BERRIA
NEIKERek bat egin du LIFE Urban Klima proiektuarekin, klima-aldaketari egokitzeko
4 abendua 2019NEIKERek bat egin du LIFE Urban Klima proiektuarekin, klima-aldaketari egokitzeko
- 19,8 milioi euroko aurrekontu batez (10,2 milioi EBrenak dira), 20 erakundek 40 proiektu abiatuko dituzte datozen sei urteotan lurraldea klima-aldaketak eragindako efektuei egokitzeko.
- Eusko Jaurlaritzako Ihobe sozietate publikoak gidatzen duen KLIMA 2050 LIFE proiektu integratuak hainbat ekintza gauzatuko ditu kostaldean, ibaietako arroetan eta hiri-eremuetan.
- Proiektuan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako sail batzuek, hiru aldundiek, zazpi udalerrik (Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Donostia/San Sebastián, Bermeo, Bakio, Gernika-Lumo eta Zarautz), bost zentro teknologikok eta Naturklima Fundazioak.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak Urban Klima 2050 Life proiektu integratua aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Proiektu hori Euskadiko klima-ekintzaren alorrean datozen urteetan gauzatuko den proiektu nagusitzat hartzen da, eta berari esker 19,8 miloi euro inbertituko dira zuzenean klima-ekintzetan. Zenbateko horren % 51 Europar Batasunak finantzatuko ditu.
Bere hitzaldian, Arriolak nabarmendu du Life honek Europar Batasunaren onarpena izateak duen balioa, zeren EBk gehienez proiektu bat ezartzen baitu deialdi, arlo eta herrialde bakoitzeko, eta “salbuespen gisa, nahiz eta Espainian Life integratu bat onartuta dagoen, klima aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko proiektu integratuen alorrean, hain zuzen ere Nafarroan, Europar Batasunak Euskadik aurkeztutako proposamena onartu du”, adierazi du Ingurumen sailburuak.
“Proiektu garrantzitsu hau gauzatuko duen enpresa-partzuergoak 20 erakunde baino gehiago biltzen ditu. Horiek guztiek modu koordinatuan lan egingo dute ezarritako helburuak lortzeko. Enpresa horiek guztiek gaitasun eta esperientzia handia dituzte klima-aldaketaren aurkako borrokan; horren froga da 2025era arte alor horretan gauzatuko dituzten jarduerek ia 20 milioi euroko inbertsio globala bilduko dutela”, azpimarratu du Arriolak.
Aipatutako kopuru horri gehitu behar zaio ekimen horretan parte hartzen duten 20 erakundeek bideratuko duten dirua, alegia, beste 625 milioi euro klima-aldaketa murrizteko eta egokitzeko ekintzetan.
Proiektuaren gidaria Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren Ihobe sozietate publikoa izango da, eta bertan hogei bat erakundek parte hartuko dute, horien artean honako hauek: hiru foru aldundiek, Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Donostia/San Sebastián, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarauzko udalek, Eusko Jaurlaritzako eta udaletako sozietate publiko batzuek, teknologia- eta ikerketa-zentro batzuek (AZTI, BC3, NEIKER, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioak.
Urban Klima 2050 proiektuak euskal lurraldea eraldatuko du, klima-aldaketari egokitzeko 40 proiektu eta ekintza koordinatzearen bitartez, beraren sei urteko iraupen-aldian. Gainera, lagungarria izango da Euskadiko Klima Aldaketaren Estrategia, KLIMA 2050, modu eraginkorrean garatzeko. Ezaguna denez, estrategia horren helburu nagusia da berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murriztea 2030. urterako.
Gaur aurkeztu den europar proiektuarekin, espero da Euskadiri klima-aldaketaren ondorioak arintzen lagunduko dioten zuzeneko neurriak proposatzea eta gauzatzea. Horri begira, sei dira planteatzen diren erronka nagusiak:
- Zeharkako ekintzak eraikitzea, zenbait erresilientzia-tresna hiri eta herrietan integratzeko.
- Administrazioa klima-aldaketaren aurkako borrokaren eredua izatea lortzea.
- Intereseko sektoreetan aplikatu daitezkeen ekintza berritzaileak gauzatzea,
- Ezagutza sortzea, erabakiak hartzen laguntzeko.
- Parte-hartze prozesuak sortzea, irtenbideak funtsezko eragileekin eta herritarrekin batera diseinatzeko, eta
- Herritarren ahalduntzea lortzea, ingurumenaren aldeko konpromiso iraunkor bat eskuratzeko.
Ekintza konkretuen xede izango diren 40 proiektuak hiru eremutan daude zentratuta: kostaldea, ibaietako arroak eta hiri-eremuak. Esperientzia pilotuekin lan egingo da zazpi udalerritan eta Urdaibai, Debaberreneko kostalde eta Arabar Errioxako hiri-inguruko eremuetan. Gainera, Butroe, Oka, Ibaizabal, Deba, Urumea, Zadorra, Baia eta Ebro ibaietan proiektuak gauzatuko dira, haien arroetan edo haien bokaletan.
40 ekintza hiru lurraldeetan
Aurreikusitako ekintzen artean, eremu degradatuak leheneratuko dira; bizikleta elektrikoen sare publikoak sortuko dira Araba eta Urdaibain; mahastien inausketaren hondakinak erabiliko dira Arabar Errioxan biomasa moduan erabiltzeko; naturan oinarritutako irtenbideak bilatuko dira hiru hiriburuetako hiri-eremuetarako; eraztun berde bat sortuko da Debabarrenean: sistema hidrotermal bat jarriko da Urdaibain; autokontsumoa sustatuko da Donostian; uholdeak eragozteko neurriak inplementatuko dira Bakio, Donostia eta Araban; eta Lagako hondartzaren leheneratze integrala bilatuko da. Gainera, zentro bat eratuko da Euskadiko klima-aldaketarekin zerikusia duten datu guztiak eta informazioa koordinatzeko.
URBAN KLIMA 2050 LIFE proiektu integratuan parte hartzen duten erakundeak
- Ihobe, ingurumen-jarduketarako sozietate publikoa (Eusko Jaurlaritza)
- Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila (Urdaibai Erreserbako Patronatua)
- Osasun Saila
- Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saila (Portu eta Itsas Arazoetako Zuzendaritza)
- Arabako Foru Aldundia
- Bizkaiko Foru Aldundia
- Gipuzkoako Foru Aldundia
- Bakioko Udala
- Bermeoko Udala
- Bilboko Udala
- Donostiako Udala
- Gernikako Udala
- Zarauzko Udala
- Ingurugiro Gaietarako Ikastegia (Gasteizko Udala)
- Uraren Euskal Agentzia, URA
- Energiaren Euskal Erakundea, EEE
- Euskalmet (Larrialdietako Zuzendaritza)
- NaturKlima, Gipuzkoako klima-aldaketaren fundazioa
- BC3, Basque Centre for Climate Change.
- AZTI
- NEIKER
- TECNALIA
- TECNUN