Albisteak

BERRIA

Ekoizpen ekologikoaren ziurtagiria lortu dugu Arkauten daukagun lursaileko zazpi hektareatan

10 martxoa 2021

NEIKERek osatu du Arkautiko finketako zazpi hektarea ekoizpen ekologikora bihurtzeko zikloa

  • Prozesua Ekolurrak ziurtatu du, Euskadiko ekoizpen ekologikoa ziurtatzen duen erakunde publikoak
  • Estrategia horrekin jarraitzea aurreikusten du, Gaunako finkan (Araba) lau hektarea inguruko azalera bihurtuz
  • NEIKERek urtean bi bisita antolatzen ditu saiakuntzetako soroetan nekazariei labore ekologikoek eskaintzen dituzten aukerak transferitzeko

NEIKERek osatu du Arkautiko finketako (Araba) zazpi hektarea ekoizpen ekologikora bihurtzeko zikloa. Ekolurrak, Euskadiko ekoizpen ekologikoa ziurtatzen duen erakunde publikoak, ziurtatu du prozesua, eta, horren ondorioz, NEIKER zentro aitzindaria da ekoizpen ekologikoko nekazaritza ikerketa egiten.

Ekolurrak onetsitako ziurtagiriak ekoizpen ekologikoaren kudeaketa egokia aitortzen du hainbat arlotan: errotazioen eta ongarritzearen kudeaketa, laboreen plaga eta gaixotasunen kudeaketa, laboreen kudeaketa adbentizioek (belar txarrak) eragin txikiagoa izateko, eta produktuak kontserbatzeko kudeaketa egokia. Hori guztia gaur egun indarrean dauden 834/2007 eta 889/2008 erregelamendu europarren arabera, erregelamendu berria 2022ko urtarrilean indarrean sartu arte, NEIKERek berriki eskainitako prestakuntza-webinarrean ikusi zen bezala.

Ekimena Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren esparruan garatu da (FOPE), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak gidatuta, eta NEIKERek eta Ekolurra-Euskadiko Nekazaritzako eta Elikadura Ekologikoko Kontseiluak dinamizatu dute. Halaber, bat dator Europar Batasunaren “Baserritik mahaira” estrategiarekin, zeinak nekazaritza ekologikoa sustatzen baitu, ingurumena errespetatzen duen praktika gisa, eta 2030erako EBko nekazaritza lur guztien %25 laborantza mota horretan aritzea du helburu.

Gaur egun, Euskadin nekazaritza ekologikoan inskribatutako azalera 6.789 hektareakoa da, eta horietan nabarmentzen dira larreak, bazkak eta proteagionosoak (4.502 hektarea); mahatsondoa (984 hektarea), fruta arbolak (375 hektarea), zereal aledunak (368 hektarea); barazkiak (231 hektarea); eta lekale aledunak (122 hektarea), Ekolurrak 2020aren amaieran emandako datuen arabera.

Eskariari dagokionez, produktu ekologikoen kontsumoa %17 hazi da azken urtean, Nielsenen arabera, eta ziurrenik hala egiten jarraituko du, merkatuak gero eta gehiago jotzen baitu elikagai osasungarri eta hurbilekoen alde.

Ezagutzen transferentzia

Testuinguru horretan, NEIKERek ekoizpen ekologikoak kudeatzeko teknikarik onenei buruzko ezagutzak ematen ditu, sektorea nabarmen hazi dadin Euskadin elikagai osasuntsuak eta ingurumena gehiago errespetatzen dutenak ekoitziz.

Horregatik, 2015. urteaz geroztik, ekoizpen konbentzionaleko saiakuntzetan erabiltzen ziren partzelak ekoizpen ekologikora gehitu ditu pixkana, errotazioak kudeatzeko estrategia bat aplikatuz, lehentasuna emanez bazka laboreei (hala nola titarroa, astorkia edo alpapa), eta horrek lagundu du lurreko adbentizioen hazien bankua kontrolatzen eta lur horien emankortasuna eta egitura hobetu du.

Ziurtagiriak bultzada ematen dio NEIKERek bere finketan egiten duen kudeaketari; horietan labore oso desberdinak probatu dira, ongarritzeko eta kudeatzeko estrategia desberdinekin –berak egindako konpostaren erabilera barne–, betiere ekoizpen ekologikoko erregelamenduek ezartzen dutenaren barruan.

Landa bisita gidatuak nekazaritza sektorearentzat

Gainera, Arkautiko Nekazaritza BHIren laguntzarekin, ikasleei prestakuntza emateko erabiltzen diren partzelak eta berotegiak ere ziurtatu dira.

FOPE programaren hasieratik, NEIKERek modu gardenean kudeatu ditu ekoizpen ekologikoko lursailak, garatutako edozein praktika ebaluatu eta sektoreari helarazi ahal izateko, eta kudeaketa modu desberdinen emaitzei buruzko informazioa emateko. Ildo horretan, NEIKERek urtean bi bisita antolatzen ditu nekazari eta teknikarientzat, lortutako aurrerapenak, zailtasunak eta emaitzak in situ jakinarazteko.

Ekoizpen ekologikoan saiakuntzak egiteko kanpotik datorren eskari handiaren ondorioz, eta lortutako emaitzen informazioaren gainean operadore askok duten interesaren ondorioz, NEIKER aurki hasiko da Gaunan (Araba) dagoen finkan lau hektarea inguruko azalera bihurtzeko prozesua.