Albisteak

BERRIA

Óscar Del Hierro: “Bizi-zikloaren azterketak produktu baten biografia berreraikitzen du ingurumenean zer eragin duen ezagutzeko”

6 ekaina 2025

 

 

Ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-modeloak garatzea da nekazaritzako elikagaien sektorearen erronka handietako bat. Lortuko bada, funtsezkoa da tresnak edukitzea haien eraginak identifikatu eta hobekuntzak proposatu ahal izateko. Bizi-zikloaren azterketa (BZA) metodologia nabarmena bilakatu da ildo horretan aurrera egiteko. Óscar Del Hierrok (ikertzailea) azaldu du zer eginkizun betetzen duen NEIKERek bultzatutako proiektu ugaritan.

 

Hasteko, nola definituko zenuke bizi-zikloaren azterketa (BZA)?

Bizi-zikloaren azterketa (BZA) da, hain zuzen, produktu baten historia osoari begiratzea, sortzen denetik erabiltzeari utzi arte. Hau da, produktua egiteko baliabideak atera edo erabiltzea; berau nola ekoizten den;, nola erabiltzen den, eta nola baztertzen den. Balio du ezagut dezagun produktuak ingurumenean zer eragin duen etapa bakoitzean. Esango dugu produktuaren «biografia» berreraikitzea bezalakoa dela: aztertzea zer baliabide erabili dituen; zenbateko energia kontsumitu duen, eta bere bizitza osoan zer emisio sortu dituen.

Zergatik da garrantzitsua tresna hau nekazaritzako elikagaien ikerketaren eta berrikuntzaren eremuan?

Erabakiak irizpide hobeaz hartzea ahalbidetzen digulako. BZAri esker, identifikatzen dugu nekazaritza eta abeltzaintzako zer jardunbidek kutsatzen duten gehien, ur eta energia gehien zeinek kontsumitzen duten, eta hobetzeko aukera non dagoen. Oso tresna baliagarria da estrategia eraginkorrak ezartzeko. Elikagaiak era jasangarriagoak ekoitzi nahi baditugu, lehenik jakin behar dugu prozesuaren zer alderdik du hobetzeko tarterik. Eta horretarako, BZA funtsezkoa da.

Bizi-zikloaren azterketa osoan, zer eragin mota ebaluatu ohi dira?

Ohikoenak honako hauek dira: berotegi-efektuko gasen emisioak —klima-aldaketa eragiten dute—; ur-kontsumoa —zehazten du zenbateko ura eta prozesuaren zer alderditan erabili den—, eta energiaren erabilera, bereziki iturri ez-berriztagarrietatik badator. Aztertzen da, orobat, lurzoruaren eta uraren kutsadura —ongarriak eta pestizidak erabiltzearen ondorioz—, eta hondakinen sorrera (solidoak nahiz likidoak). Laburbilduz, kontua da ebaluatzea ekoizten eta kontsumitzen dugun moduagatik planetan eragin txarra duen guztia.

Eragin guztiak ebaluatzeko, nola egituratzen da BZAren azterketa?

Prozesua zenbait fasetan egituratzen da. Lehenik, helburua zehaztu behar da: jakin zer aztertu nahi dugun eta zer asmorekin. Adibidez, tomate kilo bat ekoizteak zer eragin duen ingurumenean. Bigarren urratsa datuen inbentarioa biltzea da: bertan jasoko dugu informazio guztia; erabilitako materialei, energiari eta baliabideei buruz, bai eta sortzen diren hondakin eta emisioei buruz ere. Ondoren, eraginak ebaluatzea dator; hots, datuok ingurumen-eragin zehatz bihurtzea (adibidez, emisioak eta ur-kontsumoa). Eta azkenik, interpretatzea: fase honetan emaitzak aztertuko ditugu, eta ondorio baliagarriak aterako ditugu erabaki jasangarriagoak hartzeko.

Prozesu orokorra ulertuta, nola ezarri da NEIKERen metodologia?

NEIKEReko ohiko lan-ikuspegiaren barruan dago BZA, eta gure proiektu askotan ageri da. Haien artean, LIFE deialdiak diruz lagundutako batzuk nabarmentzen dira: CarbonFarming, GreenSheep eta Crops4LIFE. Haietako bakoitzak sektore baten jasangarritasuna ebaluatzea du ardatz: haragitako behi-azienda, ardi-azienda (esne nahiz haragitakoa) eta baratze-sektorea, hurrenez hurren. Horiek horrela, garrantzitsua da adieraztea, halaber, lankidetza estua finkatu dugula Haragi Ekoizleen Elkartearekin (ASOPROVAC) eta PROVACUNO behi-aziendaren okelaren lanbide arteko erakundearekin.

Zer eginkizun betetzen du BZAk ikerketa-proiektuen barruan erabakiak hartzean?

BZAk oinarri sendoa ematen digu datuetan oinarritutako erabakiak hartzeko. Teknika berri bat, produktu bat edo elikagaiak ekoizteko era desberdin bat ikertzen dugunean, tresnak ahalbidetzen du aukerak alderatzea, eta ikustea ingurumenean zeinek duen eragin txikien. Esate baterako, bi ongarri mota probatzen ari bazara, BZAk erakutsiko dizu gutxien zeinek kutsatzen duen. Ontzi berri bat garatzen ari bazara, lagunduko dizu ikusten baliabide gutxien zeinek xahutzen duen eta hondakin gutxien zeinek sortzen duen.

Era horretan, erabakiak ez dira intuizio bidez bakarrik hartzen, baizik eta produktuaren bizi-ziklo guztiaren azterketa oso baten bidez. Laburbilduz: BZAk iparrorratzarena egiten du, ikerketak irtenbide jasangarrienetarantz orientatzeko.

