Albisteak

BERRIA

CLIMACAL, Big Data upategien zerbitzura

21 azaroa 2022

CLIMACAL, Big Data upategien zerbitzura

  • Proiektua 2021eko urrian sortu zen, Bodegas Faustinoren, Pernod Ricard Winemakers Spainen eta NEIKERen arteko lankidetzaren ondorioz, eta aurrera jarraitzen du mahatsaren kalitatea mahastietako baldintza agroklimatikoen arabera goiz iragartzeko tresna adimendun berri baten garapenean.

Proiektua garatu bitartean, 2015-2022 kanpainetako kalitatearen datu historikoen bilketa egin da, eta estazio agroklimatikoen sare bat hedatu da proiektuan aztertutako lursailetan. Horrela, interpolazio tekniken bidez, lursail horietarako datu agroklimatiko historikoak sortu dira (2015-2022). Horrenbestez, 8 kanpainatako datuak aztertu ahal izan dira, emaitza esanguratsuak lortzeko.

Informazio horren analisiak agerian utzi du zenbait adierazle klimatikok mahatsaren azken kalitatean duten eragina, horien artean “Winklerren Integral Termikoa” egonik. Gainera, erregresio teknikak erabiliz, proiektuan kalitate parametroen bilakaera iragartzeko sistema bat garatuko da, AEMETek emandako klima iragarpenak kontuan hartuko dituena.

CLIMACAL mahats bilketaren aurretik mahatsaren kalitatea zehaztea ahalbidetuko duten eredu prediktiboetan oinarritzen da, eta, horrekin batera, upategiei mahastizaintza-ardogintzako estrategiak egokitzen lagunduko diete, zenbait alderdi landuz: mahats bilketaren plangintza (data, hautatutako mahats bilketa, mahatsaren helmuga ardo motaren arabera) produktuen eta prozesuen diseinua (logistika, erosketak, salmentak, etab.), eta etorkizuneko interbentzio eta maneiuen planifikazioa, bai mahastian bertan, bai upategian.

Kontuan hartuta koronabirusaren pandemiak kontsumoan eragin berri dituen aldaketak, krisi ekonomiko hasiberria eta ardoaren merkatuko joera berriak, Big Dataren erabileran oinarritutako tresnak, hala nola CLIMACAL, oso lagungarriak izan daitezke upategientzat, euskarri bat ematen dutelako erabakiak hartzeko, bai landan, bai upategian, eta malguagoak izateko eta estrategiak hobeto planifikatzeko, eta, beraz, ekoizpenak eta prozesuak hobetzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saila finantzatzen du CLIMACAL proiektua, guztira 72.165,25 euroko dirulaguntza emanez, eta 2022ko abenduan amaituko da. Hala ere, eredu prediktiboan informazioa txertatzen jarraituko da, eta, horrela, bere zehaztasuna hobetu egingo da kanpaina bakoitzarekin, eskuragarri dauden datuen bolumena handitzen doan heinean.