Albisteak

BERRIA

CO2FARM proiektua: karbono-nekazaritzaren merkatu bat ezartzeko gakoak identifikatzeko bidean

1 uztaila 2024
  • CO2a harrapatzeko duen gaitasunagatik, karbono-nekazaritza tresna giltzarria da Europan neutraltasun klimatikoa lortzeko

Aclima-Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkarteak CO2FARM proiektua jarri du martxan, NEIKERekin elkarlanean. Egitasmo horren bitartez, Euskadin karbono-nekazaritzaren merkatua garatzeko aukerak aztertu eta horretarako giltzarriak identifikatzea da xedea.

2050ean neutraltasun klimatikoa erdiesteko, Europar Batasunak, berotegi-efektuko gasen isurketak murriztu ez ezik, hondakin-isuriak konpentsatu behar ditu, atmosferako karbonoa xurgatuta. Green deal delakoaren markoan inplementatzen ari diren industria deskarbonizatzeko estrategien artean, Europar Batasunak hemendik 2050era bitarte neutraltasun klimatikoa lortzeko egingo duen ahaleginaren parte handi bat izango da nekazaritzako lurretan karbonoa xurgatu eta harrapatzea.

Europako Parlamentuak apirilean onartu zuen Karbonoa Deuseztatzeko Ziurtagiri Marko berria (ingelesez, Certification of carbon removals), eta urtearen amaieran arautegi gisa formalki onartzea espero da; horrekin batera, marko hori baliatzea giltzarri izango da karbonoa harrapatu eta deuseztatzea errazteko. Araudiak kalitate-irizpideak eta horiek egiaztatzeko arauak ezarri ditu, bai eta ziurtagiria hiru kategoriatan banatu ere: karbonoa behin-betiko deuseztatzea, karbono-nekazaritza edo -laborantza, eta karbonoa produktuetan metatzea.

Karbonoa behin betiko deuseztatzen duten industria-teknologiek karbonoa harrapatu eta mendeetan zehar gordetzen dute, modu seguruan. Karbono-nekazaritzak bere baitan biltzen ditu prozesu biologikoen bitartez karbonoa bahitu eta biodibertsitateari onura ekartzen dioten praktikak, izan nekazaritza-lurretan, hezeguneetan, basoetan edo kostaldean.

Jarduerek ziurtagiria eskuratzeko, lau irizpide hauek bete behar dituzte: kuantifikazioa, izaera osagarria, epe luzerako metaketa eta jasangarritasuna. Azken irizpide horri dagokionez, karbono-laborantzako jarduera batek albo-onura bat ekarri behar dio biodibertsitateari, gutxienez.

Ziurtagiria duten karbono-xurgatzeak monetizagarriak dira, isurketak konpentsatzeko harrapatze- eta deuseztatze-proiektuak finantzatzen dituzten erregimen pribatuen bitartez, esaterako, nekazariei karbonoa lurzoruan atzitzen duten nekazaritza-praktika jasangarriak egiteagatik ordaintzea; hala, negozio-eredu berriak sortuko dira nekazari eta basoginentzat, eta haiek, aldi berean, onura esanguratsuak ekartzen dizkiote biodibertsitateari.

Lurzorua, karbono-erreserbarik handiena

Lurzoruak dira lurreko karbono-erreserbarik handiena, aireko biomasak baino ia hiru aldiz karbono gehiago biltegiratzen baitute, eta atmosferan dagoen karbono-kantitatearen bikoitza. Hala ere, lurzoruaren karbonoaren azpiko dinamika, zeharkako onurak eta konpentsazioak kontuan hartzen dituzten ebaluazio zehatzak falta dira, baita ziurtapen-sistemen diseinuari buruzko gobernantza-gaiak ere.
Zehazki, NEIKERek ekimenean izango duen zeregina lurzoruek karbonoa bahitzeko duten gaitasuna aztertzea izango da. Horretarako, funtsezkoa da ekosistema edafikoaren funtzionamendua ulertzea; izan ere, karbono bahiketa lurrean materia organikoa (MO) sartzean eta mineralizaziotik babesten duten egonkortze-mekanismoetan oinarritzen da.

