BERRIA
Doitasunezko mahastizaintza: mahastien kudeaketa optimizatzeko bitartekoa
24 ekaina 2025- NEIKERen mahastien gaineko informazio zehatza lortzen dugu teknologia berriak erabiliz, eta, horri esker, mahastien gaineko ezagutza areagotu eta upategiei erabaki hobeak hartzen laguntzen diegu
Mahastizaintza modernoak etengabeko erronkei aurre egin behar die uztaren kalitatea eta egonkortasuna bermatzeko. Bada, erronka horiei aurre egiteko, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea bera ere etengabeko bilakaera jasaten ari da, besteak beste, teknologia berriak integratuz mahastien hazkundea hobeto jarraitzeko eta mahatsaren kalitatea hobetzeko. Testuinguru horretan, doitasunezko mahastizaintza funtsezko bitartekoa bilakatu da egungo beharretara egokitutako mahastien kudeaketa eraginkorragoa lortzeko.
Ildo horretan, NEIKERen doitasunezko mahastizaintza eta ardogintza bultzatzeko lan egiten dugu, mahastiak hobeto ezagutzea ahalbidetzen duen lan-lerroa baita, eta ezagutza behar-beharrezkoa baita ondoren mahastien maneiuaren gaineko erabaki onenak hartu ahal izateko. Horiek horrela, ikuspegi argi batekin jokatzen dugu: mahastiaren eta bere inguruaren gaineko datuak jasotzea eta aztertzea, eta, horretarako, datuak lurzoruan, landareetan, droneetan, hegazkin arinetan edo sateliteetan instalatutako sentsoreen bidez jasotzen dituzten teknologiak erabiltzen ditugu. «Jasotako informazioari esker, posible da zehaztasunez behatzea mahatsondoek zer-nolako jokabidea duten mahastiaren gune bakoitzean, eta horrek erabaki egokiagoak hartzen laguntzen du ureztatzearekin, ongarriekin edo tratamendu fitosanitarioekin lotuta», nabarmendu du Ana Aizpurua Insausti NEIKER zentro teknologiko ikertzaileak.
Lurzoruaren ezaugarriek (sakonera, testura, materia organiko edukia eta beste) mahastiaren hazkundean edo erantzun begetatiboan zer eragin duten ere aztertzen dugu, eta, horretarako ere, aipatutako sentsoreak baliatzen ditugu. Bestalde, martxan jarritako zenbait proiektutan, sentsoreen bidez lortutako informazioaren eta mahastietan bertan egindako benetako neurketen arteko harremana aztertu dugu, adibidez, hazkunde begetatiboarekin, ekoizpenarekin eta mahatsaren kalitatearekin lotuta. Informazio hori guztia osatzeko, sektoreko eragileen ezagutza eta mapa topografikoak edo litologikoak bezalako baliabide kartografikoak erabili ditugu, baliabide guztiok uztartuta mahastien gaineko diagnostiko ahalik eta osatuena eskaintzeko. Azken batean, xedea mahastiak ahalik eta ondoen ezagutzea da, ondoren ahalik eta erabaki zentzuzkoenak hartu ahal izateko jarduketa agronomikoekin, mahats-bilketaren planifikazioarekin eta beste lotuta. Gainera, NEIKERen lurzoruen eta hostoen analisiak egiteko laborategiak ere baditugu, funtsezkoak direnak diagnostiko nutrizionalak egin eta ongarriak nola erabili erabakitzeko orduan.
Erreminta teknologikoak mahastiaren zerbitzura
Azaldutakoak bezalako ikerketak egiteko, mahastien gaineko askotariko informazioa biltzea ahalbidetzen diguten zenbait erreminta teknologiko erabil daitezke. Guk, adibidez, traktoreetan instalatutako sentsoreak (Cropcircle sistema), gailu eramangarriak (Rapidscan edo SPAD), droneak eta satelite bidezko irudiak erabiltzen ditugu, eta, lortutako informazioari esker, begetazio-mapak sortzeko aukera dugu. Mapa horiek mahastien barnean mahatsondoen hazkundea nola aldatzen den erakusten digute, eta, ondorioz, jarduera begetatibo txikiagoko guneak, estres hidrikoa erakusten duten balizko seinaleak edo gabezia nutrizionalak lokalizatu ditzakegu, lagungarria dena mahastia nola maneiatu erabakitzeko orduan.
Egindako karakterizazio zehatzak, upategietan bertan aukera berriak irekitzen ditu. Adibidez, ezaugarri zehatzak dituzten lurzati edo eremuetako mahatsekin ezaugarri jakineko ardoak egin daitezke, edo tokian toki bildutako mahatsei erabilera jakin bat emateko aukera dago.
Roberto Pérez Parmo teknologoak azaldu bezala, «Itsasmendi, Artuke eta Egure Ugarte upategiekin eta Solaguen kooperatibarekin elkarlanean garatutako proiektuetan, mahastien barnean kalitate handiagoko eremuak identifikatu ahal izan ditugu pilatutako ezagutzari esker. Horri esker, sailkapen eta lanketa prozesuak hobetzen lagundu dugu».
Jakintza-transferentzia Berritzen planaren bidez
Pilatutako ezagutza sektore guztira hel dadin, 2025ean proiektu espezifiko bat jarri dugu martxan NEIKERen Berritzen planaren markoan, zehazki, «Berritzen praktikak» ardatzaren barruan. Ekimen horren bitartez, Arabako Errioxako zenbat upategi bisitatuko ditugu ABRA, UAGA eta SUBSIERRA bezalako erakundeekin batera, helburu hartuta NEIKERek azken urteetan ikertutako praktikak ezagutaraztea eta baldintza errealetan aplikatzea.
Jakintza-transferentzia bultzatzeko asmoz, entseguak zuzenean mahastietan egiteko aukera ere izango da, upategi bakoitzari aukera emateko egiaztatzeko garatutako teknikek euren luzatietan zer emaitza ematen duten, ondoren eskala handiagoan aplikatu edo ez erabaki dezaten. «Sektorearekin indarrean jarritako elkarlanari esker, ikerketaren eta praktikaren arteko lotura indartzen dugu, proiektu zientifikoetan sortutako ezagutza mahastizaintza eraginkorragoa lortzeko erreminta baliagarri bilakatzea erraztuz, klima aldaketak planteatutako erronketara hobeto egokituko den mahastizaintza eraginkorragoa bultzatuz», nabarmendu du amaitzeko Roberto Pérez Parmok.