BERRIA
Jardunbide berritzaileak ardi-ekoizpen jasangarrirantz aurrera egiteko
27 maiatza 2025
- NEIKER teknologia-zentroak gaur goizean aurkeztu ditu Arkautin ardi-aziendan jasangarritasuna hobetzeko eta karbono-aztarna gutxitzeko planaren emaitzak, Europako LIFE GREEN SHEEP proiektuaren barruan
- Askotariko kudeaketa-jarraibideak uztartuta, % 17 murriztu daiteke ardi-aziendaren karbono-aztarna
- LIFE GREEN SHEEPek helburutzat du artaldeen jasangarritasuna bultzatzea zenbait jardunbide ezarriz. Jardunbideok efizientzia nahiz produktibitatea hobetzeaz gain, ingurumena gehiago errespetatzen dute
Berotegi-efektuko gasen emisioak, batez ere, erregai fosilen kontsumoaren ondorioz sortzen dira. Hortaz, ia giza jarduera guztiek dute eragina klima-aldaketan. Abeltzaintzari dagokionez, berotegi-efektuko gasen emisioak, hala nola metanoa eta karbono dioxidoa, hausnarkarien digestio-prozesuaren ondorio dira batez ere.
Alabaina, elikagaiak ekoizteaz gain, era horretako abeltzaintza motak eragin onak ere baditu ingurumenean; izan ere, azienda eta larreak egoki kudeatuz gero, horrek laguntzen du klima-aldaketa arintzen; hain zuzen, lurzoruaren osasuna eta emankortasuna hobetuz eta karbonoa metatzeko ahalmena areagotuz. Horregatik, gero eta beharrezkoagoa da jardunbideak ezartzea ingurumen-inpaktua gutxitzeko, baina kalitatezko elikagaien ekoizpena eta animalien ongizatea arriskuan jarri gabe.
Hori horrela, NEIKERek —Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakundea— ate irekien jardunaldi bat egin du gaur goizean, Arkautiko (Araba) instalazioetan, Karbono Gutxiko Ekintza Planaren emaitzak aurkezteko. Plan hori bere artaldearekin berarekin garatzen du, Europako LIFE GREEN SHEEP proiektuaren barruan. Ekimen horren bitartez, xedea da ardi-ekoizpenean jasangarritasuna bultzatzea efizientzia, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetuz, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta ingurumena gehiago errespetatzen duten jardunbideak ezarriz.
Jardunaldia abeltzainentzat, teknikarientzat eta Latxa arrazako ardi-sektoreko bestelako eragileentzat da, eta hari esker, aukera izan dute zentroko artalde esperimentalean erabiltzen ari diren jardunbideak bertatik bertara ezagutzeko, bai eta orain arte erdietsitako emaitzak ere.
Ehuneko hamazazpi gutxitzea aurreikusten da
NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamentuko buru Roberto Ruizek eman dio hasiera jardunaldiari. Hala, LIFE GREEN SHEEP proiektuaren ikuspegi orokorra eman du, eta Arkautiko artaldeari ezarritako Karbono Gutxiko Ekintza Planaren nondik norakoak azaldu ditu.
«Ohiko kudeaketa-jardunbideen ingurumen-eraginaren ebaluaziotik abiatzen da plana, ekoizpen-errendimenduan eraginik izan gabe berotegi-efektuko gasen emisioak gutxitzea ahalbidetzen duten aukerak identifikatu eta aplikatzeko. Nahiz eta hasierako helburua karbono-aztarna gutxienez % 12 murriztea zen, oraingo zenbatespenen arabera, % 17 murriztea lortuko da», azaldu du ikertzaileak.
Sarreraren ondoren, bertaratutakoek zentroko instalazioak ibili dituzte, eta era praktiko batez ezagutu dute NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Departamenduko ikertaldea nola ari den neurriok aplikatzen.
Ezarpen praktikoa landan
Bisitan, NEIKERen artaldearen ezaugarriak, haren kudeaketa orokorra eta ekoizpen-datuak aurkeztu ditu Lourdes Mintegik, eta ugalketa optimizatzeko jardunbideak nabarmendu ditu Ina Beltrán de Herediak. Idoia Goirik, berriz, hesteetako metanoaren emisioak neurtzeko erabilitako instalazioak eta ekipoak erakutsi ditu, hala nola sniffer sentsoreak, laser eramangarria eta arnasketa-ganberak; ekipook datu erabilgarriak erregistratzea ahalbidetzen dute ezarritako jardunbideen gas-emisioan zer eragin duten ebaluatzeko. Gainera, gehigarri antimetanogenikoekin egindako zenbait saiakuntzatan lortutako emaitzen berri eman ditu. Gehigarriok abereen elikaduran eransten dira, digestioan metano-produkzioa gutxitzeko.
Ondoren, zentroak txandakako artzaintzarekin izandako esperientzia jakinarazi du Nerea Mandalunizek. NEIKERek 2013tik erabiltzen du jardunbide hori. «Lurzatiak zenbait sekziotan banatzen ditugu artaldea haietan txandaka ibil dadin; era horretan, larreak atsedena izaten du, eta hala eutsi egiten dio leheneratzeko ahalmenari, eta gutxitu egiten da ongarriak nahiz bestelako intsumoak erabiltzeko beharra», nabarmendu du ikertzaileak.
Azkenik, Roberto Ruizek oleaginoso-opilen erabilera azaldu du; sistema horrek aukera ematen du zenbait hazi (koltza, ekilorea eta lihoa) hotzean prentsatzeko. Teknologia horri esker, pentsuak formulatzean erabili ohi diren soja eta palma-olioaren ordez —inportatutakoak— bertako lehengaiak erabil daitezke. Era horretan, lagundu egiten dugu kanpoko osagaiak garraiatu eta erabiltzearekin lotutako emisioak murrizten. Izan ere, osagaiok, zenbaitetan, zerikusirik ere badute, gainera, deforestazioarekin, eta, horrenbestez, eragin handia izaten dute jatorrizko herrialdeetako ingurumenean nahiz gizartean.
LIFE GREEN SHEEP
Europako LIFE GREEN SHEEP proiektuak ardi-ekoizpeneko sistema jasangarriagoak, karbono-emisio urrikoak, sustatu nahi ditu. IDELEk zuzenduta, barne hartzen ditu Europako bost herrialdeotako I+G+Bko lantaldeak eta ardi-sektoreko erakundeak: Espainia, Frantzia, Irlanda, Italia eta Errumania. Herrialdeok, orotara, barne hartzen dute ardi-haragiaren Europako ekoizpenaren % 47, eta ardi-esnearen % 63. Estatuan, NEIKERek koordinatzen du, eta ITACYL (Gaztela eta León), Oviaragón (Aragoi) eta Lurgintza (Euskadi) erakundeek ere parte hartzen dute.
Ekimena 2020an hasi zen, eta helburutzat du gutxienez % 12 murriztea ardien haragi- eta esne-ekoizpenarekin lotutako kiloko karbono-aztarna. Hartarako, karbono-aztarna ebaluatzeko tresnak diseinatzen dira, eta ekintza-plan espezifikoak ezartzen dira ganadutegi errealetan, haien ekoizpen- eta ingurumen-ezaugarriei egokituta.
Informazio gehiago: LIFE GREEN SHEEP