BERRIA
NEIKERek mahastizaintzako azken joerak eta berrikuntzak transferitu dizkio sektoreari
3 abendua 2019Mahastizaintzaren sektoreak azken joerak eta berrikuntzak ezagutu ditu gaur, Vititransfer 2019 jardunaldiaren markoan, NEIKEReko ikertzaileen parte hartzearekin. 50 nekazari eta bestelako profesional inguru elkartu dira Guardian (Araba), hainbat gai interesgarri lantzeko, horien artean lurraren garrantzia, landare materialak eta fitosanitarioen murrizketa.
Beste sektore batzuek bezala, mahastizaintzak erronka handiei egin behar die epe ertainera eta luzera. Horietako bat ingurumenaren iraunkortasuna da, klima-aldaketak edo klima-larrialdiak izan ditzakeen eraginen aurrean. Garrantzitsua izango da sektorea agertoki berrietara egokitzen lagunduko duten praktika iraunkorrak identifikatzea eta aplikatzea. Belaunaldi-aldaketari erantzuna ematea da sektorearen beste erronka handietako bat. Horretarako teknologia berriak aliatu handiak bihurtuko direla espero da, erabakiak hartzerakoan, ekoizpenaren kalitatea hobetzeko, etab. Merkatuko eskakizun berrietara ere egokitu beharko du sektoreak produktu bereiziak eta jasangarriak eskeiniz.
Kontestu honen baitan, NEIKERek mahastizaintzaren inguruko bere esperientzia eta ezagutzak partekatzeko ekitaldi bat egin du. Jardunaldiaren inaugurazioan, Amaia Ortizek (NEIKER) horrelako ekitaldiek duten garrantzia nabarmendu du, sektoreari ezagutza transferitzeari dagokionez.
Lurraren garrantzia izan da egunaren lehen zatian landu den gaia. Saioan, Lur Epeldek (NEIKER) mahastietako lurrak nola neurtu azaldu du, Olatz Unamunzagak (NEIKER) landare estalkiek mahastian dituzten onurak aurkeztu ditu, Ana Aizpuruak klima aldaketara egokitzeko estrategiak eta mahastizaintzako praktikak xehatu ditu, eta lurrak eta beste faktore batzuek mahatsaren kalitatean duten eraginaz ere hitz egin du.
Bigarren mahai tematikoak landare materiala landu du. Roberto Perez (NEIKER) landare material propioa hautatzeaz eta kontserbatzeaz mintzatu da, Monica Hernandezek (NEIKER) baso germoplasmaren garrantzia zehaztu du, Ana Diezek gaixotasun batzuekiko erresistentzia eta tolerantzia aurkeztu ditu, eta Sara Martinezek (NEIKER), berriz, galdera honi erantzun dio: Badugu Xylella fastidiosa bakterioarekiko barietate erresistenterik?
Transferentzi jardunaldiaren hirugarren zatian agerian geratu da fitosanitarioen murrizketa posiblea dela. Ana Diezek (NEIKER) fitosanitarioen erabilera %50 ere murrizteko estrategiak aurkeztu ditu, Juan Garcia del Moralek (Ager Technology) APPVid aplikazioa erakutsi du, mahastiko gaixotasunak kudeatzen laguntzeko, Egoi Martiodak (Zerbinek) fitosanitarioen dosiak optimizatzeari buruz hitz egin du, eta Ana Diezek (NEIKER) olio parafinikoak oidioaren kontrolean dituen emaitzak aurkeztu ditu; azkenik, Garbiñe Olabarriak (Gaiker) botritisa detektatzeko metodo azkar bat deskribatu du.
Jardunaldia ixteko, mahai inguru batean eztabaidatu dute sektorearen etorkizuneko bi erronkari buruz, hau da: mahastizaintzaren doitasuna eta klima aldaketa.
Datorren abenduaren 11n antzeko jardunaldi bat egingo da Derioko Nekazaritza Eskolan (Bizkaia). Bi egun hauek NEIKERek aldizka sektorera transferentzia egiteko antolatzen dituen ekitaldien baitan kokatzen dira eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Gastronomia eta Elikagaien Plan Estrategikoaren lehentasun estrategikoekin bat datoz. Beste gai batzuen artean, planak elikagaien balio erantsiaren gehikuntza sustatzen du (kasu honetan mahatsa eta ardoa), produktua bereiztea ingurumenari eta ekoizpen iraunkorrari dagokionez eta produktu fitosanitarioen aplikazio iraunkorrari esker.
NEIKERekin batera, jardunaldi horietan parte hartzen dute UAGAk, Arabako Errioxako Upategien Elkarteak Alavesa (ABRA), ARAEXek, Arabako Txakolinak, Bizkaiko Txakolinak eta Getariako Txakolinak.