Zentro teknologikoak hainbat ikuspegitatik ebaluatuko ditu borondatezko konpentsazioen merkatuan saldutako lurzoruaren karbonoaren ziurtagiri pribatuak: lurzoruaren zientzietatik, arreta jarriz lurzoruaren prozesuetan, KSA bahitzeko ahalmenetan eta KSAen aldaketak neurtzeko aukeretan; lurzoruaren kudeaketan, KSAen erreserben handitzea sustatzeko eskura dauden neurrietan zentratuz, eta haien sinergietan eta konpentsazioetan zentratuz; eta lurzoruaren gobernantzan, epe luzeko karbono-erreserbak handitzea bermatzeko neurrietan zentratuz.

Europar estandarizazioa

Egun, egon badago karbono-merkatu boluntario bat, zeinak haien CO2-isurketak konpentsatzeko aukera eskaintzen baitie erakunde publiko nahiz pribatuei, enpresei eta herritarrei, euren klima-ekintzarekiko konpromisoaren parte gisa. Akreditazioa emateko, hainbat estandar eta metodologia hartzen dira oinarritzat. Merkatu boluntarioan dauden ziurtagiriak emateko eskema-moten hetereogeneotasuna eta kredituak sortzeko aukeran dauden proiektuen kategoria askotarikoak tarteko, karbono-kredituaren salneurria (tona bat CO2-ren murrizte/xurgatzeari dagokiona) tarte zabalean mugitzen da merkatuan. Europan marko estandarizatu bat edukitzeak sendotu egingo du merkatu hori, eta sinesgarritasuna emango dio.

Ecosystem marketplace erakundearen azken txostenaren arabera, 2023an, karbono-merkatu boluntarioan suertatutako transakzio guztien balioa 723 milioi dolarrekoa izan zen, eta erosleek 6,53 dolar ordaindu zuten karbono-kreditutan, batez beste, CO2-tona. Morgan Stanley aholkularitzaren kalkuluen arabera, karbono-merkatu boluntarioa 100.000 milioi dolarrera heldu liteke 2030ean, eta 250.000 milioira 2050ean.

Aukerak Euskadin

Euskadiko landa-lur zabalek lurraldearen % 90 hartzen dute, eta balio ekologiko gehigarria ematen diote eskualdeari; gainera, alternatiba ezin baliotsuagoa eskaintzen dute karbono-nekazaritzako praktikak inplementatzeko. Nekazaritzako kudeaketa-eredu horrek osatu egin litzake euskal industriaren emisioak konpentsatzeko mekanismoak, eta bi sektoreen arteko elkarlanerako marko bat eskain lezake, alde guztientzat onuragarria.

Olatz Unamunzaga NEIKEReko Berrikuntza eta Teknologia arduradunak azaldu duenez, “Euskadi bere tradizio eta bokazio industriala eta nagusiki landa-lurraldea uztartzen dituen herrialdea da, eta horrek aukera ezin hobea eskaintzen du” carbon farming “(karbono-nekazaritza) tresna ezartzeko, industria batzuen isuriak konpentsatzeko beharrak -fintzea, siderurgia, galdaketa, zementua eta pasta eta papera- nekazaritza eta landa-lurraldearen hustubide-ahalmenarekin lotzeko”.

CO2FARM proiektua 2024ko abendura arte luzatuko da. Aurreikusitako ekimenen artean, hauek nabarmenduko dira: mugak eta, euskal errealitatera moldatuta, hemen kopiatu daitezkeen eredu arrakastatsuak aztertzea; berotegi-efektuko gas gehien isurtzen duten sektoreen konpentsazio-eskaria analizatzea, eta lurrak karbonoa harrapatzeko duen gaitasunean oinarritutako lehenengo sektorearen konpentsazio-eskaintza potentziala analizatzea.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatu du, Arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko Elkartek laguntza programaren bitartez.