BERRIA
NEIKER saria euskal piperrek birusekiko duten erresistentziari buruzko ikerketa bati
24 urria 2024
- Mikel Ojinaga ikertzaileak NEIKER sari berezia lortu du Euskadin piperren ekoizpena murrizten duten birusei aurre egiteko ikerlanaren artikuluagatik
- NEIKER zentro teknologikoan egindako ikerketak Gernikako piperraren eta Ibarrako piparraren hobekuntza genetikoa du ardatz, gaixotasun biralekiko erresistentzia handitzeko
- Saria CAF-Elhuyar sarietan kokatzen da, urtero zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko azterlanak eta ikerketak aitortzeko
Piperretan birusen arazoa jorratzen duen artikulu bati eman diote NEIKER sari berezia. Mikel Ojinagak egindako “Birus aurkako ‘gudari’ irribarretsua’ izeneko ikerlanak Euskadin landutako piper mota nagusiek gaixotasun biral batzuen aurrean duten erresistentzia aztertzen du. Aitortza urtero zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko azterlanak eta ikerketak saritzen dituzten CAF-Elhuyar sarietan kokatzen da.
Zehazki, lana birusak eragindako gaixotasunei aurre egiteko irtenbide eraginkorrak aurkitzera bideratuta dago, batez ere bertako piper laboreei eragiten dietenak, hala nola Gernikakoari eta Ibarrako piparrari. Kontaktu bidez transmititzen diren Tobamovirus generoko birusak barietate autoktono horietako galeren erantzule nagusi gisa identifikatu dira, eta euskal nekazaritza sektorean kezka handia sortzen dute.
Ikerketa Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko NEIKER zentro teknologikoan egin da osorik, eta landareen hobekuntza genetikoan oinarritzen da, birus horiekiko erresistenteago izan daitezen eta, horrela, haien jasangarritasuna berma dadin.
Leire Barañano NEIKEReko zuzendariak eman dio saria ikertzaileari, 2.000 eurorekin hornituta, Imanol Andonegi Mendizabal artistaren eskultura batekin batera.
Arazoaren jatorria
Euskadin landatutako piper mota nagusiak, hala nola Gernikako piperra eta Ibarrako piparra, tokian tokiko baldintza agroklimatikoetara egokituta daude. Hala ere, 2014an, ekoizle batzuk labore horietan kalte egiten ari ziren birusek eragindako arazoez ohartarazten hasi ziren. Egoeraren aurrean, nekazaritza sektoreak Eusko Jaurlaritzara eta NEIKERera jo zuen irtenbide eraginkor bat bilatzeko.
Horrenbestez, ikerketa programa bat sortu zen, eta, zazpi urteko lanaren ondoren, birus horiekiko erresistenteak diren piper barietateak garatzea ahalbidetu du, tokiko ekoizleen lehiakortasuna hobetzeko.
Zentroan garatutako hobekuntza genetikoko programa sakon horri esker, piper barietate horietan erresistentzia geneak txertatzea lortu da. “Gure helburua da tokiko ekoizleei birusei aurre egiteko eta, aldi berean, beren laboreen lehiakortasuna indartzeko tresna eraginkorrak ematea”, ikertzaileak azaldu duenez.
Saria eman duen epaimahaiak Ojinagaren lanak arazo erabakigarri bati heltzen diola nabarmendu du, eta Euskadin gehien lantzen diren bi laboreri eragiten diela, bai balio ekonomikoagatik, bai tokiko nekazaritza tradizioan errotuta egoteagatik. “Ikerketak beharrezko irtenbide bat ematen dio labore autoktono horien bideragarritasuna arriskuan jartzen duen arazo bati, egungo nekazaritzaren erronken aurrean ekoizleen posizioa indartuz”, epaimahaiak adierazi duenez.
NEIKER-Elhuyar hitzarmena
Saria NEIKERen eta Elhuyar Fundazioaren artean ikerketaren arloan euskararen erabilera sustatzeko 2016ko uztailean ezarri zuten hitzarmenaren parte da. Hitzarmen horren esparruan, hainbat ekimena garatzen dira, hala nola nekazaritza sektoreari lotutako hiztegi espezializatu bat lantzea, NEIKERek Zientzia Azokan parte hartzea, gazteei sektoreari buruzko ikerketa helarazteko, eta aipatutako NEIKER sari berezia, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektoreari lotutako ikerketen euskarazko dibulgazioa saritzeko.