Albisteak

BERRIA

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Amaia Ortiz NEIKEReko ikertzailea aitortu du landare-osasunean egindako ekarpenagatik

13 urtarrila 2025

 

  • NEIKEReko Landa Ekoizpen eta Babes Saileko arduraduna bazkide izendatu dute Euskadin zientzia-, ekonomia- eta kultura-garapena sustatzen duen erakundean
  • Elkartean sartu da nekazaritza-ikerkuntzan izandako ibilbide luzeagatik, eta laborantza estentsiboen osasunean —patatarenean, kasurako— egindako ekarpenagatik

Amaia Ortiz ikertzailea, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babes Saileko arduraduna Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide izendatu dute. Ortizek nekazaritza-ikerkuntzan izandako ibilbide luzea aitortu du erakunde historikoak, eta, batez ere, laborantza estentsiboen osasunaren arloan egindako ekarpena (adibidez, patata eta azukre-erremolatxa laboreetan). Elkartea sorreratik bertatik —alegia, XVII. mendetik— aritu da Euskadiko zientzia-, ekonomia- eta kultura-garapena sustatzen.

Arabako Nekazaritzako diputatu Noemí Salazarrek parte hartu zuen hura izendatzeko ekitaldian, baita Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkideek ere, eta nabarmendu egin zuten izendapena garrantzitsua dela nekazaritzako ikerketarako nahiz landare-osasunerako.

Ortizek sarrera-ekitaldian honako hitzaldi hau defendatu zuen: «Patata Araban: haren historiari eta idatzita ez dagoenari buruzko gainbegirada. Nire irakurketa fitopatologo gisa». Bertan, laboreak eskualdean izan duen bilakaera aztertu zuen, ikuspegi historikotik eta zientifikotik. Hitzaldiaren barruan, José Buesa omendu zuen, hau da, Iturrietako patata hobetzeko etxaldeko ingeniari agronomoa, haren lana erabakigarria izan baitzen Araba sektoreko berrikuntzaren erreferente finka zedin.

Hitzaldia lantzeko, nekazaritzaren esparruko zenbait adituren lankidetza izan zuen Ortizek. Besteak beste, Javier Pascualena, NEIKEReko ikertzailea 1969tik; Roberto Ruiz de Infante, APPAl eta UDAPAren sortzailea; José Luis Ortiz, UAGAren sortzailea eta ikertzailearen aita (harengandik datorkio nekazaritza-bokazioa); Jorge Garbisu Buesa, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako oraingo zuzendaria.

Elkarte honetan sartzeak aitortu egiten du Ortizek landare-babeserako eta laboreak hobetzeko estrategia berritzaileak garatzen egindako lan zientifikoa.

Nekazaritza arloko ikerketa- eta berrikuntza-ibilbidea

Ortizek Biologiako prestakuntza sendoa du, eta doktoretza egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. NEIKEReko ibilbidea 1989an hasi zuen patataren bakterio-gaixotasunak ikertzen, eta doktore-tesia azukre-erremolatxaren patologia birikoen inguruan ardaztu zuen. Haren lana funtsezkoa izan da laboreon kontrol fitosanitariorako, eta lagundu du landare-osasunaren arloan ezagutza zientifikoa sortzen.

Ibilbidean zehar, ikertzaileak NEIKEReko lana eta irakaskuntza uztartu ditu; hala, eskolak 18 urtean eman ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Landare Osasunaren arloan. Izurrien kontrol biointentsibo, ekologiko eta integratuko estrategiei buruzko Estatuko eta Europako proiektu ugaritan parte hartu du, eta lagundu du nekazaritza-erabilera eta elikagai-segurtasuneko sistemetan erabakiak hartzeko tresnak garatzen.

Zientzia arloko 50 artikulutik gora argitaratu ditu, eta nazioarteko lau patenteren egilekidea da ikuspen artifizialaren bidez patogenoak identifikatzearen arloan. Ikerketarekin duen konpromisoa islatzen da, orobat, askotariko zientzia-erakundeen barruan betetzen duen eginkizunean; hala bada, parte hartzen du, besteak beste, Espainiako Fitopatologia Elkarteko zuzendaritza-batzordean (2010-2016), eta Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioko Zientzia Batzordeko kidea da 2003az geroztik.