Albisteak

BERRIA

Artzaintza birsortzailea abeltzaintza jasangarriagoa sustatu eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko

27 otsaila 2025

 

  • NEIKERren 2013tik daramagu Arkauteko gure zentroan artzaintza birsortzailea ikertzen, eta, horretarako, 10 larre-hektarea baino gehiago eta ardi latxen artalde bat ditugu
  • Inplementatutako praktikei esker belar-ekoizpena % 30 haztea lortu dugu, eta lurzoruetako karbono-finkapena ere % 4 hobetu dugu, lurzoruen eta ekosistemen birsorkuntza eta abeltzaintzaren jasangarritasuna sustatuz

 

Sarri nekazaritzako edo artzaintzako zenbait jarduerak ondorio negatiboak dituzte lurzoruen eta larreen kontserbazioan eta osasunean. Adibidez, laborantzak lurzoruak gorri, soil, erosioaren menpe uzten ditu, eta sarri gutxi baloratzen den baliabide bat galtzea ere eragin dezake. Gehiegizko artzaintzak ere belardietako espezie interesgarriak galtzea eragiten du, eta, ondorioz, beharrezkoa da aldian-aldian haziak berriro botatzea. Ondorio kaltegarriei aurre egin eta larreak lehengoratzeko, errotaziozko artzaintza birsortzailea irtenbide eraginkorra da; gainera, animalientzat ez ezik, lurzoruentzat eta ekosistementzat ere onuragarria da.

Bada, horren jakitun, NEIKERren 2013tik daramagu Arkauteko gure zentroan artzaintza birsortzailea ikertzen eta aplikatzen, eta, horretarako, 10 larre-hektarea baino gehiago eta ardi latxen artalde bat ditugu.

Egitasmoa inplementatzeko, gure lursaila lurzati txikiagoetan zatitzen dugu, eta, bakoitzean, ardi ugari baina epe oso motzetan izaten ditugu (normalean egun bat bakarrik, baina beti hiru egun baino gutxiago). Ondoren, lurzatiari atseden ematen diogu denbora batez, berriro erabili arte. Atseden-denbora urteko sasoiaren araberakoa izaten da. Larreak ustiatzeko modu horri esker, lurzoruak eta landaredia modu eraginkorragoan birsortzen dira, lurzoruetan eta larreetan biodibertsitate handiagoa sortzen da, eta, horrek, noski, lurzoruen eta ekosistemen osasuna hobetzen du.

 

% 30eko hazkundea belar-ekoizpenean 

Orain artean lortutako emaitzek frogatzen dutenez, errotaziozko artzaintza birsortzaileak lurzoruaren karbono-bahitzea areagotzen du, eta, bide batez, lurzoruaren emankortasuna hobetzen du eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egiten die. «Inplementatutako praktikei esker belar-ekoizpena % 30 hazi da, lurzoruetako karbono-finkapena % 4 areagotu da eta ura atxikitzeko lurzoruen gaitasuna handitu da. Horrenbestez, ekosistemen birsorkuntza eta erresilientzia sustatu ditugu», azaldu du NEIKERreko Animalia Ekoizpeneko Saileko Nerea Mandaluniz ikertzaileak.

Euskadiko abeltzaintzako ustiategietan nola aplikatu

NEIKERrek sustatutako errotaziozko abeltzaintza birsortzaile eredua Euskadiko zenbat ustiategitan erabiltzen da dagoeneko, bai ardiekin bai behiekin lan egiten dutenak. NEIKERren garatutako eredua aplikatzeko, beharrezkoa da abeltzainek prestakuntza espezializatua jaso dezaten, bai lurzoruaren garrantziaren inguruan, bai lurzorua erabiltzeko praktika ezberdinek duten inpaktuaren inguruan. Prestakuntzari esker, abeltzainek abereak behar bezala lekualdatuz beren lurrak hobeto kudeatzeko ezagutzak jasotzen dituzte.

Errotaziozko artzaintza birsortzailea modu eraginkorrean garatzeko, funtsezkoa da plangintza zehatza izatea, bai animalien mugimenduak kudeatzeko bai lurzati bakoitzak sasoi bakoitzean dagokion errekuperazio-denbora jasotzen duela bermatzeko. Prozesu horretan, itxitura elektrikoak oso baliagarriak dira, erabiliko diren lurzatiak mugatzeko eta lurzation tamainak egokitzeko aukera ematen baitute. Era berean, beharrezkoa da animaliek lurzati bakoitzean ura eskuragarri izatea, hori bai, betiere espazioaren erabilera orekatua bultzatuz eta ur-iturriak zona batzuetan besteetan baino gehiago kontzentratzea saihestuz. Hau da, leku jakin batzuetan animalia gehiegi edo gutxiegi pilatzea saihestu behar da.

Artzaintza birsortzaileak Europako Itun Berdean jasotako “Baserritik mahaira” estrategiarekin bat egiten du, elikadura sistema jasangarriagoak eta eraginkorragoak sustatu nahi dituena baliabide naturalen erabilera arduratsuaren bitartez.

Related posts