Albisteak

BERRIA

Stanfordeko Unibertsitateak NEIKEReko hiru ikertzaile sartu ditu munduko zientzialari entzutetsuenen artean

27 urria 2021

Stanfordeko Unibertsitateak NEIKEReko hiru ikertzaile sartu ditu munduko zientzialari entzutetsuenen artean

  • Carlos Garbisu ingurumen mikrobiologiako espezialista eta Ramon Juste eta Ana Hurtado animalia osasuneko adituak “Ranking of the World Scientists: World´s Most Influential (Top 2%) Scientists” zerrendan sartu dira, zeina berriki eguneratu baitu iparramerikar unibertsitateak
  • NEIKERen bikaintasun zientifikoa islatzen duen aitortza bereziki da meritu handikoa, zerrendan dauden beste erakunde batzuekin alderatuta, zentroa osatzen duten ikertzaileen kopuru txikia da eta

Bigarren urtez harrian, Carlos Garbisu doktorea, NEIKEReko egungo zuzendari zientifikoa, eta Ramon Juste doktorea, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea, Stanfordeko Unibertsitateak (Kalifornia) lantzen duen “World´s Most Influential (Top 2%) Scientists” ranking entzutetsuan sartu dira.  Gainera, oraingo edizioan Ana Hurtado doktorea ere agertzen da, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzailea.

Munduko ikertzailerik aipatuenak daude zerrenda horretan, eta hori oso errekonozimendu handia da zerrenda osatzen dutenentzat. Izan ere, une honetan, rankinga erreferentzia zientifikorik entzutetsuena da nazioartean, zientzialariek egindako lanaren eragina ezagutzeko.

Aitortzak, beraz, NEIKERen bikaintasun zientifikoa erakusten du, bereziki meritu handikoa NEIKEReko ikertzaile kopuru txikia kontuan hartuta, Stanfordeko rankingean sartzen diren beste zentro askorekin alderatuta, eta kontuan hartuta NEIKERek bere ikerketa lana lehen sektorearen zerbitzura eta transferentziara zuzentzen duela, horren balio erantsia gehitzeko eta lehiakortasuna hobetzeko.

Ibilbide profesionala

Garbisu doktoreak, NEIKEReko egungo zuzendari zientifikoak, aurrerapen handiak egin ditu lurzoruan bizi diren mikroorganismoen ezagutzan, batez ere erreparatuz nekazaritza lurrei eta kutsatutako lurrei, eta aitzindari da Euskal Autonomia Erkidegoan Lurzoruko Mikrobio Ekologiaren garapenean. Gainera, ezagutza teoriko eta praktiko garrantzitsuak eman ditu lurzoru degradatuak berreskuratzearen arloan. Gaur egun, bere ikerketaren zati handi bat ingurumenean antibiotikoekiko erresistentzien agerraldian eta barreiatzean oinarritzen da.

Horrez gain, Ramon Juste doktoreak, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzaileak, animalien osasunaren inguruan garatu du bere jarduera zientifikoa. Bere ekarpen zientifiko nagusiak mikobakteriosien azterketan zentratzen dira, eta paratuberkulosia kontrolatzeko eraginkortasun epidemiologiko eta ekonomikoaren lehen eredu matematikoa garatu du eta txertaketaren babes espezifikoa eta ez-espezifikoa frogatu du. Gaur egun, xede nagusia ildo horri jarraitzea da, hanturazko gaixotasun motelen sortzetiko immunitate mekanismo komuna argitzeko eta immunoterapia aktiboaren bidezko kontrolean aplikatzeko.

Azkenik, NEIKEReko Animalia Osasuneko Departamentuko ikertzaile Ana Hurtado doktorearen lan ildoa izan da metodoak garatzea eta hobetzea animalien osasunean garrantzia duten agente infekzioso zoonotikoak diagnostikatzeko eta karakterizatzeko, bereziki elikagaien bidez transmititzen diren patogenoen arloan. Duela gutxi, abeltzaintzan antibiotikoak zentzuz erabiltzeko lan ildoa gidatzen du, bere ikerketak animalia jatorriko bakterio erresistenteen zaintza epidemiologikoan eta haien erresistentzia mekanismoen karakterizazioan oinarrituta. Gaur egun, elikagai osasungarri eta seguruak lortzeko ekoizpen primarioak jokatzen duen rola eta abeltzaintzak mikrobioen aurkako erresistentzietan duen eragina aztertzen ari da.