BERRIA
Hamarkada bat hegaztien ongizatearen monitorizazioa eraldatzen
2 iraila 2025
- NEIKERen, datuetan oinarritutako soluzio digitalak garatzen ditugu sektoreari laguntzeko, batetik, abeltegiak hobeto kudeatzen eta, bestetik, erabakiak hartzen
Hegaztien sektorea eraginkorragoa, jasangarriagoa eta arduratsuagoa izatea nahi baduzu, ezinbestekoa da animalien osasuna, ongizatea eta produktibitatea monitorizatzeko sistema eraginkorrak izatea. Tresna horiei esker, ustiategien errendimendua hobe daiteke eta hegaztien ongizatea berma daiteke. Gainera, gero eta eskari handiagoa dago gizartearen eta araudiaren aldetik, eta horiei ere erantzun dakieke.
Ildo horretan, NEIKERen, hamarkada bat baino gehiago daramagu soluzio teknologikoak garatzen; izan ere, datuetan oinarritutako informazio praktikoa eman nahi diogu sektoreari, abeltegiak hobeto kudeatzen eta erabakiak hartzen laguntzeko.
Behatze-ebaluaziotik datuetan oinarritutako iragarpenera
Ibilbide hau 2011n hasi zen Europako Animal Welfare Indicators (AWIN) proiektuarekin. Proiektu horretan, animalien ongizatea ebaluatzeko adierazleak eta protokoloak diseinatu zituzten. Proiektuaren NEIKEReko burua Inma Estevez da (IKERBASQUE Senior ikertzailea). Bada, hainbat espezie hartzen baditu ere, hegaztien arloan aurrerapen esanguratsua izan zen; izan ere, trantsektuen metodoa garatu zuten. Teknika horri esker, sistematikoki ebalua daiteke animalien egoera, nabeetako korridoreetatik egindako joan-etorriak behatzearen bidez. Ikuspegi horrek bi aplikazio hauek garatzeko oinarriak ezarri zituen: i-WatchTurkey, indioilarrei bideratuta, eta i-WatchBroiler, oilaskoei bideratuta. Haiei esker, abeltegi komertzialetan aplikatu ahal izan zen metodologia hori.
Ebaluazio zuzeneko eredu hori urrats garrantzitsua izan zen, baina, laster, arriskuei horiek azaleratu baino lehen aurrea hartzeko tresnak izateko beharra sortu zen.
Esperientzia horretatik abiatuta, gure ikuspegia handitu genuen eta tresna analitikoak sartu genituen ondorengo proiektuan, adibidez, iBOSP proiektuan (Inma Estevez da buru). 2014an hasi zen proiektu hori, eta, horretan, haragitarako oilaskoen arloan erabakiak hartzen laguntzeko sistema bat garatu zen. Sistema horrek ingurune-informazioa (tenperatura eta hezetasun erlatiboa, besteak beste) eta datu produktiboak (adibidez, pisua, heriotza-tasa metatua eta lokomozio-arazorik dagoen) konbinatzen ditu.
«Ikaste automatikoko teknikak erabilita, patroiak eta aldagaien arteko harremanak analizatu genituen, hartara arrisku-egoerei aurrea hartu eta ongizatea hobeto kudeatzeko», azaldu du Xavier Averós NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko Saileko ikertzaileak.
Lan-ildo hori 2016an finkatu zen iMBDatA proiektuarekin (Inma Estevez da buru ere). Europar Batasuneko hiltegietan errutinaz bildutako informazioa kudeatzea du ardatz, erabakiak hartzeko prozesuan laguntzeko, bizi-ziklo osoko ekoizpen-prozesuaren ikuspegi integratuagoaren bidez.
Ibilbide horrek paradigma-aldaketa ekarri zuen: une jakin batean gertatzen dena ebaluatzetik aurrerago gerta daitekeena iragartzera igaro gara, garaiz eta informazio gehiagorekin jardun ahal izateko.
Aurrerapausoa iragarpenean
Iragarpen-ikuspegi honen adibide berrienetako bat D-AWARE proiektua da. 2022an hasi zen, eta landako oilaskoa du ardatz. Helburu du benetan garrantzitsua den informazioa identifikatzea; horrela, ekoizleek aurrea hartu ahal izango die abeltegian izan daitezkeen ongizate-arazoei eta hil ondorengo ekoizpen-datuak iragarri ahal izango dituzte.
Horretarako, datuak bildu ziren Lumagorri ekoizlearen laguntzarekin; hain zuzen ere, 98 sorta ebaluatu ziren abeltegian eta, ondoren, hil ondorengo datuak analizatu ziren. Informazio hori analisi aurreratuko tekniken bidez tratatzearen bidez, ongizate-egoera zehaztasunez iragartzeko aukera ematen duten zazpi adierazle identifikatu ziren: heriotza-tasa metatua ebaluazioaren egunean, etzauntzaren kalitatea, karbono dioxidoaren (CO₂) eta amoniakoaren (NH₃) ingurune-kontzentrazioa, hegazti herrenen ehunekoa, mokoka ibiltzearen ondoriozko luma-arazoak dituzten hegaztien ehunekoa eta harea-bainuak egiten dituzten hegaztien ehunekoa (ongizate-adierazle positiboa da).
Lanaren ondorioz, B-AWARE garatu zen; hots, ekoizleei abeltegiko adierazleak erregistratu eta iragarpen erabilgarriak aise sortzeko aukera ematen dien aplikazioa. Horren eraginkortasuna 29 sorta osagarritan baliozkotu zen eta Lumagorrik zuzenean lagundu zuen; hots, tokian bertan probatu zuen tresna bisita teknikoetan.
Ingurune-monitorizazioa
Ikerketa-ildo horren jarraipen natural gisa, AirWatch365 proiektuan hasi gara lanean aurten. Ingurunea etengabe neurtzen du landako oilaskoen nabeetan. Helburua da neurketa puntualen mugak gainditu eta hegaztiek bizi dituzten benetako baldintzak hobeto erakusten dituzten ingurune-adierazleak lortzea.
«Ez gara neurketa puntualetan oinarritzen, ongizatea ebaluatzean egin ohi den bezala. Horren ordez, sistemak etengabe erregistratuko ditu aldagaiak: hezetasun erlatiboa, NH₃-a, CO₂-a, CO-a», esan du ikertzaileak.
Datu horiekin, ingurune-iragarleak kalkulatu ahal izango dira, eta abeltegiko ongizate-emaitzekin eta hil ondoren jasotako datuekin alderatu. Gainera, beste kudeaketa-aukera batzuk proposatu ahal izango dira ongizatea eta produktibitatea hobetzeko. Gaur egun, sentsoreak NEIKERen Arkautiko instalazioetan baliozkotzen ari gara eta, fase hori amaitu ondoren, Lumagorriren abeltegietan instalatuko dira.
Sistema osatzeko, ekoizpen-zikloaren funtsezko uneetan ebaluatuko da animalien ongizatea, hiltegian lortutako datuekin. Horri esker, lotura irmoak ezarri ahal izango dira ingurune-baldintzen eta lortutako emaitzen artean eta, ondorioz, kudeaketa zehatzagoa eta proaktiboagoa egingo da.