BERRIA
Ganaduaren dieta tokiko koltzarekin osatzeak hobetu egiten du produktuen gantz azido poliasegabeen eta omega 3ren profila
26 abendua 2019Hori da Euskadiko hainbat ardi, behi eta txerri ustiategitan bi urte baino gehiagoan egindako Kalikolza proiektuaren emaitza nagusia
Bi urte baino gehiago ikertzen aritu ondoren, Kalikolza proiektuak erakutsi du tokiko koltza haziaren deribatuak animalien elikaduran sartzeak nabarmen hobetzen duela gantz azidoen profila, batez ere PUFArena (gantz azido poliasegabeak) eta omega 3rena, bai ardi esnean eta bere deribatuetan (JIB Idiazabal gazta, jogurta eta mamia), bai haragi produktuetan (arkumea, txahala eta txerria).
Halaber, ikerketak nabarmentzen du horrelako pentsuak erabiltzeak oso eragin positiboa duela ingurunean, izan ere, errotik murrizten du nazioarteko merkatuekiko menpekotasuna, soja eta palma olioaren hornikuntzari dagokionez, eta ekonomia zirkularra eta 0 km-koa sustatzen ditu, tokiko ekoizpena bultzatuz eta ekoizpen kostuak murriztuz.
Azkenik, proiektuaren ikertzaileek gehitzen dute tokiko koltza erabiltzeak ez duela inolako murrizketarik eragiten produktibitatean (errendimenduak, esne ekoizpena, etab.), eta animalien ongizatea bultzatzen duela ardi ustiategietan, esnearen urea edukia murrizten duelako.
KALIKOLZA
Kalikolza proiektuak animaliak elikatzeko sistema bat sustatzen du, gantz azidoen profila hobetzeko, bereziki omega 3ri dagokionez, kalitate berezituko produktuetan, tokiko iturri naturaletatik abiatuta; liderra Kerexara izan da, NEIKER, Leartiker, Saskagoin, Uvesco eta NSGk parte hartu dute 2017., 2018. eta 2019. urteetan, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak eta Europar Batasuneko Landa Garapenerako Europako Funtsak (FEADER) finantzatu dute.