Albisteak

BERRIA

Arrantza industriako hainbat tona hondakin bioongarri bihurtzeko Europako proiektu bat koordinatzen ari gara

16 otsaila 2021

Arrantza industriako hainbat tona hondakin bioongarri bihurtzeko Europako proiektu bat koordinatzen ari da NEIKER

  • SEA2LAND proiektuaren helburua da arrantza eta akuikulturako hondakinak errebalorizatzea, prozesu berritzaileen bitartez ekoitzitako ongarri biobasatuen bidez.
  • Europar Batasuneko urteko arrantza hondakinak 5,2 milioi tona dira
  • Eusko Jaurlaritzak ere sustatutako Europako estrategiaren barruan kokatzen da, etorkizuneko eredu ekonomiko gisa baliabide biologikoetan oinarritutako ekonomia sustatzen baitu

Europako “Producing advanced bio-based Fertilizers from fisheries Wastes” (SEA2LAND) proiektua NEIKERek koordinatzen du, eta jarri duen helburua da oinarri biologikoko ongarriak ekoizteko aukerak eskaintzea, arrainaren prozesamenduko eta akuikulturako azpiproduktuetatik abiatuta.

Urtero, munduko arrantza industriak 20 milioi tona azpiproduktu baino gehiago sortzen ditu, eta horietako gehienak ez dira aprobetxatzen. Itsas arrantzako harrapaketak prozesatu ondoren, guztizkoaren %25 hondakin gisa baztertzen da, bilatzen ez ziren espezieak edo arrainaren prozesamendu industrialaren beste hondakin batzuk barne. Europar Batasuneko urteko arrantza hondakinak 5,2 milioi tona izaten dira. Hondakin horiek nitrogenoa, fosforoa, potasioa, burdina, kobrea edo zinka bezalako mineralak dituzte, baita bitaminak eta beste konposatu batzuk ere, nekazaritzako ekoizpenerako berreskura eta erabil daitezkeenak.

Horrez gain, Europan kontsumitzen diren ongarrien %80 iturri fosiletatik eta prozesu industrialetatik dator, energia kantitate handia behar dutelarik, edo fosforo arroka bezalako iturri ez berriztagarrietatik. Hortik ateratzen da fosforoa, funtsezko elementua nekazaritzarako, eta Europar Batasunak material kritikotzat sailkatu duena.

Paradoxikoki, Europako nekazaritza, hein handi batean, kanpoko iturrien menpe dago funtsezko ongarri horiek eskuratzeko, eta, aldi berean, mineral kantitate handiak isurtzen dira ingurumenera hondakin organikoen fluxuen bitartez, horien artean egonik aipatutako arrantza industriako hondakinak. Hondakin horien aprobetxamenduak nekazaritzarako 1,8 milioi tona nitrogeno berreskuratzea ahalbidetuko luke.

 

Nutrienteak berreskuratzeko teknologiak hobetzea eta egokitzea

Testuinguru horretan, SEA2LAND proiektuak, zeina Europako H2020 programak finantzatzen baitu, guztira 8,8 milioi euroko aurrekontuarekin, irtenbideak eman nahi ditu elikagaien ekoizpenari, klima aldaketari eta hondakinak berrerabiltzeari lotutako erronkak gainditzeko, hondakin organikoen fluxu horiek erabiliz. Horretarako, proiektuak nutrienteak berreskuratzeko teknologiak hobetu eta egokituko ditu, arrainaren eta akuikulturaren eraldaketako azpiproduktuetatik oinarri biologikoko ongarriak sortzeko.

SEA2LAND bioekonomia ─baliabide biologikoetan oinarritutako ekonomia─  etorkizuneko eredu ekonomiko gisa bultzatzen duen Europako estrategiaren barruan txertatzen da. Halaber, biokonomiarako trantsizioa sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren barruan dago.

Bioekonomia baliabide biologiko berriztagarrien erabileran oinarritzen da, eta eredu ekonomiko tradizionala aldatzen saiatzen da, ondasunen horniduraz gain baliabide naturalen kontserbazioa ere bermatuko duen beste eredu bat erabiliz.  Filosofia horren barruan, funtsezko neurrietako bat da ekoizpen sistemetan sortutako produktu guztiak aprobetxatzea, ahal den neurrian, ‘hondakin’ kontzeptua gure bizitzatik desagerrarazi eta lehengai berri bihurtuz.

SEA2LANDek teknologiak optimizatuko ditu, horietako batzuk konbinatuta (konpostatze aurreratua, biolehorketa, kontzentrazioa eta izozketa bidezko erauzketa, algen ekoizpena, pirolisia, mintzen teknologia, kitinaren erauzketa, zatikatze termomekanikoa, hidrolisi entzimatikoa…), oinarri biologikoko ongarriak sortzeko, neurrira egokituta, bai tokiko labore eta baldintzetarako, bai esportaziorako.

Proiektuaren oinarria da bioongarriak eskualdeetan ekoiztea, esparru lokal eta zirkular batean, demostraziorako planta pilotuak garatuz, Europa osoan erreplikatu ahal izango direnak.  Proposamena da 10 teknologia 7 azterketa kasutan inplementatzea, arrantza sektorea ordezkatzen duten 6 eremutan (Ipar itsasoa, Baltikoa, Atlantikoa, Kantauri itsasoa, Mediterraneoa eta Itsaso Adriatikoa).

 

11 herrialdetako 26 bazkide

SEA2LAND proiektua lankidetza bidezko 4 urterako Berrikuntza Ekintza bat da, EBk finantzatzen du 7,7 milioi eurorekin, Horizon 2020 programaren esparruan, H2020-RUR-2020-1 deialdian. SEA2LAND 2021eko urtarrilean abiatu da, eta lehen koordinazio bilera urtarrilaren 27an eta 28an egin da.

SEA2LAND proiektua NEIKER zentro teknologikoak koordinatzen du eta 11 herrialdetako 25 bazkide ditu: Liegeko Unibertsitatea (ULIEGE), Fibl Europe – Forschungsinstitutfur Biologischen Landbau Europan (FIBL EU) eta Belgikako Universiteit Gent (UGENT); Kroaziako IPS Konzalting Doo Za Poslovne Usluge (IPS); Estoniako Nutriloop Ou (NUTRI) eta Eesti Taimekasvatuse Instituut (ECRI); Frantziako Center Regional D’Innovation et de Transfert de Technologie Agroressources (CATAR), Institut National Polytechnique de Toulouse (INPT) eta Chambre D’Agriculture des Pyrenees Atlantiques (CAPA); Italiako Universita Politecnica delle Marche (UNIVPM), Universita degli Studi di Milano (UMIL) eta Societa Cooperativa Pescatori Molluschicoltori; Maltako Aquabiotech Limited (ABT); Norvegiako Gronn Gjodsel As (Grønn), Norsk Institutt for Biookonomi (NIBIO) eta Norsk Landbruksradgiving Nord Norge (NLR-NN); Portugalgo Instituto de Soldadura e Qualidade (ISQ); Espainiako Barna, Caviar Pirinea, AZTI, Fundacio Universitaria Balmes (UVIC-UCC), Fertinagro Biotech SL eta Iniciativas Innovadoras Sal (INI); Suitzako Forschungsinstitut Fur Biologischen Landbau Stiftung (FIBL-CH) eta Txileko Instituto de Investigaciones Agropecuarias (INIA).

 

 

Related posts