Albisteak

BERRIA

Ardien intseminazio artifiziala: zer faktorek eragiten dioten ugalketa teknika hori eraginkortasunez aplikatzeari

10 ekaina 2025

 

  • NEIKERen, zenbait faktore analizatzen ditugu ugalketa-teknika hori zehaztasun handiagoz aplikatzeko, tartean, animaliaren adina, gorputz-egoera eta ugalketa-zikloaren unea

 

Ardi-aziendaren ugalketa-eraginkortasuna etengabeko helburua da ugalketa-sistemetan, batetik, produktibitatean duen eragina dela eta, eta, bestetik, artaldearen plangintzarekin eta jasangarritasun ekonomikoarekin duen lotura dela eta. Kudeaketa-teknikak hobetu dira, baina, oraindik ere ez da erraza emaitza homogeneoak lortzea, batik bat intseminazio artifiziala aplikatzen denean, beste teknika batzuen artean; izan ere, plangintza zehatza behar da eta faktore biologikoak, ingurumenekoak eta kudeaketakoak tarteko daude.

Hori horrela izanik, NEIKERen, ikerketa aplikatuko lanak egiten ditugu. Aztertu nahi dugu zer faktorek eragiten duten ardien intseminazio artifizialaren emaitzetan. Horrez gain, irizpide teknikoak eskaini nahi dizkiogu nekazaritza-sektoreari, jardun horren eraginkortasuna hobetu ahal izateko produkzio-baldintza errealetan. Ulertu nahi dugu zer harreman dagoen kudeaketaren, animaliaren fisiologiaren eta ingurunearen baldintzen artean, ugalketa-tresna horrek eskain diezazkigukeen emaitzak optimizatzeko.

Zehazki, alderdi hauek aztertzen ditugu zentroan, besteak beste: ardien adina eta ugalketa-historia, azken erditzetik intseminazio artifizialaren unera igaro den denbora, ardien gorputz-egoera eta aurreko kanpainetan arrakastaz intseminatu dituzten. Gainera, aintzat hartzen dugu jetzialdian dauden eta zer-nolako bilakaera duen haien gorputz-egoerak intseminazio artifiziala egin aurreko eta ondorengo asteetan. Horrekin guztiarekin lortzen dugun profila oinarri hartuta aukeratzen dira animaliak ganadutegietan.

«Orokorrean, ardiak erditu eta 150-250 egunetara lortzen dira emaitzarik onenak; orduan dute ardiek gorputz-egoera egokia eta ez dute pisua galtzen intseminazioaren ondoren», azaldu du Ina Beltrán de Heredia NEIKEReko ikertzaileak.

Aintzat hartu beharreko faktoreak

Animalien ezaugarriez gain, beste faktore batzuek ere egiten dute. Hona batzuk: lote bakoitzean zenbat ardi intseminatzen diren, prozesua zer-nola kudeatzen den, ingurune-baldintzak zein diren eta elikadura nolakoa den. Ildo horretan, gomendatzen da 150 ardi baino gehiago ez intseminatzea lote bakoitzean, taldea ondo kudeatu ahal izateko.

Ingurune-baldintzek ere eragina dute. «Gure esperientzian ikusi duzunez, ernaltze-tasa handiagoak izaten dira intseminazioaren egunean 14 eta 22 ºC arteko batez besteko tenperatura badago, % 75 inguruko hezetasun-maila badago eta aurreko egunetan euria egin badu», zehaztu du ikertzaileak.

Elikadurari dagokionez, hobe da ardiek intseminazioa baino lehen eta horren ondoren pisua hartzea eta semena ematen duten arrak gutxienez bi hilabete lehenagotik prestatzea.

Zer protokolo aplikatzen den ere kontuan izan behar da. Ardiekin, hormona-plangintzak egiten ditugu araldia eta obulazioa sinkronizatzeko; horri esker, bada, intseminazioaren unea zehaztu dezakegu araldia detektatu beharrik izan gabe. Teknika hori baliatzeko, programazio zehatza behar da; izan ere, semen izoztua tratamendua utzi eta 55 ordura aplikatu behar da, bide zerbikaletik aplikatu ere.

Sektorean aplikatzea

Ikerketetan ateratako ondorioak praktikara eramateko, lankidetzan aritzen gara ardi latxaren nekazaritza-elkarteekin (ACOL, AGORALA, ELE eta ASLANA), ARDIEKIN intseminazio-zentroarekin eta estatuko eta nazioarteko beste erakunde espezializatu batzuekin.

Gainera, ezagutza hori sektoreari jakinarazteko, prestakuntza-ekintzak egiten ditugu nekazarientzat, teknikarientzat eta kontrol-langileentzat; hartara, ustiapen-baldintza errealetan aplika dezakete ezagutza. Horren adibide da LIFE GREEN SHEEP proiektua: ate irekien jardunaldiak eta topaketak egin ditugu sektoreari jakinarazteko intseminazio artifiziala erabil daitekeela produkzio-eredu jasangarriagoen barruan. Eredu horietan, bada, ugalketa-prozesua hobetzea elikagaiak eraginkorrago egitearekin eta emisioak murriztearekin lotzen da.

Etorkizunari begira, teknikaren eraginkortasuna agian eragozten ari diren faktore berriak analizatzen ari gara eta, horrez gain, teknologia emergenteak baliatzen ari gara ardien genetika eta ugalketa hobetzeko. Bide horretan, elkarlanean gabiltza CONFELAC, IDELE, INRAE, CDEO eta beste entitate batzuekin, eta, besteak beste, GC4SHEEP eta ARDI2 proiektuetan parte hartzen ari gara. Intseminazio artifiziala optimizatzea eta hainbat produkzio-sistematara egokitzea dute helburu proiektuok.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.