Albisteak

BERRIA

NEIKERek Pirinioetako Lurzoruen Lehen Forumean parte hartuko du azaroan Ax-les-Thermes-en

7 azaroa 2024

 

  • Pirinioetako Lurzoruen Lehen Forumak SOLPYR proiektuko bazkideak bilduko ditu, bai eta mendiko lurzoruen ahultasunean eta kontserbazioan adituak direnak ere
  • SOLPYR mugaz gaindiko proiektua, non NEIKERek parte hartzen duen, Pirinioetako lurzoruen babesa eta erresilientzia bermatzeko sortu da, klima-aldaketaren aurrean
  • Horretarako, lurzoruei buruzko informazioa bateratzen eta lurzoru horiek kontserbatzeko jardunbide onak ezartzen lan egingo da, bai eta biztanleria sentsibilizatzeko material pedagogikoak sortzen ere

 

Azaroaren 12tik 14ra bitartean Pirinioetako Lurzoruen Lehen Foruma egingo da Ax-les-Thermesen, Ariègen (Frantzia), SOLPYR (Pirinioetako Lurzoruak: ezagutzea, babesteko) proiektuaren baitan antolatuta.

SOLPYR proiektuak, zeinaren %65 Europar Batasunak finantzatuta baitago 2021-2027 Interreg POCTEFA Programaren bidez (Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomiko eta soziala indartzeko programa), Pirinioetako lurzoruen babesa eta kontserbazioa erraztea du helburu, bai eta klima aldaketaren aurkako erresilientzia erraztea ere.

SOLPYR ideia honetan oinarritzen da: lurzoruak eta lurzoruek dituzten degradazio arazoak hobeto ezagutzeak erabiltzaileen eta erakunde eskudunen beharrezko kontzientziazioa ahalbidetuko du Pirinioek funtsezkoa duten baliabide hau babesteko eta kontserbatzeko. Horretarako, proiektuan Pirinioetako lurralde osoko lurzoru mapa bateratu bat sortuko da eta mendiko lurzoruen degradazioari buruzko azterketak egingo dira bide/gune pilotuetan, haien higadura eta materia organikoaren dinamika ezagutzeko eta kontserbazio jardunbide egokiak identifikatzeko. Sortuko den ezagutza hori guztia material pedagogikoa eta dibulgaziokoa sortzeko oinarria izango da, lurzoruen osasuna mantentzearen, babestearen eta kontserbatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko estrategia komun baten esparruan.

SOLPYRek Pirinioetako lurrak zaindu nahi ditu, haiek ezagutuz, eta lau ekintza zehatzekin ekingo dio bide horri:

  • Pirinio osoko lurzoruen katalogo eta kartografia bat sortzea, jarraitua eta homogeneoa, beste lurralde batzuetara transferitu daitekeen metodologia estandarizatu baten bidez.
  • Metodologia bateratua bide/gune pilotuetan mendiko lurzoruen degradazioa inbentariatzeko eta jardunbide egokiei buruz komunikatzeko.
  • ‘Lurzoru’ baliabidearen balio naturalaren gainean eta baliabide horren arriskuen eta kontserbatzeko beharraren gainean sentsibilizatzea.
  • Lurzoruak babesteko interesa partekatzen duten Pirinioetako erakundeen arteko lankidetza, klima aldaketara egokitzeko gako gisa.

Lurzoruak ezagutzea, lurzoruak babesteko

Pirinioetako Lurzoruen Lehen Forumari esker, batetik, proiektuko bazkideek proiektuaren lehen urtean lau ekintza horietan egindako aurrerapenak partekatu ahal izango dituzte, eta, bestetik, proiektutik kanpoko beste aditu eta gonbidatu batzuek ere mendiko lurzoruen ahultasunean eta kontserbazio jardunbide egokien identifikazioan oinarritutako mintegi batean parte hartu ahal izango dute.

Bazkideentzako jardunaldi teknikoa azaroaren 12an eta azaroaren 13ko goizean izango da. Beste aditu eta gonbidatu batzuei irekitako jardunaldia, berriz, azaroaren 13ko arratsaldean hasiko da, Ax-3-Domaines geltokiko birgaitze lanetan dauden hezeguneetara landa bisita bat eginez eta mendi eremuetako birlandaketari buruzko hitzaldi batekin, eta azaroaren 14an jarraituko da hainbat gairen inguruan parte hartuz, hala nola mendiko lurzoruen ahultasuna diagnostikatzeko erabili daitezkeen metodologiak eta mendian egin daitezkeen nekazaritza eta artzaintzako eta basogintzako jarduerarik egokienak eta mendiari eman ahal zaizkion erabilera berririk egokienak, mendiko lurzoruak erresilienteak izan daitezen.

Proiektuak irauten duen denboran (2026ko abendura arte) beste bi forum antolatuko dira, Ax-les-Thermeseko forumaren helburu berak izango dituztenak: lurzoruak ezagutzea, lurzoruak babesteko.

SOLPYRi buruz

ICGCk (Institut Geogràfic i Geològic de Catalunya) koordinatuta, Pirinioetako eskualdeak ordezkatzen dituzten bazkideek ere parte hartzen dute: DRYMA (Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentua), FMC (Marcel Chevalier fundazio pribatua), FORESPIR (GEIE FORESPIR), GET-UT3 (Géosciences Environnement Toulouse-Université Toulouse III Paul Sabatier), IPE-CSIC (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren Pirinioetako Ekologiako Institutua), NEIKER euskal zentro teknologikoa, OPCC-CTP (Pirinioetako Lan Komunitatearen Partzuergoa – Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia) eta UPNA (Nafarroako Unibertsitate Publikoa). Proiektuak Pirinio osoan zehar dauden 10 erakunde elkartu ere baditu.

SOLPYR proiektuak 1.795.513 euroko aurrekontua du guztira, eta Europar Batasunak aurrekontu horren %65 finantzatu du POCTEFA 2021-2027 Interreg Programaren bidez. Programa horren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko integrazio ekonomiko eta soziala indartzea.

SOLPYR proiektua abian jartzeak ahalbidetuko du, ezagutzaren eta sentsibilizazioaren bidez, lurzoruak erabiltzen, kudeatzen eta lurzoruen gaineko erabakiak hartzeaz arduratzen diren pertsonek eta erakundeek lurzoruak hobeto babestea, lurzoruak baliabide ez-berriztagarria eta Pirinioetako bizitzarako eta etorkizunera egokitzeko funtsezkoak baitira.

Informazio gehiago: www.solpyr.eu

Related posts