzaileek.

Birusak transmititzen dituzten eltxoak

Zaintza programan sartutako eltxo inbaditzaileen espezieetako bat eltxo tigrea da (Aedes albopictus). Asiako hego ekialdetik datorren eltxo bat da, dengearen transmisioan garrantzi handia duena, eta Euskadin 2014an hauteman zen lehen aldiz Irunen (Gipuzkoa).

“Harrezkero, eta laginen ahalegina handitu den heinean, urtez urte hauteman da Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalerritan eta, noizean behin, Araban”, gaineratu du Ana Garciak.

Gainera, eltxo hori beste birosi batzuen transmisioarekin ere lotzen da, hala nola Chikungunya birusarekin edo zikarekin.

“Munduko eremu zabaletara hedatu da, batez ere arrautzen edo larben garraio pasiboaren bidez, merkantzien trafikoaren bidez (pneumatikoak…), eta klima epeletara ezin hobeto egokitu da. Bere arrautzek bizirik iraun dezakete, hainbat hilabetez egon daitezke bideragarri urik gabe, eta -4ºC-ko tenperaturak jasan ditzakete”, zehaztu du ikertzaileak.

Batez ere pertsonen odolaz elikatzen den eltxo mota horren etengabeko zaintzak informazioa eman die NEIKEReko ikertzaileei haien hazkuntzarako tokiei buruz.

“Eltxo tigrea ur bolumen txikietan hazten da; beraz, interes handikoa da ur puntuak kontrolatzea edo ezabatzea (bidoiak, pneumatikoak, ontziak, estoldak, etab.), bai leku publikoetan, bai jabetza pribatuetan, izan ere, azken horietan aurkitzen dira eltxo horiek ugaltzeko guneak”, ziurtatu du Jesus Barandikak.

Horrenbestez, kasu batzuetan, dengea, Chikungunya edo zika bezalako gaixotasun infekziosoak transmititu ditzaketen eltxo exotiko hori eta beste batzuk herritarrek beraiek atzematen dituzte, herritarren plataformen bidez, hala nola Mosquito alert plataformaren bidez.

Espezie exotiko berriak

Baina eltxo tigrea ez da NEIKERen zaintza programak kontrolatzen duen eltxo inbaditzaile bakarra. 2020an, Euskadiko hiru lurralde historikoetan beste eltxo exotiko inbaditzaileen espezie bat hauteman zen, hori ere Asiako herrialdeetatik etorritakoa.

“Zuhaixken eltxo asiarra” (Aedes japonicus) izenaz ezagutzen da, eta Asturiasen baieztatu zen lehen aldiz, Mosquito Alert herritarren plataformaren bidez, 2018an. 2019an Kantabrian detektatu zuen. Eltxoa tigreak bezala, Aedes japonicusek ere inbaditzeko gaitasun handia du, eta ondo egokitzen da nitxo ekologiko desberdinetan eta, dirudienez, klima hotzagoko eremuetan.

“Naturan, zuhaitz zuloetan ugaltzen da, baita ur metaketa txikiak atxikitzen dituen beste edozein zulotan ere, baina edukiontzi artifizialak ere erabiltzen ditu, batez ere pneumatiko erabiliak eta edukiontzi handiagoak, hala nola abereen edalekuak”, azaldu du Jesus Barandikak.

Hala ere, eltxo espezie hori ez da arrisku handikotzat jotzen agente patogenoen bektore gisa, eta noizean behin elikatzen da pertsonen odolaz, batez ere landaretza ugariko eremuetan edo basoetan.

“Laborategiko ikerketa batzuek frogatu dute birus batzuen transmisore ona izan daitekeela, hala nola Mendebaldeko Niloko birusarena, baina orain arte ez da egiaztatu gizakietara birosirik naturalki transmititzen den kasurik”, ondorioztatu du Ana Garciak.

Eltxo inbaditzaileak zaintzeko programa Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak koordinatzen du, eta, Osasun Publikoaz gain, euskal udalerri nagusiek eta NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuak parte hartzen dute, Espainiako Gobernuko Osasun Publiko, Kalitate eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiaren “Gaixotasun infekzioso exotikoen aireportu eta portuetako bektore inportatuei zein gaixotasun horien bektore autoktonoei buruzko Zaintza Epidemiologiko”-rako programaren kofinantzaketarekin.