Albisteak

BERRIA

Estazio meteorologiko birtualak, uraren erabilera optimizatzeko nekazaritzan

6 abuztua 2025
  • NEIKER da Europako e-RIGATION proiektuaren liderra. Proiektu horrek eskasia hidrikoari aurre egiten dio sistema digital baten bidez, zeinak aukera ematen du erabaki efizienteagoak hartzeko, ureztatzeari eta tratamendu fitosanitarioei dagokienez

 

Uraren eskasia da egun Europako hego-mendebaldeko nekazaritzaren erronka nagusietako bat. Lehen prezipitazioak maiz izaten ziren eskualdeetan, orain, lehorteak izaten dira maiz eta luzaroan, tenperaturen igoerak eta klimaren irregulartasunek larriagotzen dituztenak. Egoera horrek zuzenean eragiten dio labore estrategiko batzuen produktibitateari, hala nola mahatsondoari, eta nekazaritza-ustiategi askoren iraunkortasuna arriskuan jartzen du.

Hori horrela, nekazaritza-sektorearen lehentasunetako bat bihurtu da uraren erabilera efizienteagoa izatea. Helburu hori du NEIKER liderra den e-RIGATION proiektuak. Nazioarteko lankidetzako ekimen hori Europako Interreg Sudoe programaren barruan dago, zeinak helburu baitu uraren erabilera optimizatzea, ustiategietan zuzenean aplikatutako teknologia digitalak erabiltzearen bidez.

Horretarako, estazio meteorologiko birtualetan oinarritutako sistema baten arabera lan egingo da. Estazioek sare digital bat eratuko dute, bereizmen handiko datu klimatikoak eskainiko dituena lurzati-eskalan. Ohiko estazio fisikoekin ez bezala, estazio birtualekin ez dago landan sentsorerik zertan ezarri. Egiazko estazio meteorologikoen datuak, informazio geografikoa eta eredu meteorologikoak uztartzen dituzten eredu meteorologikoak erabiltzen dituzte, eta nekazaritza-ustiategi bakoitzerako pertsonalizatutako datuak sortzeko gauza dira.

Hala, lehen sektoreak erabaki egoki eta efizienteagoak hartu ahal izango ditu ureztatzearen eta tratamendu fitosanitarioen arloetan, hainbat adierazleren datuak izango baititu, hala nola tenperatura, hezetasuna edo ebapotranspirazioa.

Sektoreari erraztasunak eman nahi dizkiogu, zehatz jakin dezan noiz ureztatu eta zenbat ur erabili, edo baldintzak egokiak diren tratamendua emateko. Betiere informazio zehatzarekin, eta kasuan kasuko lurzatiari dagokionarekin, eta landan sentsorerik instalatu gabe”, azaldu du Gorka Landeras NEIKEReko Ekoizpen eta Landare Babeseko Saileko ikerlariak.

 

Monitorizazioa landagunean

Sistema baliozkotzeko, labore desberdinetako (esaterako, mahastiak) lurzati pilotuen jarraipena egingo da. Lurzati horiek Europaren hego-mendebaldean kokatuta daude eta baldintza klimatiko eta agronomiko askotarikoak dituzte. Horri esker, estazio birtualek sortutako datuak landan benetan gertatzen denaren isla doia diren frogatu ahal izango da.

Aldi berean, ebaluatuko da informazio horrek zer neurritan ahalbidetzen duen ureztatzeari eta tratamendu fitosanitarioei loturiko erabaki zuzenagoak hartzea, ur-kontsumoa murrizteko eta baliabide-erabilera efizienteagoa izateko.

Garapen teknologiak ez ezik, prestakuntza-alderdiak ere ezaugarritzen du proiektua. Hala, nekazari profesionalentzako, laborantza-aholkularientzako eta baliabide hidrikoen kudeatzaileentzako gaikuntza-programa bat martxan jarriko da, tresna digital horiek eguneroko martxan erabiltzeko ohitura hartzea errazteko eta, ur-eskasia gero eta handiagoa den honetan, erabaki hobeak hartzea errazteko. Teknologiak erabilgarria eta erabilerraza izan behar du. Beraz, prestakuntzan ere egingo dugu lan, berrikuntza benetan landara iristen dela ziurtatzeko, eta nekazaritzari efizienteagoa eta jasangarriagoa izaten laguntzeko”, gaineratu du ikerlariak.

 

e-RIGATIONi buruz

e-RIGATION Europako proiektua Interreg Sudoe programaren barnean dago. Programa horrek nazioarteko lankidetza sustatzen du Europaren hego-mendebaldean, erronka komunei aurre egiteko, hala nola klima-aldaketa edo baliabideen kudeaketa jasangarria.

NEIKER liderra den ekimenak, guztira, 1.155.564,52 euroko aurrekontua du, eta ACMG, IMIDA, EUSKALMET, IPB, CDA24, CDA64 CIM-DOURO eta CIM-VISEU entitateek osatutako partzuergo bat da. Halaber, nekazaritza-esparruko zenbait antolakundek ere parte hartzen dute, hala nola,  UAGA Arabako Nekazarien eta Abeltzainen Elkarteak, UDAPA eta Arkaute Nekazaritza Eskolak.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.