Albisteak

BERRIA

NEIKERek nekazaritzako elikagaien teknologiako aurrerapenak aurkeztuko ditu Málagan

26 azaroa 2024
  • Teknologia-zentroak aste honetan parte hartuko du Expo Agritech 2024 azokan. Málagako azoka teknologikoak nekazaritzako sektorea eraldatu asmo duten 8.000tik gora profesional biltzen ditu urtero
  • Zentroak bere standa jarriko du azokan, eta parte-hartze aktiboa izango du biltzarrean hiru erakusketaren bitartez

NEIKERek toki nabarmena izango du Expo Agritech azokan, hau da, agritech sektorerako Europako ekitaldirik garrantzitsuenetako batean. Azoka Málagan izango da, gaurtik ostegunera (azaroak 28) bitartean. Hiru egunean, azoka funtsezko topagunea izango da goi-teknologia nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan, sektoreko lehiakortasuna eraldatzeko, aplikatu nahi duten profesionalentzat.

NEIKER teknologia-zentro liderra da lehen sektorerako irtenbide berritzaileak diseinatzen eta garatzen, eta azokan toki nabarmena izango du horregatik. Bere standaren bitartez, agritecheko azkenaldiko proiektuak erakutsiko ditu. Kontzeptu horrek oinarritzat du goi-teknologia nekazaritzako sektorean sartzea, eta barne hartzen ditu, besteak beste, doitasunezko nekazaritza, robotizazioa, bioekonomia eta tresna digitalak erabiltzea lurzoruak monitorizatu eta leheneratzeko. Aurkeztuko dituen ekimenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • AgriPower. Sistema agrivoltaiko hauek nekazaritza eta eguzki-energiaren sorkuntza uztartzen dituzte nekazaritza eta abeltzaintzako efizientzia optimizatzeko.
  • Zeha Agritech. Doitasunezko nekazaritzako teknikak laborantza estentsiboen errendimendua hobetzeko (zerealak eta patatak, esaterako).
  • Indoor Vertical Farming. Elikagaiak era efiziente eta jasangarrian ekoizteko abeletxe bertikalak.
  • Ikusmen artifiziala. Tresna digitalak izurriak modu jasangarri batez kontrolatzeko eta erabakiak landan hartzeko.

Teknologia nekazaritza jasangarriaren zerbitzura

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundeak parte-hartze aktiboa izango du hitzaldien egitarauan. Lehenik, gaur arratsaldean, 17:00etan, NEIKEReko zuzendari nagusi Leire Barañanok «Robotizazioa eta automatizazioa baratzeko laborantzei aplikatua» mahai-ingurua moderatuko du. Mahai-inguru horretan aditu batzuek azalduko dute robotizazioa baratzeko laborantzetan sartzea baliagarria dela efizientzia handitzeko eta ekoizte-kostuak murrizteko.

Bihar, asteartea, hilak 27, 16:00etan, zentroko Berrikuntza eta Teknologiaren arduradun Olatz Unamunzagak «Lurzoruak monitorizatzea eta leheneratzea» tailerrean parte hartuko du. Mahai-inguru horretan sakon aztertuko dituzte lurzoruak leheneratzearen arloko berritasunak nahiz teknologia, eta haietaz gain, baita karbonoa landare, lurzoru eta formazio geologikoetan epe luzera biltegiratzea ere.

Saio horretan Europako LILASOILS proiektuaren bidez ikasitakoa jorratuko dute, adibide gisa. Proiektu aitzindari horrek nekazaritza eraldatzea du xede, eta bertan parte hartzen du zentroak Europako beste erakunde batzuekin batera.

Azkenik, asteazkenean, hilak 28 (alegia, Expo AgritTech azokaren egunean), Amaia Ortiz Ekoizpen eta Landare Babes Saileko arduradunak amaiera emango dio NEIKERen ekitaldiko partaidetzari «Aurrerapen agrovoltaikoak» saioa aurkeztuz, 13:30ean.

Hitzaldian, Ortizek agrovoltaikoaren onurak aurkeztuko ditu. Irtenbide berritzaile honek nekazaritzako ekoizpena eta eguzki-energiaren sorkuntza uztartzen ditu; lurzoruaren erabilera optimizatzen du, eta jasangarritasuna sustatzen du.

NEIKERek Expo Agritech azokan parte hartzeak indartu egiten du nekazaritzako elikagaien sektorea eredu jasangarri, erresiliente eta produktiboetarantz eraldatzeko hartutako konpromisoa. Aurrerapen horiek, Europar Batasunaren klima-neutraltasunerako helburuen ildotik, funtsezkoak dira klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko eta elikagai-segurtasuna epe luzera bermatzeko.

Expo AgriTech 2024 azoka

Expo AgriTech 2024 erreferentziako azoka teknologikoa da, eta haren xedea zera da: nekazaritzako sektorearen lehiakortasuna eraldatzea berritasunaren, teknologiaren eta jasangarritasunaren bitartez. Urtero Málagan egindako ekitaldiak 8.000 profesional baino gehiago biltzen ditu Landa 4.0rako funtsezko zenbait arlotako azken irtenbideen bila, hala nola kudeaketa-sistemetan, makinerian, berotegietan, bioteknologian, energian eta elikagai-segurtasunean.

Hiru egunean, Expo AgriTech 2024 azokak teknologia- eta negozio-transferentziarako ekosistema osoa eskaintzen du. Ekosistema diseinatuta dago, orobat, askotariko erronkei aurre egiteko, hala nola ur-baliabideak optimizatzeari, NPE berria egokitzeari eta ekoizpen jasangarri eta efizienteago baterantz aurrera egiteari.

Ekitaldiaren barnean daude, gainera, AgriTech 4.0 kongresua, tailerrak, jardunaldi teknikoak eta askotariko jarduerak, konekta daitezen nekazaritzako ustiategien jabeak, agronomia-ingeniariak, kooperatibak eta sektoreko bestelako funtsezko eragileak irtenbide berritzaileekin eta bazkide estrategikoekin.