BERRIA
NEIKERek ‘Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen’ aitorpena lortu du
11 urria 2023
Duela gutxi, EMAKUNDE-Emakumearen Euskal Erakundeak NEIKERi ‘Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen’ aitorpena eman dio, emakumeen eta gizonen berdintasun handiagoa bultzatzeko eta sustatzeko egiten ditugun jarduketengatik. Aitorpen hori emateko, EMAKUNDEk baloratu egin ditu, besteak beste, 2022ko urrian egindako diagnostikoa, berdintasunaren arloko gure III. jarduera plana eta sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta aurre egiteko ditugun neurri espezifikoak.
Aitorpen hori ez zen posible izango NEIKEReko talde osoaren inplikaziorik gabe. Leire Barañano zentroko zuzendari nagusiaren hitzetan, “berdintasunaren aldeko apustua aspalditik dator, eta gure estrategiaren ardatz transbertsal bihurtu da talde osoaren parte hartzeari esker”. Txosten hartatik abiatuta, 2012an, I. Berdintasun Plana landu zen.
Berdintasunaren aldeko ibilbide luzeko konpromisoa
Pertsonen inplikazioaz gain, NEIKERen berdintasunaren arloko beteranotasuna izan da EMAKUNDEren aitorpena ahalbidetu duten faktoreetako beste bat. Izan ere, berdintasuna ardatz estrategiko gisa txertatzen duen kudeaketa eredu baten alde egiten dugu, eta horren erakusle da 2011z geroztik berdintasun-politikak ditugula eta, orduan, lehen diagnostiko-txosten bat egin genuela dagoeneko, plantillaren datu kuantitatiboen azterketan oinarrituta.
2018an, berdintasun politiken inguruan egindako ibilbidean jauzi kualitatiboa egitea erabaki genuen, Emakundek homologatutako aholkularitza enpresa espezializatuen laguntzarekin, eta II. Berdintasun Plana lantzen eta jarraipena egiten inplikatutako pertsonei prestakuntza emanez.
Gainera, hirugarren plana onartzeko, 2022an Berdintasunerako Negoziazio Batzorde bat eratu zen, enpresaren eta langileen ordezkariekin, diagnostikoa eta III. Berdintasun Plana landu eta onartzeko (2023-2026).
Gaur egun, gure hirugarren plana indarrean dago, eta 4 lan ardatz ditu: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomien eta gizarte antolamenduaren eraldaketa, eta, azkenik, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza bati laguntzea.
Eta, ardatz horien barruan, helburu espezifiko hauek nabarmentzen ditugu:
- Komunikazioaren erabilera inklusiboa bermatzea, berdintasuna sortzeko tresna gisa; horretarako, ‘Hizkuntza Inklusiboaren Eskuliburua’ daukagu, gaztelaniaz zein euskaraz.
- Erakundeko emakumeen ahalduntzea bultzatzea, barneko eta kanpoko ekitaldietan emakumeek ponentzietan parte har dezaten sustatzeko.
- Zaintzaren inguruan erantzunkidetasuna zabaltzea, sentsibilizazio ekintzen bidez.
- Emakumeen aurkako indarkeriarik, sexu jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik gabeko ingurune bat bermatzea; horretarako, sexu jazarpenerako eta sexuan, sexu orientazioan eta genero identitate eta adierazpenean oinarritutako protokolo bat eta aholkularitza konfidentzial bat ditugu.