Albisteak

BERRIA

Letxuga handiagoak eta planeta gehiago errespetatzen dutenak

8 otsaila 2023
  • Bioponiari esker, NEIKER zentro teknologikoak labore hidroponikoen bidez lortutako letxugak baino %20 handiagoak lortu ditu
  • Bioponia sisteman uztartu egiten dira hidroponia –lurrik gabeko laboreak– eta ongarri organikoak –ongarri mineralak erabili beharrean–, eta bere onuren artean nabarmentzen dira karbono aztarna murriztea eta jasangarritasuna handitzea
  •  Ikerketak bi urte iraun du, eta Biobizz eta AvanzaBio bioongarri enpresen lankidetza izan du

Nekazaritzako elikagaien sektorea gizakiarentzat osasungarriagoak eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoak diren produkzio sistema batzuetara igarotzen ari da, landare elikagaien ekoizpenean fitosanitario kimikoen erabilera murriztuz. Nekazariek planeta zaintzea bultzatzeko duten kontzientzia sozialari esker, ekoizteko metodoen jasangarritasuna handitu da.

Izan ere, gero eta profesional gehiagok aukeratzen dute ongarri organikoen eta labore hidroponikoen erabilera; sistema horietan, landareak lurrik gabe hazten dira, ur eta nutrientez osatutako soluzio baten ekarpenari esker, ongarri mineraletan oinarrituta, gatzekin, gasekin eta bestelako substantzia inorganikoekin eragindako erreakzio kimikoen bidez. Lurrik gabeko laborantzan ongarriko inorganikoen ordez ongarri organikoak erabiltzen dituen sistemari bioponia esaten zaio, eta aurrerapen bat da gizakien eta ingurumenaren osasunerako, karbono aztarna murrizten baitu.

Testuinguru horretan, NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, %20 letxuga handiagoak lortu ditu labore bioponikoaren sistema erabiliz. Ikerketa hori Euskadin ongarri organikoak eta bioestimulatzaileak ekoizten dituzten bi enpresaren laguntzarekin egin da: Biobizz eta AvanzaBio.

Bioponiako laborantzan, ongarri mineralen ordez ongarri organikoak erabiltzen dira, eta, horrela, atmosferara igortzen den CO2-a murrizten da. Izan ere, Patrick Riga proiektu buruak eta NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes departamentuko ikertzaile nagusiak azaldu bezala, “ongarri inorganikoak garatzeak inpaktu handia sortzen du karbono aztarnari dagokionez. Kilo bat kaltzio nitrato egiteko –oso ongarri arrunta da–, 3,85 kg karbono dioxido askatzen da atmosferara”.

Ekoizpen jasangarriagoa

Sistema horrek ingurumena gehiago errespetatzen du, mantenugai organikoak askatzen dituelako, eta bakterio, legamia eta onddoetan aberatsa den soluzio bat sortzen delako, mikroorganismo horiek landareen hazkundea errazten dutelarik.

Mantenugai organiko egokien konbinazioa lortzeko eta eraginkortasuna baieztatzeko, NEIKERek bi urtez hainbat saiakuntza egin ditu bere berotegietan, batavia motako letxuga eta zerba horiko landareekin, lurrik gabeko labore sistema batean, non sustraiak koko zuntzean oinarritutako substratu organiko batean hazi diren, ongarri organiko eta bioestimulatzaileen soluzio batekin ureztatuta, tanta jario bidez.

Saiakuntzen emaitzek landatutako barazkien tamaina handitu dutela erakutsi dute. “Sistema bioponiko batean sortutako letxugak zein zerbak handiagoak dira ongarri inorganikoak dituen sistema hidroponiko batean landatzen direnekin alderatuta: letxugak %20 handiagoak, eta zerbak %13 handiagoak”, adierazi du Rigak.

Tamaina handiagoko produktuak sortzeaz gain, metodo horrek aukera ematen du erreakzio kimikoen bidez sortutako ongarrien ordez ongarri naturalak erabiltzeko eta, beraz, karbono aztarna murrizteko eta landare ekoizpenaren jasangarritasuna handitzeko.

Lortutako emaitzetatik abiatuta, eta sektorean sistema bioponikoa sustatzeko, NEIKERek beste elikagai batzuk lantzeko saiakuntzak egingo ditu, hala nola tomatea edo piperra. Zentro teknologikoak prozesu osoan aholkatuko eta lagunduko die metodo berri hau probatu nahi duten nekazariei. 

Ongarri organikoak eta osasungarriagoak

Landare elikagaien ekoizpenean produktu fitosanitarioak eta ongarri organikoak erabiltzeak gehiago errespetatzen du ingurumena ongarri inorganikoak erabiltzeak baino, eta horregatik da garrantzitsua beste aukera batzuk ematea, esaterako, bioponia, ordezkapena pixkanaka ahalbidetzeko, nekazaritzako ustiategien errentagarritasunean eraginik izan gabe.

Testuinguru horretan, Europar Batasunak kontsumitzeko barazkietan nitratoak erabiltzeko gehieneko muga batzuk ezarri ditu, eta nekazaritzako praktika onen kodeak aplikatzearen alde egiten du, elikagaietan erabiltzen diren kutsatzaileen mailak mugatzeko; horien barruan sartzen da NEIKERek egindako ikerketa.

Related posts