Albisteak

BERRIA

NEIKER Europako elikadura berrikuntzaren mahaian eseri da

10 iraila 2024

 

  • Zentro teknologikoak Europako nekazaritzako elikagaien sektorearen abangoardian duen posizioa indartu du, EIT Food elikagaien berrikuntzarako ekimenaren bazkide estrategiko bihurtuta

NEIKER nekazaritzako elikagaien berrikuntzan Europako erreferente gisa finkatu da, Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak babesten duen EIT Food erakundeko bazkide estrategiko izendatu berri baitute, zeinarekin 2019tik diharduen lankidetzan. Kokapen estrategiko berri horrek indartu egiten du erakundeak maila globaleko eragile estrategiko gisa duen zeregina, sektorearen erronkei aurre egiteko irtenbide berritzaileak bilatzeko.

NEIKERek EIT Fooden barruan duen rol berriak hainbat onura ekarriko dizkio, sektorean duen eragina handitzen lagunduko dutenak. Hemendik aurrera, zentroak politikak eta pentsamenduaren arloko jarduerak formulatzen parte hartu ahal izango du, bai Europar Batasunean bai nazioarteko foroetan. Gainera, profil altuko ekitaldi globaletan aritzeko aukera izango du, hala nola Klimaren Astean eta Nazio Batuen Alderdien Konferentzian.

Halaber, lantalde espezializatuetan integratu ahal izango da, hau da, think tanks delakoetan. Zentroak Proteinen Dibertsifikazioa eta Elikagaien Galera eta Alferrik Galtzea (Food Loss and Waste) lantzen duten taldeekin bat egiteko asmoa du, arlo horietan irtenbide berritzaileak garatzen laguntzeko.

Posizio berri horren beste alderdi nabarmenetako bat EIT Foodeko bazkideen batzarretako botoaren pisua da. Bost botorekin, NEIKERek erabakiak hartzeko eta ekimenaren etorkizuneko norabidean eragiteko aukera izango du.

Leire Barañano NEIKEReko zuzendari nagusiak adierazi duenez, kokapen berri horri esker zentroak “elikadura sistemetako adituentzako sarbide sakona izango du, esparru egituratu baten barruan, eta ikuspegi eta ezagutza osagarriak lortuko ditu, eta sinergiak sortu”.

Bost urteko lankidetza

2019an EIT Fooden sartu zenetik, NEIKER funtsezko ekimenetan inplikatuta aritu da, hala nola nekazaritzako elikagaien sektoreko start-up berritzaileei laguntzen dien EIT FAN programan. Gainera, zentroak epaimahai gisa rol nabarmena jokatu du programaren hainbat ediziotan, eta horren garapena bultzatu du Arkautiko eta Derioko bere zentroetan parte hartzen duten start-upak jasoz.

Etapa berri honen hasiera gisa, NEIKER NEXT BITE 2024 ekitaldian izango da, Erroman, urriaren 15ean eta 16an. Topaketan, zentroak speaker gisa parte hartuko du, Iker Bilbao NEIKEReko Transferentzia eta Merkatu arduradunaren eskutik, nekazaritza birsortzailean sakontzeko.

EIT Foodi buruz

2018an sortua, EIT Food elikagaien berrikuntzarako ekimen liderra da Europan, eta elikadura sistema jasangarriagoa, osasungarriagoa eta fidagarriagoa izan dadin lan egiten du. Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuak (EIT) babestuta, EIT Foodek Europa osoko enpresa, start-up, ikerketa zentro eta unibertsitateak biltzen dituen aktore nabarmenen partzuergo bat elkartzen du.

Sortu zenetik, plataforma horrek sustatzen dituen ekimenen kopurua zabaldu egin da, eta nekazaritzako elikagaien sektorean funtsezko eragile gisa sendotu da, berrikuntza eta lankidetza bultzatuz, elikagaien segurtasun eta jasangarritasun erronka globalei aurre egiteko.