Analisiok egiteko, zer tresna eta software erabiltzen dira NEIKERen?

Proiektuaren helburua zein den, NEIKERen bi ikuspegi erabiltzen ditugu. Zenbaitetan, tresna estandarretara jotzen dugu, hala nola SimaPro software komertzialera, zeina nazioartean oso zabalduta dagoen. Baina beste proiektu batzuetan gure tresna espezifikoak garatzea erabaki dugu, EAEko nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen jasangarritasuna kalkulatzeko pentsatuak.

Haien artean daude, adibidez, BehiCarbon, ArdiCarbon eta BovidCO2. Tresnok diseinatuta daude, hurrenez hurren, esne-behien, ardi-aziendaren eta haragitako behi-aziendaren sektoreetarako. Azkena erregistratzeko bidean dago egun, jabetza ASOPROVAC elkartearekin partekatuta. Tresnok aukera ematen digu tokiko errealitateari gehiago egokitzen zaizkion analisiak egiteko, eta sektoreak berak erabil ditzan errazteko.

Zer eginkizun betetzen du NEIKERek BZA nekazaritzako elikagaien sektorean sustatzean?

NEIKERen eginkizun nabarmena betetzen dugu BZA sustatzean. Batetik, behar den zientzia-ezagutza sortzen dugu nekazaritzako elikagaien sektorean berau are gehiago garatu, estandarizatu eta aplika dadin. Baina, gainera, ikerketen bitartez, metodologiak hobetzen ditugu, datu-base fidagarriak sortzen ditugu, eta berariazko tresnak diseinatzen ditugu nekazaritzako elikagaien ingurumen-eraginak zorrotz ebaluatzeko.

Arloan gaitutako profesionalen prestakuntza ere sustatzen dugu, eta elkarlanean aritzen gara enpresekin, administrazio publikoekin eta bestelako eragileekin BZA erabakiak hartzeko prozesuaren zati izan dadin. Azken batean, laguntzen dugu ikuspegia sektorean txertatzen, eta ekonomia jasangarriagoa eta informatuagoa sustatzen.

Baliabideokin, nola lagundu du BZAk nekazaritzako elikagaien sektorean ingurumen-eragina murrizten?

BZA nolabaiteko lupa bat izan da argi ikusteko elikagaien prozesuaren zer zatik sortzen duen ingurumen-eragin gehien. Hari esker, nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen diren pertsona askok, baita enpresek eta ikerketa-zentroek ere, erabaki hobeak hartu ahal izan dituzte: ongarri kimiko gutxiago erabiltzea, ura aurreztea, energia-kontsumoa murriztea eta ontzi jasangarriagoak hautatzea.

Adibidez, ikusi da ustiategiak kudeatzean hobekuntza jakin batzuk ezarriz gero —hau da, abereen elikadura doitzea, ongarri-dosiak optimizatzea eta ureztatzeko teknika eraginkorragoak sartzea—, balitekeela horrek oso eragin adierazgarria izatea ingurumen-aztarnan. Horrek guztiak aukera eman du ingurumena gehiago zaintzen duten ekoizpen-moduetan aurrera egiteko, horrek produktibitatea galtzea ekarri gabe.

Eta etorkizunari begira jarrita, BZAren zer joera aztertzen ari da NEIKER?

Nekazaritzako elikagaien sektorean, BZAren etorkizuneko joerak zenbait bidetatik doaz. Batetik, eredu dinamikoagoak lantzen ari gara, denboran zehar izaten diren aldaketak kontuan hartzeko aukera ematen dutenak —adibidez, laboreak haztea eta klimaren aldakortasuna—, kondizio finkoak hartu ordez.

Horrez gain, BZA espezializatua ere garatzen ari gara; hala, datu geografikoak hartzen ditu barne (informazio geografikoko sistemak, kasurako), tokian-tokian eraginei dagokienez —hala nola uraren erabilera eta emisioak— dauden aldeak hobeto islatzeko.

Beste ildo garrantzitsu bat da BZA irizpide anitzeko ebaluazioetan txertatzea; halakoek ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren alderdiak konbinatzen dituzte, adibidez, bizi sozialaren zikloaren analisiaren (S-LCA) eta kostuen analisiaren bidez.

Gainera, ingurumen-aztarna espezifikoak bultzatzen ari gara —adibidez, uraren, karbonoaren eta biodibertsitatearen aztarna—, zeinek BZAren logika erabiltzen baitute eragin zehatzetan oinarritzeko.

Azkenik, digitalizazioa da kontuan izan beharreko beste joera bat. Big data, sentsoreak eta blockchain erabiltzeak ahalbidetzen du landa-datuak denbora errealean biltzea eta bizi-zikloaren inbentario (BZI) askoz zehatzagoak eta eguneratuagoak eraikitzea.

Bukatzeko, funtsezko zer mezu helarazi behar da BZAk nekazaritzako elikagaien ikerketan duen garrantziaren gainean?

Elikagaiak era jasangarriagoan ekoitzi nahi baditugu, lehenik jakin behar dugu eragin nagusiak non dauden. BZAk ikuspegi osoa ematen digu: ahalbidetzen digu produktuen ibilbide osoa ikustea, landatik platereraino, eta antzematea prozesuaren zer zati hobetu ditzakegun. Finean, mapa bat edukitzea bezalakoa da, eta mapak gidatzen gaitu nekazaritza-modu efiziente eta kontziente baterantz, planeta gehiago errespetatzen duen nekazaritza baterantz.

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.