Albisteak

BERRIA

Lehen sektoreari buruzko euskarazko ikasketak eta ikerketak 2.000 eurorekin sarituko ditugu

2 azaroa 2022

NEIKER sariak lehen sektorearen euskarazko dibulgazioa sarituko du aurten ere

  • NEIKER zentro teknologikoak bere sari propioa du CAF-Elhuyar sarietan, zientzia eta teknologiari buruzko euskarazko azterlanak eta ikerketak aitortzeko
  • Zehazki, NEIKER sariak, 2.000 eurorekin hornituta, abeltzaintza-nekazaritza eta basogintza industriari buruzko euskarazko zabalkunde artikulurik onena bilatzen du

NEIKERek zazpigarren urtez jarraian bere sari propioa du berriro ere CAF-Elhuyar Sarien azken edizioan; urtero egiten den lehiaketaren xedea da ikerketa zientifiko eta teknologikoen euskarazko zabalkundea aitortzea eta sustatzea.

2023ko edizioa «Begiratu urrunera» lemarekin garatuko da, Isaac Newton fisikariaren aipu ospetsu honi lotuta: “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako da”. Eta horixe da, hain zuzen ere, CAF-Elhuyar sarien zazpigarren edizio honetan lortu nahi dena: kultura zientifikoa zabaltzen laguntzea, egungo ezagutzetatik abiatuta eta etorkizunera begira.

NEIKER sari bereziak, berriz, 2.000 eurorekin saraituko du lehen sektoreari lotutako euskarazko dibulgazio artikulurik onenari.  Leire Barañano NEIKEReko zuzendariak azaldu duenez, sariak zuzenean egiten du bat zentroaren filosofiarekin, hau da, “merkatura transferitu daitezkeen ezagutza eta soluzio oso teknologiko eta berritzaileak garatzearekin, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko”.

NEIKERen sari berezia aurkeztutako lan guztien artean aukeratuko da, eta gainerako CAF-Elhuyar sariekin bateragarria da; beraz, NEIKER saria lortzen duen pertsona lehiaketako beste kategorietako bateko irabazlea ere izan daiteke. Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak edo eskakizunak hemen aurki daitezke. Artikuluak entregatzeko azken eguna 2023ko otsailaren 6a da, eta esteka honen bidez egin daiteke.

Begirada etorkizunean jarrita

Begirada etorkizunean jarrita, egindako lanak hiru kategoriatara aurkez daitezke NEIKER saria jasotzeko. Lehenik eta behin, “Dibulgazio artikuluak” daude, eta azpikategoria banatzen dira: bata, ikerketa lan orokorrak, eta bestea, doktore tesian oinarritutako artikuluak. Azpikategoria bakoitzean, irabazleak 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkariaren urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat jasoko ditu.

Bigarrenik, “Zientzia kazetaritzako lanak” daude, lehen kategoriaren sari berdinarekin; eta, azkenik, “Sorkuntza beka” dago. Kategoria horretan euskaraz sortutako proiektuak aurkeztuko dira, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzeko beste modu batzuk lantzen dituztenak. Horren ardatz nagusia da esparru zientifiko-teknologikoaren eta gizartearen arteko kontaktua modu berritzailean lantzea, eta saria 5.000 eurokoa izango da.

NEIKER eta Elhuyar hitzarmena

Saria NEIKERen eta Elhuyar Fundazioaren artean ikerketaren arloan euskara sustatzeko 2016ko uztailean hasi zen hitzarmenaren parte da. Bi erakundeen arteko hitzarmenean sartzen dira nekazaritza sektoreari lotutako hiztegi espezializatu baten garapenean laguntzea; NEIKERek Zientzia Azokan parte hartzea, gazteei sektoreari buruzko ikerketa helarazteko, eta aipatutako NEIKER sari berezia, lehen sektoreari lotutako ikerketen euskarazko dibulgazioa saritzeko.

 

 

Related posts