BERRIA
Errizosfera: laboreek lehorteetan irautea sustatzeko eremu estrategiko naturala
23 maiatza 2025- Nekazaritza iraunkorragoa eta erresilienteagoa sustatzen duten soluzioak garatzeko, sustrai, jariakin biologiko eta mikroorganismoen arteko interakzioak ikertzen ditugu NEIKERen.
Klima-aldaketak lehorteen maiztasuna eta iraupena areagotu egin ditu; nekazaritzaren erronka handienetako bat da gaur egun, bada. Ur-gabeziak zuzeneko eragina du landareek hazteko eta garatzeko duten ahalmenean, eta arriskuan jartzen ditu landareen produktibitatea eta laboreen kalitatea. Horri gehitu behar zaio lurzoruko mantenugaien gabezia ongarri kimikoak erabiliz osatzen dela, baina, jarduteko modu horren ondorioz, ingurumen-inpaktua handiagoa da eta, gainera, landareek egoera txarretan irauteko duten ahalmena ahuldu daiteke. Horri aurre egiteko, funtsezkoa da uraren erabilera optimizatzen duten eta landareen erresilientzia indartzen duten estrategia naturalak ikertzea.
Testuinguru horretan, errizosferak, sustraien inguruan dagoen lurzoru-zerrendak, zeregin estrategikoa du. Eremu hori ingurune dinamiko bat da. Sustraiak interakzioan daude mikroorganismoekin etengabe, eta lurzoruaren propietateak aldatzen dituzten konposatu kimikoak askatzen dituzte. Interakzio horiei esker, mantenugaiak xurgatzen dira eta ura hobeto gordetzen da lurrean, eta, horren ondorioz, laboreek hobeto aprobetxatzen dituzte baliabideak eta estres hidrikoarekiko erresistentzia handiagoa dute.
Sustraiek askatzen dituzten konposatuak —sustrai-exudatu deitzen zaie— prozesu honetako mekanismo garrantzitsu bat dira; izan ere, mantenugaiak mobiliza ditzakete, molekula organiko konplexuak deskonposa ditzakete edo lurzoruaren egiturari mesede egiten dieten mikroorganismo onuragarriak erakar ditzakete.
Lehorte-egoeretan, exudatuen konposizioa aldatu egiten da eta, horrela, errazago atxikitzen dute hezetasuna eta errazago xurgatzen dute ura sustraiek. «Ikusi dugunez, exudatu batzuetan dauden surfaktanteei esker, ura errazago sartzen da berriro lurzoruan estres hidriko baten ondoren», azaldu du Lionel Dupuy NEIKEReko Ikerbasque ikertzaileak.
Alabaina, errizosferak, lurzoruaren nutrizioan eta hidratazioan eragina izateaz gain, laboreen erresilientzia indartzen du mikrobio-jardueraren bidez. Nitrogenoa finkatu, fosfatoa disolbagarri bihurtu eta materia organikoa deskonposatzen duten bakterioek lurzoruaren emankortasuna hobetzen dute, eta landareek estres hidrikoari aurre egiteko duten ahalmena indartu.
NEIKERen badakigu prozesu horiek garrantzitsuak direla; horregatik, sustraien, lurzoruaren eta mikroorganismoen arteko harremana ardatz duten ikerketa batzuk sustatzen ditugu. «Mantenugaien xurgapena hobetzea eta laboreek egoera txarretan (adibidez, lurzoruaren lehortea edo estres nutrizionala) irauteko duten ahalmena handitzea dugu helburu, nekazaritza jasangarriagoa izaten lagunduko duten irtenbideak emateko», adierazi du Lionel Dupuyk.
Root2Res Europako proiektuaren esparruan, sustraiaren arkitekturak eta konposatuen exudazioak lurzoruko uraren galera murriztu dezaketela aztertzen dugu. BIOFLOW ekimen nazionalaren bidez, laboreek lehorteetan irauteko bakterio jakin batzuek duten zeregina aztertzen dugu. Gainera, AdSoils Europako proiektuan, lurzoru artifizialak garatzen ditugu sustraien eta mikroorganismoen arteko interakzioak hurbiletik behatu ahal izateko, hartara laboreen nutrizioa eta egokitzapena hobetzeko.
Errizosfera gehiago ezagutzeari esker, nekazaritza eraginkorragoa eta erresilienteagoa lortzeko oinarriak ezar ditzakegu, eta lurzoruaren biologia aliatu estrategikoa da erronka klimatikoei aurre egiteko eta nekazaritza-produkzioaren jasangarritasuna bermatzeko.