Albisteak

BERRIA

Arrantzako hondakinak ongarri biologiko bilakatzea, nekazaritza jasangarria bultzatzeko irtenbidea

11 azaroa 2025

 

  • NEIKER zentro teknologikoak SEA2LAND ekimen europarra koordinatu du, arrantzako azpiproduktuak ongarri biologiko bilakatzeko
  •  Arrantza-ontzietako hondakinetatik mineralak ordezkatzeko gai diren ongarri biologikoak lortu dira, lurzoruen osasunarentzat onuragarriagoak direnak
  •  Sortutako ongarriek inportatutako ongarriekiko mendekotasuna murrizten lagunduko dute, funtsezkoa dena ezegonkortasun geoestrategiko garaietan, eta aukera ematen dute ingurumena gehiago errespetatzen duen nekazaritza sektore baterantz urratsak egiten jarraitzeko

 

Europak erabiltzen dituen ongarrien erdiak baino gehiago inportatzen ditu urtero, asko Errusiatik eta Marokotik. Egoera horrek ez ditu soilik nekazaritza sektorearen kostuak garestitzen, baizik eta nazioarteko tentsio-egoeren aurreko zaurgarritasuna areagotzen du, bai eta nekazaritzako ekoizpena baliabide fosiletara eta mineraletara lotu ere, hau da, energia kontsumo handiarekin eta ingurumen-inpaktu nabarmenarekin erauzten diren baliabideetara.

Bada, egoerari aurre egiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko NEIKER zentro teknologikoak Europar Batasunaren Horizon 2020 programak finantzatutako SEA2LAND proiektu europarra koordinatu du.

Ekimenaren helburua arrantza eta akuilkultura industriaren hondakinak, Europar Batasunean 5,2 milioi tona hondakin sortzen dira urtean, oinarri biologikoko ongarri (BBF) bilakatzea izan da, bai eta partzialki edo erabat ordezkatzea egun erabiltzen diren pestizida sintetikoak. Azken batean, nekazaritza jasangarriago baterantz urratsak egiten jarraitu nahi izan da. Oinarri biologikoko ongarriak gai dira ongarri mineralak ordezkatzeko, bide batez inportatuko intsumoekiko mendekotasuna murriztuz, funtsezkoa dena ezegonkortasun geoestrategikoko garaietan.

«Estrategia honek ez ditu soilik azpiproduktu hauek dituzten funtsezko nutrienteak baliatzen, adibidez nitrogenoa, fosforoa edo potasioa, baizik eta hondakinen kudeaketa txarraren ingurumen-inpaktua murriztu eta ekonomia zirkularra sustatzen du. Era berean, aintzat hartu behar da fosforoa dela nekazaritzan kritiko bilakatuko den hurrengo elementua, funtsezkoa baita laboreen garapenean», nabarmendu du Mirian Pinto doktoreak, NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazioko Departamentuko ikertzailea. «Gaur egun, gainera, erabili ditugun hondakinetako asko alferrik galtzen ziren: zuzenean itsasora bota edo zabortegietara eramaten ziren. SEA2LAND ekimenari esker, hondakinak alferrik ez galtzea lortzeaz gain, ustez inolako baliorik ez zuen zerbaiti balioa ematea lortu dugu», azaldu du Pinto doktoreak.

 

Tokiko hondakinen balorizazioa

Euskal Autonomia Erkidegoan abian jarritako egitasmoetan, NEIKER atunarekin lan egiten duten kontserba-enpresetako gatzunen balorizazioan zentratu da. Aintzat hartu behar da gatzunak hondakin bereziki konplexuak direla gazitasun maila altua dutelako. Bada, hondakinok ongarri biologiko bilakatzeko, biorremediatze prozesu bat jarri da abian mikroalgak erabilita, uretan dauden nutrienteak atxiki eta nekazaritzarako konposatu baliagarri bilakatzen baitituzte. SEA2LAND proiektuari esker lortutako ongarri biologikoak lurzoruen osasunarentzat onuragarriak dira, lurzoruen funtzio metabolikoak estimulatu eta lurzoruetako mikrobioen jarduera areagotzen baitute.

Abian jarritako ikerketa-lerroa Europako beste zenbait eskualdetan garatutako beste teknologia batzuekin osatu da, adibidez bokashi edo konpostaje aurreratua bezalako energia kontsumo baxuko metodo sinpleak, hidrolisi entzimatikoa bezalako beste prozesu askoz sofistikatuagoak –konposatu konplexuak deskonposatzen dituztenak nutrienteak askatzeko–, edo mikroalgen ekoizpena, hondakin-uretatik abiatuta ongarri likido biologikoak sortzea ahalbidetzen duena helburu bikoitz batekin: efluentea leheneratzea eta ongarri berria sortzea.

 

Lurzoruaren emankortasuna hobetzen dute

Lortutako produktuen eraginkortasuna ebaluatzeko asmoz, zentro teknologikoak landa-entseguak egin ditu Derioko instalazioetan, adibidez brokoliarekin. Helburua lortutako ongarriek lurzoruaren emankortasunean eta osasunean zer eragin zuten aztertzea izan da. Bada, Mirian Pinto doktoreak nabarmendu duenez, «emaitzek erakusten dute SEA2LAND proiektuaren eskutik lortutako ongarri biologikoak onuragarriak direla lurzoruaren osasunarentzat. Izan ere, lurzoruen funtzio metabolikoak estimulatzen dituzte, mikrobioen jarduera areagotuz eta bide batez lurzoruen emankortasuna eta laboreen erresilientzia sustatuz».

Gainera, azpiproduktuetan oinarritutako ongarri berriotako batzuek europar araudia betetzen dute, nekazaritza ekologikorako ere baliagarriak izanik, bermatzen duena seguruak eta nekazaritza sistema ezberdinetan aplikatzeko modukoak direla. Egindako probak oinarri hartuta, kalkulatzen da Europa mailan urtean 1,8 milioi tona nitrogeno errekuperatzeko modua egongo litzatekeela prozesuok martxan jarriz gero; ez hori bakarrik, inportatutako ongarriekiko mendekotasuna murriztuz eta nekazaritza jasangarriago baterantz pausoak emanez egingo litzateke.

Era berean, proiektuak indar berezia jartzen du jakintza nekazaritza eta arrantza bezalako sektoreetara transferitzean. Helburu horrekin, jardunaldi teknikoak antolatu dira, bai eta txosten zehatzak argitaratu ere ongarri biologikoak landetan aplikatzeko gomendio praktikoekin. Azken batean, helburua nekazaritza sektoreak ongarriak laboreetan era seguruan eta eraginkorrean erabili ahal izatea da.

SEA2LAND ekimena 11 herrialdetako 26 bazkidek osatutako partzuergo batek eraman du aurrera. Bazkideen artean AZTI bezalako ikerketa zentroak, Barna bezalako arrantza sektoreko enpresak eta nekazarien erakundeak daude.

Era berean, aintzat hartu behar da ekimenak bat egiten duela Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiarekin, helburu duena material zirkularren erabilera-tasa areagotzea eta produktibitate materiala sustatzea. Europako Bioekonomiako Estrategiaren helburuekin ere bat egiten du, nekazaritza sektorearen jasangarritasuna eta autonomia indartuz.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.