BERRIA
Basoko abeltzaintzako praktikak basoetan txertatzea baso-suteen arriskua prebenitzeko
19 iraila 2025
- NEIKERen LIFE SILFORE proiektu europarra koordinatzen dugu; proiektu horrek demostratu nahi du zer ahalmen duen basoko abeltzaintzak landare-material sukoia murrizteko, beste gai batzuen artean, eta, horrela, baso-paisaiaren erresilientzia handitzeko
- Lehen emaitzen arabera, % 40-60 inguru murriztu da biomasa sukoia azterketa-eremuetan
2025eko uda gogorra izan da Espainian, gogorrenetako bat, baso-suteei dagokienez. Abuztuaren erdialdera arte, 343.000 hektarea jan zituen suak. Zifrarik handiena da hori 1994az geroztik. Bero-boladak, bizi dugun klima-larrialdian izaten ari garen luzaroko lehorteak eta landa-kudeaketaren abandonua direla eta, suak azkar hedatzen dira, inoiz baino biziago, gainera. Egoera horrek erakutsi digu prebentzioa indartu beharra dagoela. Horretarako, nekazaritza- eta baso-paisaiak aktiboki kudeatu behar dira, biodibertsitatea eta lurraldea funtzio askotarako erabiltzea sustatuko dituzten estrategiak oinarri hartuta, eta biomasa sukoia pilatzea saihestu.
Hori horrela izanik, NEIKERen LIFE SILFORE proiektu europarra kudeatzen dugu, eta demostratu nahi dugu zeinen tresna efikaza den basoko abeltzaintza baso atlantiko eta azpiatlantikoetan sute-arriskua prebenitzeko. Hona zertan datzan basoko abeltzaintza: arraza autoktonoen (terreña behia eta sasi-ardia EAEn) abeltzaintza estentsiboa integratzea baso-plantazioetan eta basoetan, sastraken hazkuntza eta, beraz, material sukoiaren kopurua kontrolatzeko. Proiektuak, gainera, sustatzen du pinudiak baso misto bihurtzea, askotarikoagoak eta lehorteekiko erresistenteagoak diren espezieekin; horrela, ekosistema egonkorragoa eta funtzionalagoa izango da.
Ekintza horien osagarri, teknologia berritzaileak eta kudeaketa moldatzaileko planak ditugu. Teknologia berritzaileak dira, esate baterako, hesi birtualak, eta, horiei esker, doitasunezko abeltzaintza egin daiteke behin betiko azpiegiturarik gabe. Kudeaketa moldagarriko planek, bestalde, abeltzaintza-karga eta aprobetxamendu-egutegia doitzen dituzte, landarediaren bilakaeraren eta sute-arriskuaren arabera.
Jarduketa horien bidez, sute handiak sortzea eta sua azkar hedatzea eragiten duten faktore nagusien inpaktua murriztu nahi du LIFE SILFOREk. Bada, landarediaren jarraitutasuna eta egitura-dibertsitatearen gabezia dira faktore horiek. Bada, hainbat espezie eta geruza baliatuz mosaiko-itxurako pasaiak sortzeak etenak sartzen ditu eta, horiei esker, gutxiago hedatzen dira sugarrak eta errazagoa da suteak itzaltzea.
«Bigarren neurketa-zikloan gaude oraindik eta hirugarren bat falta dugu. Hala ere, lehen emaitzen arabera, % 40-60 inguru murriztu da biomasa sukoia azterketa-eremuetan», Isabel Albizu NEIKEReko Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Saileko ikertzaileak esan duenez. «LIFE SILFORErekin, kasu bakoitzean erabili beharreko irizpideei buruz ikasten ari gara, zona bakoitzean egokienak diren jarraibideak aplikatzeko. Emaitzak hainbat alderdiren araberakoak dira; hauek, esate baterako: landaredi mota eta landarediaren hasierako egoera, animalien aukeraketa (ingurura ondo egokituta dauden landa-arraza autoktonoak izan behar dira), larreratze-egunen kopurua eta urteko garaia», gehitu du Albizuk.
Onura sozioekonomikoak
Egiturazko prebentzio-estrategia hauek, gainera, onura sozioekonomikoak dakartzate. Hauek lortzen dira eredu horri esker: baso-mantentzearen kostuak murriztea, ekonomia dibertsifikatzea (izan ere, egur-ekoizpena eta nekazaritza konbinatzen dira), bazka-autonomia indartzea eta garapen-aukera berriak sortzea landa-ingurunean (tokiko arrazak balorizatzeari eta enplegua sortzeari esker).
2027ra arte luzatuko da proiektua, eta kolaboratzaile-sare handia du iberiar penintsulan: Bragançako Institutu Politeknikoa (Portugal), Elikagaien Kalitatearen Galiziako Agentzia, Baso Industriaren Galiziako Agentzia, Asturiasko SERIDA eta Santiago de Compostelako Unibertsitatea. EAEn, hauek parte hartzen dute: Orozkoko Udalak, Jauregiko eta Aziluko administrazio-batzarrek eta Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiek.
Guztira, partzuergoak hamaika demostrazio-zona abiarazi ditu 92,4 hektareatan banatuta, iberiar penintsularen ipar-mendebaldearen dibertsitate ekologiko eta sozioekonomikoaren erakusle, eta asmoa da Europako beste eskualde batzuetan gauza bera egitea.
Saiakuntza teknikoez gain, LIFE SILFOREk garrantzi handia ematen dio ezagutza transferitzeari eta gizartea sentsibilizatzeari. «Gidak eta tresna digitalak egingo ditugu eta kudeatzaile, baso-teknikari, nekazari eta herritarrei zuzendutako jardunaldiak antolatuko ditugu nabarmentzeko suteak prebenitzea zeregin kolektiboa dela eta, horretarako, praktika tradizionalak berriz baliatu behar ditugula, nekazaritza estentsiboaren alde egin behar dugula eta basoak modu jasangarrian erabiltzea sustatu behar dugula», esan du amaitzeko ikertzaileak.