Albisteak

BERRIA

SOLYPIRek Pirinioetako lurzoruen babesean aurrerako urratsa egin du, Huescan izandako jardunaldi tekniko baten bidez

15 uztaila 2025

 

  • NEIKERek Europako egitasmo horretan parte hartzen du. Egitasmoaren helburua da Pirinioetako lurzoruen ezagutza eta kudeaketa jasangarria hobetzea, oso kalteberak baitira klima-aldaketarekiko.

 

Lurzoru menditarrak ekosistema hauskorrak dira, eta klima-aldaketaren ondorioekiko oso sentiberak. Pirinioetan, tenperaturen igoera, elur geruzaren txikitzea eta aisia-erabilera batzuen presioa direla kausa, bizkortzen ari dira higadura, trinkotzea eta karbono-galera. Inpaktu horien ondorioz, lurzoruaren osasuna txartzen da, eta ezinbesteko funtzioak arriskuak jartzen dira, esaterako, ura kudeatzea edo biodibertsitateari eustea.

Arazo horri aurre egiteko, NEIKERek Europako SOLPYR proiektuan parte hartzen du. Proiektu horren helburua da lurzoru menditarren gaineko ezagutza hobetzea, kalteberatasun nagusiak identifikatzea eta kontserbazioa sustatzea, tresna tekniko, material hezitzaile eta Pirinioetako eskualdeen estrategia komunaren bitartez.

Hala, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean jardunaldi tekniko bat egin zen Huescan, “Pirinioetako lurzoru erresilienteak” izenarekin, landa-lanak eta parte-hartze bidezko tailerrak egiteko.

 

Lurzoruen azterketa eta kartografiak

Bi egun horietan, parte hartu zuten taldeek Aragoiko Pirinioetako hainbat inguru bisitatu zituzten, lurzoru mota desberdinak eta narriatze-prozesuak bertatik bertara behatzeko. Sobrarben, morrenen gainean eratuko lurzoruak behatu zituzten, alegia, glaziar zaharrek utzitako jalkin metaketen gaineko lurzoruak, baita turbiditen gainean eratutako lurzoruak ere, alegia, duela milioika urte gertatutako urpeko luiziek eratutako jalkin geruzak. Jaca inguruetan, aldiz, tuparrien gaineko eremu higatuak aztertu zituzten. Arroka sedimentario hori oso kaltebera da uraren ekintzarekiko.

Irteera horiei esker, lurzoru-profil zenbaiten gaineko ikuspegi desberdinak ezagutu ahal izan genituen, eta lurzoru menditarren higadura-fenomenoak identifikatu, zeinak ziur aski biziagotu egingo baitira klima-aldaketa dela medio”, azaldu du Ainara Artetxe NEIKEReko ikerlariak.

Bertatik bertara pilatuta informazioan oinarrituta, tailer tekniko bat egin zuten Jakan, Pirinioetako Ekologia Institutuak eta Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiak partekatzen duten egoitzan. Elkarlanean aritu ziren parte-hartzaileak, behaketan bildutako informazioa proiekturako tresna erabilgarri bihurtzeko. Hain zuzen, behatutako lurzoruak unitate kartografikoetan irudikatu ziren, hots, ezaugarri komunak zituzten lurzoruak multzokatuta.

Horrela, proiektuko bazkideek metodologia desberdinak aztertu zituzten, eta helburu nagusietako bat betetzeko bidean aurrera egin zuten, alegia, Pirinioetako lurzoruen mapa komun bat sortzea, etorkizuneko babes-ekintzak eta kudeaketa jasangarria mapa horretan oinarritu daitezen.

 

Sentsibilizazioa eta herritar zientzia, lurzoruekin eta lurzoruon narriatze-arriskuekin konektatzeko

Aldi berean, Réseau Éducation Pyrénées Vivantes sareak gidatutako kosorkuntzako tailer bat egin zen, lurzoruari buruzko ezagutza askotariko publikoei helarazteko proposamenak aztertzeko. Datozen hilabeteetan abiaraziko diren hezkuntza- eta sentsibilizazio-ekimenen mezu gakoak eta lehentasunezko hartzaileak ahalik eta adostasun handienaz zehaztea zuen xede.

Zenbait ekimen nabarmendu ziren, hala nola hauek: partxisaren tankerako mahai-joko bat, lurzoruei buruzko ezagutzak ongi pasatuz eskuratzeko; metalezko zilindro txiki batzuk sortu eta banatzea, mendizaleek narriatze-prozesuen mende dauden lurzoruen laginak hartu ahal izateko —laborategian aztertuko dira gero—; eta lurzoru mota desberdinak zeharkatzen dituzten mendi-bideak. “Euskadin, ibilbide edafiko bat ari gara prestatzen Aizkorri-Aratz Natura Parkean”, adierazi du ikertzaileak.

 

SOLPYR

ICGCk (Kataluniako Kartografia eta Geologia Institutua), NEIKERek eta Pirinioetako eskualdeen ordezkari diren bazkide hauek ere parte hartzen dute: DRYMA (Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua), FMC (Marcel Chevalier fundazio pribatua), FORESPIR (GEIE FORESPIR), GET-UT3 (Géosciences Environnement Toulouse-Université Toulouse III Paul Sabatier), IPE-CSIC (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Pirinioetako Ekologia Institutua), Pirinioetako Lan Elkarteko Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

SOLPYR proiektuaren aurrekontua, guztira, 1.795.513 eurokoa da. Europar Batasunak % 65a finantzatu du, 2021-2027 aldirako Interreg POCTEFA programaren bidez. Programa horren helburua da Andorra, Espainia eta Frantzia herrialdeen arteko mugaldean integrazio ekonomikoa eta soziala sendotzea da.

SOLPYR martxan jartzeak bide emango du ezagutzak transferitzeko eta jarduerak EBren Lurzoruaren babeserako Estrategia 2030ekin bateratzeko.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.