Albisteak

BERRIA

NEIKERek “Bioekonomia Euskadin: erronkak eta aukerak” jardunaldian parte hartu du

8 martxoa 2018
NEIKERek “Bioekonomia Euskadin: erronkak eta aukerak” jardunaldian parte hartu du
Izenburu horren pean, Donostiak ekitaldi bat hartuko du martxoaren 14an, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak baliabide biologiko berriztagarrien ekoizpena eta balio erantsiko produktu nola bihurtzen diren aurkeztuko du, datozen urteetan gure lurraldean lortzeko helburu moduan.

Bioekonomiak gaur egungo ekonomi ereduak planteatzen dituen erronkei erantzuteko aukera bat eskaintzen du, izan ere, egungoa erregai fosilen eta baliabide ez berriztagarrien mende dago, eta ingurumen arazo larriak eta lehengaiak eskuratzeko arazoak eragiten ari da. Arazo horien artean aipa daitezke klima aldaketa, hondakinen krisia, biodibertsitatea galtzea eta baliabide naturalak agortzea. Jokaleku horretan, bioekonomiak ekonomia ulertzeko planteatzen duen modu berria aukera gisa agertzen da erantzun jasangarria eta errentagarria emateko. Finlandian edo Alemanian, esaterako, egiten ari dira bioekonomiaranzko trantsizioa. Europan, dagoeneko, 18,6 milioi lagun enplegatzen ditu, eta BPGaren %13 da.

Ekitaldia Kursaal Jauregian egingo da, eta bertan izango dira nazioarteko sona duten bioekonomiako adituak, beren esperientziak azaltzeko, eta beren ikuspegia eskaintzeko Euskadi bezalako eskualde batek bere ekonomia eraldatzeko dituen aukerei buruz . Halaber, lehen eskutik ezagutu ahal izango dira bioekonomian oinarritutako negozio eredu berrietarantz aldatu eta orientatzen asmatu duten eskualde eta enpresen kasuak.

Hizlarien artean nabarmentzen da Esko Aho, 1991 eta 1995 bitartean Finlandiako lehen ministro izana eta egun Finlandiako European Forest Instituteko aholkulari estrategikoa dena (EFI), eta bioekonomiak gaur egun Europan duen egoera azalduko du eta ezartzeko dauden erronkak eta elementu gakoak.

Inazio Martinez de Aranok, EFIMEDeko zuzendariak, ‘Bioekonomia Europa hegoaldean’ izeneko azterketa aurkeztuko du: Eusko Jaurlaritzak eskatuta egin da, eta oso ondorio interesgarriak eskaintzen ditu Euskadik egungoa ez bezalako eredu ekonomiko baterantz jotzeko dituen aukerei buruz.

Christian Patermann mundu mailan bioekonomiaren guruetakotzat jotzen da, gaur egun Alemaniako gobernuaren aholkularia da gaiari buruz, eta azaldu egingo du Alemaniak nola egin duen bioekonomiaranzko trantsizioa eta nola lortzen ari diren egurrean oinarritutako produktu eta alternatiba berriak sortzen merkatuarentzat, lehengaia biologikoa eta jasangarria baita, eta herrialde hartan oso ugaria. Patermannek, gainera, hainbat industria konektatzeko gakoak azalduko ditu: lehengaiak sortzen dituztenak eta amaierako erabiltzaileak (automobilgintza, aeronautika, ehungintza…), arreta berezia jarrita berrikuntzan eta soluzio teknologiko berrietan.

Topaketan Alemaniako basogintzaren, automobilgintzaren eta sektore kimikoaren arteko sinergiak ezagutuko dira, Alemaniako Bioekonomia Klusterreko Matthias Zscheileren eskutik, eta bioekonomiak dakartzan inplikazio sozialak ere landuko dira, Lukeko (Finlandia) Biogizarteari buruzko Ikerketa Programaren zuzendari Pasi Rikkonenen eskutik.

Jardunaldiaren zati praktikoa enpresen esperientziekin egingo den mahai inguru bat izango da, beraien jarduera bioekonomiari lotuta daudenez gero, eta askotariko gaiak landuko dira, hala nola oinarri biologikoko plataforma molekularrak (Succinity Gmb, Alemania), bioplastiko funtzional eta jasangarriak (Synvina, Holanda) edo bioehun jasangarriak (Lenzing, Austria). Halaber, mahaian parte hartuko du baita ere Joensuu Science Parkek (Finlandia), eta azalduko du start-upei nola lagundu bioekonomiarantz jo dezaten.

Jardunaldia NEIKER-Tecnaliak eta European Forest Institutek antolatu dute, laguntzaileak izan direlarik BaskEgur-Euskadiko Egurraren Elkartea, Hazi eta Europa Hegoaldeko Silbikultoreen Batasuna (USSE), eta politika,enpresa, ikerketa, kluster, egurraren elkarte eta unibertsitateen ordezkariek parte hartu dute.