Albisteak

BERRIA

Nekazaritza seguruago eta jasangarriago baterako droneak

20 otsaila 2025

 

  • NEIKER produktu sanitarioekiko esposizioa murrizteko DRONSafe proiektuan parte hartzen ari da
  • UAGAren eskutik, NEIKERek saiakuntzak egingo ditu, Euskadin, belarrezko laboreetan

Nekazaritzan droneak erabiltzea irtenbide berritzailea da produktu fitosanitarioak aplikatzean zehaztasuna, efizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko. Alabaina, teknikaren, ekonomiaren eta araudiaren arloko erronkak daude oraindik Europar Batasunean ezar dadin. Testuinguru horretan, NEIKER DRONSafe proiektuan parte hartzen ari da. Ekimen aitzindari honek frogatu nahi du droneak erabiltzea bideragarria dela materia aktiboekiko esposizioa murrizteko, bai nekazaritzako operadoreentzat, bai ingurumenerako.

«Produktu sanitarioak droneekin aplikatzea materia aktiboekiko esposizioa murrizteko tresna modura» izeneko proiektuak helburutzat du ingurumen-esposizioko eta operadorearen nahiz oinezkoen segurtasuneko agertokiak ebaluatzea, baita ea hondakinik dagoen ere teknologia horrekin tratatutako laboreetan.

DRONSafek frogatu nahi du fitosanitarioak droneen bitartez aplikatzea aukera bideragarria dela Europako legeriak ezartzen dituen ingurumenari buruzko betekizunen barruan, eta baliteke funtsezko tresna izatea nekazaritzako ekoizpenaren jasangarritasuna bermatzeko.

Saiakuntzak belarrezko laboreetan eraginkortasuna ebaluatzeko

DRONSafe proiektuaren partzuergoaren barruan, NEIKERek funtsezko eginkizuna betetzen du, saiakuntzak egiten baititu, Euskadin, belarrezko laboreetan. Proba horiek aukera emango dute produktu fitosanitarioak droneen bitartez aplikatzearen efikazia eta segurtasuna ebaluatzeko, lurretik eta airetik aplikatzeko bestelako metodoekin alderatuta. Horri esker, datu zientifiko sendoak sortu nahi dira teknologia hori Europako araudiaren esparruan baliozkotzen laguntzeko.

DRONSaferen esperientziak zenbait Livin Labsetan (berrikuntza-guneak) garatzen ari dira. Gune haietan probak egiten ari dira labore batzuetan, hala nola zitrikoetan eta mahastietan, Espainiako zenbait eskualdetan. Euskadin, NEIKERek lankidetza estua du Arabako Nekazarien Elkartearekin (UAGA), hau da, produktuaren eskualdeko azken erabiltzailea denarekin.

Europako Batasunak DRONSafe proiektuaren % 80 finantzatzen du NPE-LGENFren Plan Estrategikoaren bitartez (584.391,17 euroko laguntza), eta nekazaritza-ikerkuntzaren alorreko eta nekazaritza-sektoreko askotariko entitateek parte hartzen dute proiektuan. NEIKERek aplikazio-egoera errealistak eta adierazgarriak garatzen lagunduko du etorkizuneko nekazaritzan droneak integratzeko bidean aurrera egiteko, zenbait bazkiderekin batera, hala nola Landareak Babesteko Enpresa Elkartearekin (AEPLA), Nekazaritzako Elikagaien Zentro Teknologiko Nazionalarekin (CTAEX) eta Nekazaritza eta Elikadurako Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionalarekin (INIA–CSIC). Gainera, proiektuak aukera berriei ateak irekitzen dizkie produktu fitosanitarioen erabilera jasangarriari buruzko etorkizuneko Europako araudiaren esparruan, araudiak salbuespenak jasotzen baititu halakoak droneen bidez airetik aplikatzeko, betiere giza osasunerako eta ingurumenerako arriskuak murriztea frogatuz gero.