Albisteak

Ozonoa, laboreak desinfektatzeko alternatiba iraunkorra

  • Ozonoa materialak desinfektatzeko eta ureztatzeko uretan erabiltzeak murriztu egiten ditu sortutako hondakinak eta saihestu egiten du pestizidak erabiltzea
  • Gas hau nekazaritza sektoreko gaixotasunak kontrolatzeko eta garbitzeko lanetan aplikatzeko metodologiarik onena zein den ebaluatzen ari gara NEIKERen

Ozonoa arnasten dugun oxigenoaren parte da, eta bere propietateak direla eta, berau ekoizteko erabiltzen den teknologiaren arabera, gero eta gehiago erabiltzen ari da, besteak beste, nekazaritzaren sektorean, negutegiko laboreak desinfektatzeko.

Hala ere, bere eragin biozida arriskutsua izan daiteke laboreentzako kaltegarriak diren mikroorganismoentzat ez ezik, baita landareentzat onuragarriak diren horientzat ere. Horregatik, gaur egun Europan oso kontrolatuta dago ozonoaren erabilera: landareetan izurriteak eta gaixotasunak kontrolatzeko fitosanitario gisa erabiltzea esperimentazio fasean dago oraindik, eta agintari nagusiek mugatuta.

NEIKERen esperientzia dugu gas horren ikerketan; hori dela eta, ozonoa aplikatzeko metodologiarik egokiena zein den ebaluatzen ari gara, ez bakarrik desinfektatze lanetarako, baizik eta baita izurriak edo gaixotasunak kontrolatzeko ere.

“Nekazaritzan ozonoari buruz hitz egiten dugunean, ezin dugu orokortu. Izan ere, gas horren metodologia edo ekoizpen sistema bakoitzak ezaugarri desberdinak ditu eta ozono kontzentrazio desberdina sortzen du. Gainera, metodologia horiek, ozonoaz gain, oxigenoaren beste forma erreaktibo batzuk ere sortzen dituzte (ROS). Beraz, metodologiaren eraginkortasunaz hitz egin behar da beti, ez ozonoaz beraz”, azaldu du Amaia Ortizek, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeseko Departamentuko arduradunak.

Orain, nekazaritza prozesuetan, ozonoa honako hauetarako erabiltzen da, besteak beste: uzta bildu osteko prozesatze makinak desinfektatzeko eta landareak zein biltegiak garbitzeko uretan. “Ozonoa ekoizteko metodologia asko onartuta eta baimenduta daude nekazaritza ekologikoan, ureztatzeko ekipoak, materialak eta ekipamendua garbitu eta desinfektatzeko”, gaineratu du Amaia

Ortizek zehaztu du gastu handia dakarrela ozonoa aire zabalean aplikatzeak (hektarea bakoitzeko 1.000 €), eta horrek zaildu egiten duela ozonoa laborantza estentsiboan erabiltzea.

Gainera, nekazaritzako eta ureztatzeko materialak ozono bidez desinfektatzeak onura handiak izan ditzake; adibidez, hondakinak murriztea eta pestizidak ez erabiltzeko aukera izatea, eta horrek nekazaritza iraunkorrago bat sortzen du.

 

Izurrien eta gaixotasunen kontrola

Materialak eta ureztatzeko ura desinfektatzeko eraginkortasuna aztertzeaz gain, nekazaritzan izurriak eta gaixotasunak kontrolatzeko eta desagerrarazteko sortutako ozonoa ebaluatzen eta aztertzen dugu, Kantauri itsasoko ertzak ematen dituen ingurumen baldintzak aprobetxatuz. Izan ere, urtearen zati handi batean dauden baldintza fresko eta hezeek onddo patogenoen garapena eta gaixotasunen agerpena errazten dute.

“Probak egin ditugu, fase esperimentalean, hainbat laboretako 12 hektareatan, bai aire zabalean, bai negutegian, ebaluatzeko zein den metodologiarik onena ozonoa gaixotasunen kontrolean aplikatzeko. Baina oraindik ez dugu ozonoak zeregin horietan dituen onurei buruzko datu erabakigarririk”, gaineratu du Amaia Ortizek.

Adituak ondorioztatu duenez, fitosanitario konbentzionalen erabilera murriztuko lukeen edozein produktu, teknologia edo metodologia aurrerapen handia izango litzateke labore horien iraunkortasunerako.