BERRIA
Mahastian landare-estalkiak erabiltzea muturreko klima-fenomenoen aurreko irtenbide gisa
18 martxoa 2026- NEIKERek Arabako Errioxan lurzoruaren zenbait kudeaketaren inpaktua aztertzen du emankortasuna hobetzeko eta lurzatietako higadura murrizteko.
Tenperatura handiek, euri-erauntsiek eta lehortealdiek mahastiaren garapena baldintzatzen dute. Klima-gertakari horien maiztasuna handitu denez, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreak lurzorua babestea eta atxikitzea bermatzeko estrategiak bilatzen ditu. Hori horrela, NEIKER teknologia-zentroak lurzoruaren zenbait kudeaketa ebaluatzen ditu Elvillarreko lurzati esperimental batean; hain zuzen ere, Arabako Errioxako MAISULAN upeltegian.
Ikerketak sei urteko ibilbidea du jada, eta zentroaren bi proiektu estrategikoren helburuak uztartzen ditu: VITISAD II (mahastia klima-aldaketara egokitzeko irtenbide agronomikoak bilatzen ditu), eta VinAE (lurzoruaren osasun osoa monitorizatzea du ardatz).
Esparru horretan, saiakuntzak lau estrategia alderatzen ditu: ohiko lur-lantzea; berezko landare-estalki iraunkorra, landaredi naturalari etengabe eusten diona; biak uztartuta kudeatzea, eta, iaztik, landare-estalkiari eustea lurpe-goldea behin pasatuta. Teknika horri esker lurzoruaren geruza sakonetan esku hartzeko aukera dago haren egitura hobetzeko, eta aireztatzen nahiz ura infiltratzen laguntzeko, azaleko landare-estalkia ezabatu gabe, intsolaziotik eta euriaren zuzeneko inpaktutik babesten baitu.
Inpaktua emankortasunean eta babes fisikoan
Tratamenduekin egindako saiakuntzen ondorioz, 2020 eta 2025 artean lortutako emaitzek berresten dutenez, ohiko lur-lantzea bezain oldarkorra ez bezalako lurzoru-kudeaketak nabarmen hobetzen ditu lurzatiaren kalitate-adierazleak. Hain zuzen, azaleko geruzetako materia organikoa % 1etik % 1,85era handitu da. Horrek lursailaren egitura indartzen du, eta ura nahiz mantenugaiak atxikitzeko gaitasuna hobetzen du.
Gainera, lurzoruaren egonkortasun kimikoa eta egiturazkoa handiagoa izateak zuzeneko eragina du haren babes fisikoan. Materia organikoak egitura hobea laguntzen duenez, eta lurzorua landarediak babestuago egonik, euri-urak lur emankorra herrestan eramatea eragozten da.
Roberto Pérez Parmo NEIKEReko teknikariak adierazi bezala, «landare-estalkiak galga naturalarena egiten du: sustraiek lursaila atxikitzen dute eta estalkiak uraren inpaktua leuntzen du; ondorioz, higadura sei aldiz txikiagoa ere izaten da landatutako lurzoruarekin alderatuta, eta, epe luzera, lurzatiaren emankortasunari eusten zaio».
Alabaina, landarediak laborearen errendimendua arriskuan jar ez dezan, ikerketak kudeaketa orekatuaren garrantzia nabarmentzen du. Belarra ur-baliabideak lortzeko lehiatzen da, eta baliteke mahastiaren indarra % 20tik gora gutxitzea; horregatik, pixkanaka ezartzea gomendatzen da.
«Lortzeko formularik eraginkorrena da mahastiaren kaleak txandekatzea; alegia, batean landare-estalkiari eustea eta aldamenekoa lantzea. Era horretan, lurzorua babesteko onurak lortzen dira landarearen ekoizpen-gaitasuna gehiegi zigortu gabe», adierazi du Ana Aizpurua NEIKEReko Landare Ekoizpeneko eta Babeseko Departamentuko ikertzaileak. Helburua da espezien oreka bat lortzea, eremura egokituta, ezarpen ona eta lursaila ongi estaltzea lortzeko.
Onuren ziurtapena
Saiakuntzaren ibilbideaz baliatuta, zentroko Lurzoru Osasuneko lantaldeak azterketa handituko du parametro biologiko aurreratuak aztertzeko, eta horrela, lurzoru aktiboak laboreari funtsezko zerbitzuak (nutrizio naturala hobetzea eta izurrietatik babestea, adibidez) nola ematen dizkion frogatzeko.
Lur Epelde NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazioko Saileko ikertzaileak adierazi bezala, «aurreikusita dago bestelako parametroak ikustea, hala nola onddoen eta bakterioen biodibertsitate genetikoa, makrofauna eta lursaileko jarduera biologikoa». Gainera, Biodibertsitateko lantaldearekin lankidetzan, asmoa dago estalkiko landareen inbentarioa eta fauna osagarrien (intsektu onuragarriak) gaineko azterketak egiteko, kudeaketa horrek klima-aldaketaren aurreko ekosistema sendoago eta autonomoagoa nola sortzen duen egiaztatze aldera.




