BERRIA
Nitrogenoarekin ongarritzea, doitasunezko alternatiba labore efizienteagoak lortzeko
14 ekaina 2022Nitrogenoarekin ongarritzea, doitasunezko alternatiba labore efizienteagoak lortzeko
- NEIKER zentro teknologikoa doitasunezko ongarritze teknikak lantzen ari da, nekazaritzako ekoizpenaren efizientzia hobetzeko
- Doitasunezko ongarritze nitrogenatuak eskaintzen dituen onuren artean daude errentagarritasun ekonomikoa, produktuen laborantzari dagokionez, eta ongarritzeak ingurumenean eragiten duen inpaktua murriztea
- Ongarri nitrogenatuen erabilera %19 murriztea lortu dugu, horren aplikazioa laborearen beharretara egokituz, ongarri dosi aldagarriaren teknikaren bidez
- NEIKERen hainbat lan ildo garatzen ari gara 4.0 nekazaritzarekin nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreak behar duen jauzi kualitatiboa ematen laguntzeko
Lursailak homogeneoak ez badira eta, lurzoruaren propietateen eta baldintza klimatikoen arabera, laborearen jokaera batetik bestera aldatzen bada, zergatik ez eman lursail bakoitzari behar duena, modu uniformean egin beharrean, tradizionalki egin den bezala? Nekazaritzako berrikuntzak, teknologia berriak aplikatzeak eta tresna digitalak sartzeak nekazariei laguntzen die beren laboreen ustiapenean, baita planetak aurre egin beharreko klima aldaketa arintzen ere. Horri doitasunezko nekazaritza esaten zaio, eta gaur egun arte eabiltzen ari ginen nekazaritzaren paradigma aldatzen ari da. Horregatik, NEIKERen hainbat lan ildo garatzen ari gara 4.0 nekazaritzarekin nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreak behar duen jauzi kualitatiboa ematen laguntzeko, jakitun baikaude azken urteetan teknologiak aurrera egin duela eta, zuzen erabiliz gero, oso mesedegarria izan daitekeela sektorearentzat.
Testuinguru horretan, NEIKERen doitasunezko nekazaritzaren arloko zenbait teknologiarekin lan egiten dugu. Kontzeptu horren oinarrian dago hainbat datu jaso, prozesatu eta analizatzea, erabakiak hobeto hartzeko eta, horrela, laboreen jasangarritasuna handitzen laguntzeko. Zehazki, doitasunezko ongarriari dagokionez, nutrienteak mapetan oinarritutako ongarritzearen bidez eman nahi dira. Mapa horiek hainbat sentsoreren bidez (droneak, sateliteak…) lortutako lursailetako informazioari eta nekazarien eta teknikari aholkularien ezagutzari esker osatzen dira. Horrela, eremu bakoitzaren premia zehatzak kontuan hartzen dira, ongarritze efizienteagoa lortzeko.
Ongarritze nitrogenatu arrazional bat lortzea da zentro teknologikoa lantzen ari den ildo estrategikoetako bat. Lan eremu horren barruan, hainbat faktore hartu behar dira kontuan ongarritzea optimizatu ahal izateko. Adibidez, kontuan izan behar da nitrogenoa dela gari, garagar edo patata laboreak lurretik gehien ateratzen dituen mantenugaietako bat. Hala, nahiz eta labore bakoitzean errendimendu optimoa lortzeko elementu kimiko horren kantitatea desberdina izan, funtsezkoa da nitrogeno gehigarria ematea, kanpoko ongarri gisa, nekazaritzako ustiategiak errentagarriak izan daitezen.
Berrikuntza ongarritzean
Ongarritze mota horren onurak hainbat dira, bai nekazarien ikuspegitik, bai ingurumenaren ikuspegitik. Teknika horri esker, laboreen premietara egokitutako nitrogeno kantitatea aplika daiteke, errentagarritasuna handitzeko eta nutrienteen galera murrizteko, eta, horrela, gehiegizko ongarritze batek eragindako ingurumen arazoak saihesteko.
NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeserako departamentuan doitasunezko nekazaritzaren teknika berriak ikertzen ari gara, laboreen ekoizpenaren predikzioa hobetzeko.
Horrelako tekniketan, ezinbestekoa da laboreei eragiten dieten faktoreak ezagutzea eta aztertzea, hala nola landatuko den lurzoruaren ezaugarriak, hori erabakigarria baita laborearen hazkunderako eta ekoizpenerako. Horrela, ongarriak ahalik eta modu arrazionalenean erabiltzea lortuko da.
Hala, “lursail bateko eremu batek gutxiago ekoizten badu, lurzoruak ura atxikitzeko ahalmen txikiagoa duelako, edo epe luzeetan putzuz beteta dagoelako, hori kontuan hartu behar da, eta nutriente gutxiago eman behar da, beharrak ere txikiagoak izango baitira”, Ana Aizpurua departamentuko ikertzaileak zehaztu duenez.
Ongarrien erabilera murriztea zerealen ekoizpenean
Nitrogenoarekin ongarritzeko mota horren adibide praktiko bat NITRALDA proiektuaren esparruan garatutakoa da. Helburua da zereal laboreetan ongarrien kontsumoa murriztea, eta NEIKERek parte hartze aktiboa izan zuen horretan, probetan ongarritze nitrogenatua preskribatzeko mapak eginez.
“Nekazarien ustiategietan doitasunezko ongarritzea ezartzen hasi ginen Araban egindako proba pilotu batean, eta oso esperientzia positiboa izan dela uste dut“, azaldu du Aizpuruak. Proiektuari esker, ongarri nitrogenatuen erabilera %19 murriztea lortu genuen, horren aplikazioa laborearen beharretara egokituz, ongarri dosi aldagarriaren teknikaren bidez.
Ekimen horretan, NEIKERez gain, proiektuan parte hartu dute Javier Alava eta Hermanos Torre nekazariek, GARLAN S. Coop.ek, Arabako Nekazari eta Abeltzainen Elkarteak (UAGA) eta HAZI Fundazioak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Ingurumena Sailaren finantzaketa ere izan du.