BERRIA
kABE, abeltzaintzaren kudeaketa denbora errealean optimizatzeko plataforma digitala
24 martxoa 2025- NEIKER teknologia-zentroan irtenbide digital bat garatu dugu, eta haren bidez datuak bilduz eta aztertuz abeltzaintzaren sektoreari lagundu nahi diogu etxaldeen ingurumen-kudeaketa egiten
Esnetako behi-aziendaren sektoreak zenbait erronkari egiten die aurre, eta erronkok eragina dute haren jasangarritasun eta errentagarritasunean (besteak beste, eskulanik eza, ekoizpen-kostu handiak, belaunaldien arteko erreleborik ez egotea eta abereek sortutako deiekzioen, hau da, minden, kudeaketa). Ingurumen-inpaktua murrizteko eta animalien ongizatea bermatzeko konpromisoak, gainera, exijentzia gehiago dakarzkio sektoreari. Hori horrela, digitalizazioak abeltegien efizientzia eta lehiakortasuna hobetzen lagundu dezake.
Testuinguru horretan, NEIKERen kABE garatu dugu; hots, abeltzaintzako langileei datuak denbora errealean bilduz eta aztertuz etxaldeak kudeatzen laguntzeko diseinatutako plataforma digitala. Tresna berritzaile hau TED-Farm proiektuaren barruan garatu da, eta Zientzia eta Berrikuntzaren Ministerioak finantzatua dago.
«Irtenbideak hari gabeko sentsore-sare baten bitartez funtzionatzen du; sareak askotariko ingurumen-parametroei buruzko informazioa biltzen du abeltzaintzako instalazioen barruan nahiz haietatik kanpo. Ondoren, datuok estatistika-tresna aurreratuen bitartez aztertzen dira ereduak eta joerak identifikatzeko, eta hala erabakiak hartzea errazteko», azaldu du Pilar Merino NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko arduradunak.
kABEren onura nagusietako bat etxaldeen ingurune-baldintzak kontrolatzea da. Etengabeko monitorizazioak abeltzaintzako sektoreari aukera ematen dio nabeetako aireztapena eta tenperatura doitzeko.
Ikertzaileak adierazten duenez, «egoera hori gertatzen da abereek tenperatura eta hezetasun handia jasaten dutenean; izan ere, horrek baliteke eraginik izatea haien osasunean, elikagai gutxiago jan dezaten ekartzea eta esne-ekoizpena murriztea».
Ondorio horiek arintze aldera, plataformak faktoreok denbora errealean neurtzeaz gain, ahalmen prediktiboa ere badu, estres termikoko gertaerei zenbait egun lehenagotik aurrea hartzeko. Informazio horri esker, abeltzaintzako sektoreak prebentzio-neurriak har ditzake —hala nola aireztapena doitzea eta ur fresko gehiago eskura jartzea— inpaktua minimizatzeko eta ekoizpenaren egonkortasuna bermatzeko.
Jasangarritasuna sustatzea
Ingurumen-baldintzak hobetzeaz gain, kABEk minden kudeaketa erraztu ere egiten du, eta hori kontuan hartu beharreko alderdi garrantzitsua da ekonomia zirkularra bultzatuko badugu. Mindak nutriente-iturri bat dira, eta ongarri gisa erabil daitezke. Ildo horretan, tresnak informazio zehatza ematen du haien osaerari eta nitrogeno-kantitate erabilgarriari buruz, eta aukera ematen du haien erabilera optimizatzeko, eta, abeltzaintzaren eta nekazaritzaren arteko konexioaren bitartez, nutriente edo mantenugaiok birzirkulatzeko.
Digitalitazio-teknologia guztiek ez dute presentzia bera esnetako behi-aziendaren sektorean. Teknologia batzuek, hala nola jezteko sistema automatizatuek eta sentsoreak dituzten lepokoek, garapen zabala dute osasun, ugaltze eta ongizatearekin lotutako parametroak monitorizatzeko, baina jasangarritasunean oinarritutako beste tresna batzuek, ordea, presentzia mugatuagoa dute etxaldeetan.
Arrakala hori gutxitzeko, NEIKERek kABEren aldeko apustua egiten du. Irtenbide honek askotariko ingurumen-metrikak barne hartzen ditu datuak denbora errealean erabiliz animalien efizientziari eta ongizateari buruzko ikuspegi osoa ahalbidetzeko.
Oraingoz, TED-Farm proiektuaren zati diren etxalde pilotuetan ezarri da plataforma, eta bertan ari dira ebaluatzen haren inpaktua eta funtzionamendua. Ingurune haietara mugatzen da haren erabilera, baina hura garatzeak balio izan lezake etorkizunean beste instalazio batzuetan aplikatzeko, eta, era horretan, sektorearen eraldaketa digitala bultzatzeko.