BERRIA
Mahasti zaharrak, funtsezkoak sektorearen etorkizunerako
21 uztaila 2025
- NEIKERen erabiltzeari utzitako mahastizaintzako eta ardogintzako lursailetako material begetala berreskuratzea eta kontserbatzea bultzatzen dugu.
- Mahastizaintzaren sektorearekin lankidetza izatea funtsezko estrategia da ardoaren ekoizpenean berotze globalaren erronkei aurre egiteko.
Klima-aldaketaren eta haren ondorioen, euri-jasen edo tenperaturen igoeraren ondorioz kaltetutakoen artean daude mahastiak ere. Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreak laborearen jasangarritasuna bermatzeko erronkari egin behar dio aurre, eta lehentasuntzat ezarri du mahastizaintzan jarduten diren eskualdeetako dibertsitate genetikoa handitzea.
Hori lortzeko, iturri baliotsua dira mahasti zaharrak. NEIKERen, Araba, Bizkaiz eta Gipuzkoako foru-aldundiekin eta ekoizleekin lankidetzan, material begetala berreskuratzeko eta kontserbatzeko lan aktiboa egiten dugu.
Mahasti zaharretan askotariko andui eta barietate tradizionalak daude; eta horietako askok ezaugarri bereziak dituzte, funtsezkoak direnak klima-aldaketara egokitzeko. Batzuek erresistentzia handiagoa dute lehorteetan edo heltze-ziklo luzeagoak dituzte; hala, azidotasuna eta muztioaren kolorea kontserbatzeko aukera gehiago daude, eta mahatsaren osasunari esker, gaixotasunen intzidentzia murrizten da.
Beste barietate batzuek ardoak aberasten dituzten aroma-profilak, koloreak eta aromak eskaintzen dituzte, eta, ondorioz, merkatuaren eskari berriei erantzuteko aukera ematen dute. Eta horietako askok, askotan ahaztuak edo identifikatu gabeak, sektorearen etorkizunerako funtsezko potentziala daukate.
“Barietate horiek berreskuratzeak aukera ematen du lehortea edo tenperatura-igoera bezalako faktoreen aurrean erantzun hobea duen materiala edukitzeko, eta, gainera, ardoei kalitatea eta berezitasuna ematen dieten ezaugarriak kontserbatzen laguntzen du. Ezaugarri horiek funtsezkoak dira mahats-bilketaren unerik onena erabakitzeko eta, beraz, ardo orekatuak egiteko”, dio Ana Isabel Aizpurua NEIKEReko ikertzaileak.
Lankidetza upategiekin
Prozesua mahasti zaharretan hasten da, mahastizainek, portaera edo ezaugarriak kontuan hartuta, kontserbatzeko interesgarriak iruditzen zaizkien anduiak aukeratzen dituztenean.
“Anduien barietatea identifikatu ondoren, analisi sanitario bat egiten dugu gaixotasunek jotako aleak baztertzeko, eta egoera fitosanitario ona dutenak soilik igarotzen dira hurrengo fasera, eta hor zenbait alderdi ebaluatzen ditugu, hala nola hazkunde begetatiboa, ekoizpena eta mahatsaren kalitatea”, azaldu du ikertzaileak.
Emaitzak onak direnean, materiala ugaldu egin daiteke mintegian, edo hura kontserbatzea planteatu. Upategiak interesa badu, lursail berrietan birlanda daiteke. Ezarpen hori errazteko, zentroak aholkularitza teknikoa ematen du, modu egokian identifikatzeko gomendioak ematen ditu eta, ahal den guztietan, lursailean bertan landatzea sustatzen du, landaketaren ezaugarriak ebaluatu ahal izateko eta jatorrizko mahastian hautemandako ezaugarriak kokaleku berrian mantentzen diren ikusteko.
Lan horien adibide dira Tierra, Mitarte eta Contino upategiekin egindako kolaborazioak. Haiekin lan handia egin da lursail zaharretan barietate ugari probatuta, hala nola Graciano, Tempranillo, Garnatxa, Mazuelo, Errioxar Malbasia, Calagraño eta Viura.
Beste ekimen batzuen barruan, beste zona batzuetako ekoizleek ere parte hartu dute osasun-lanetan eta barietate arraroak edo minoritarioak identifikatzen; horietako batzuk dira, besteak beste, Maisulan, El Mozo Wines, Ostatu, Cándido Besa, Gil Berzal, Laukote, Artuke, Pavoni, Bello Berganzo, Bhilar/DSG Wines, Osabawines, Bikain, Sierra de Toloño, Itsasmendi eta zenbait mahastizain partikular.
Ekoizleekin egindako lankidetza-lan horien ondorioz, Cadrete, Morate, Garró, Moravia Agria, Santa Magdalena, Agostenga eta Brustiano Faux barietateetako anduiak detektatu ziren, baita eskualde eta Estatu mailan landatutako beste barietate arruntago batzuk ere.
Lan horiek VITISAD proiektuaren barruan egin ziren, Europar Batasuneko Interreg POCTEFA programak finantzatuta. Lan-ildo horri 2025eko eta 2026ko kanpainetan helduko zaio berriro, VITISAD2 proiektuaren bidez. Bigarren zati horrek potentzial enologiko eta agronomikoa duen material begetala aztertzen jarraituko du.
Parte-hartzea errazteko, uztailaren 21ean, 10:00etatik 13:00etara, informazio-saio bat egin zen Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillaren eraikinean. Saio horretan, prozedura azalduko ziren, eta seinaleak jartzeko eta laginak hartzeko materiala eman zen.
Sektorearen zerbitzura BERRITZEN planaren bidez
Ikerketa- eta transferentzia-lan hori guztia NEIKERetik bultzatzen dugun BERRITZEN planaren esparruan egiten da, izan ere, plan horren xedea da ezagutza zientifikoa nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako sektoreetara hurbiltzea. Ekoizpen-ingurunearekiko lankidetza aktiboan oinarritzen da, eta ekimen ugari hartzen ditu, hala nola BERRITZEN Guneak, kondizio errealetan esperimentatzeko guneak, eta BERRITZEN Ideiak, sektorearen erronkak identifikatzen nekazariek eta mahastizainek zuzenean parte hartzea sustatzen duena.
Material begetala berreskuratzea adibide ona da ikusteko zientzia aplikatuak irtenbide zehatz eta jasangarriak eskain diezazkiekeela landa-lanean dihardutenei. Horrez gain, ondare genetikoa babesteko aukera ematen du, erabakigarria izan daitekeena klima-aldaketaren aurrean ez ezik, merkatuaren eta lehentasun enologikoen bilakaeran ere.