BERRIA
Teknologia aurreratua nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako sektore efiziente baterako
30 maiatza 2025
- NEIKER erakundean duela bost urtez gerotik hona daramagu lanean AGRITECH proiektuan, nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan trantsizio teknologikoa bultzatzeko
Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren sektorearen erronka nagusietako bat elikagaien ekoizpena eta ingurunearen kontserbazioa bateragarri egitea da. Oreka hori lortzeko, produktibitatearen eta jasangarritasunaren arteko egonkortasun konstanteari eutsi behar zaio, klima-aldaketak, merkatuaren presioak eta baliabideen mugak markatutako testuinguru zorrotz batean.
NEIKER erakundean duela bost urtez geroztik hona daramagu lanean AGRITECH proiektuan, euskal nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaren sektorearen trantsizio teknologikoa bultzatzeko ekimen estrategikoan, hain justu. Hainbat lan-ildoren bidez, soluzio berritzaileak garatu nahi dira, efizientzia handitzeko ez ezik, ingurumen-inpaktua murrizteko eta sektorearen bizi-kalitatea hobetzeko ere bai.
Nekazaritza zehatz eta efizienteagoa
Nekazaritza-alorrean, zehaztasunezko nekazaritzan dago arretagune nagusietako bat. Adimen artifizialaren eta satelite-irudien laguntzarekin, algoritmo bat diseinatu dugu, laboreen errendimenduari eta ongarritze-premiei buruzko mapa zehatzak sortzea ahalbidetzen duena. Erreminta horrek inputen kudeaketa efizienteagoa eta lokalizatuagoa errazten du.
«Soluzio horri esker, laborantza-eremu bakoitzerako beharrezkoa den ongarri-dosia aplika dezakegu, ongarrien eta fitosanitarioen erabilera optimizatzeko eta, horrenbestez, kostuak eta ingurumen-inpaktua murrizteko», nabarmendu du zentro teknologikoko zuzendari zientifiko Carlos Garbisuk.
Lan-ildo horrez gainera, ureztatzeko ura kudeatzeko soluzioen garapena nabarmendu behar da. Labore motaren arabera behar den ureztatze-dosia eta aspertsio bidez ureztatu ondoren urak lurrean ematen duen denbora kalkulatzeko gai diren aplikazioak sortu ditugu, metaketa kaltegarririk ez dadin jazo. Gainera, ebapotranspirazioa –hots, lurruntze eta transpirazio bidez laboreek galtzen duten ur kantitatea– kalkulatzen duen algoritmo batean lanean ari gara; horri esker, ureztatze-dosiak benetako ur-kontsumoa egokitu eta gehiegikeriak saihestu daitezke.
Bestalde, estaldura azpian ekoizteko modu berriak ere arakatzen ditugu. Albakaren hazkuntza bertikaleko modulu batean, metodo konbentzionalen bidez lortutako ekoizpenak baino zazpi-hamar aldiz handiagoak lortu ditugu, ur-kontsumoa % 90 baino gehiago murriztuz eta fitosanitariorik erabili gabe. Aldi berean, halako sistemen energia-kontsumoa aztertzen dugu, bai eta berotegietako argia, hezetasuna eta tenperatura kontrolatzeko hainbat estrategia ere, Gernikako piperraren laborantzan saiakuntza zehatzak eginez.
Abeltzaintza-maneiua digitalizatzea
Abeltzaintzari dagokionez, artzaintzaren kudeaketa erraztea eta ekoizleen bizi-kalitatea hobetzea da helburu nagusia. Horretarako, lepoko elektronikoen erabilera baliozkotu dugu; bazka-eremuan muga birtualak ezartzea ahalbidetzen dute lepokoek eta, honenbestez, ez da hesi fisikorik behar.
«Teknologia hori lagungarria da animalien eta bazkalekuen desplazamenduak modu efektibo eta malguan antolatzeko eta, beraz, abereak kontrolatzeko behar den ahalegina murrizten du», azaldu du ikertzaileak.
Gainera, partzela bakoitzean bazkalekuak duen bilakaera simulatzeko eredu digital bat ere garatu dugu zentroan, eta hori lagungarria da bazkalekuaren erabilera planifikatzeko eta gehiegizko ustiapena saihesteko. Halaber, behien eguneroko jarduera monitorizatzeko sentsoreak probatzen ari gara (jaten, hausnartzen edo atseden hartzen ote duten ikusteko), aire zabalean bazkatu dutela ziurtatzeko datu erabilgarriak lortze aldera, «artzaintza-esnea» eta halako zigiluetarako ezinbestekoak izanik datuok.
Monitorizazio-ikuspegi horren barruan, esnetarako behien haztegietan ere lanean ari gara, ingurumen-parametroak denbora errealean biltzeko, hala nola CO2– eta amoniako-emisioak. Datu horiek aurreikuspen-algoritmoetan integratzen dira, eta horiei esker, baserriaren ekoizpen-efizientzia eta ingurumen-inpaktua ebalua ditzakegu.
Baso babestuagoak
Azkenik, basoen eremuan, irudi hiperespektralak erabiltzen ditugu, zuhaitzen balizko gaixotasunak goiz detektatzeko, ageriko sintomak agertu aurretik aldaketa fisiologikoak analizatuta, hain justu ere.
Era berean, erreminta digitalak lantzen ditugu, zuraren trazabilitatea bermatzeko, basotik azken helmugaraino. Horrela, erasanen detekzio goiztiarra eta baso-balioaren kate osoaren jarraipen zorrotzagoa konbinatzen ditugu.