Albisteak

BERRIA

Erredileoa: bazkalekuak lehengoratzeko antzinako ohitura

30 iraila 2025
  • NEIKERen, BFArekin elkarlanean, saiakuntza bati ekin diogu, EAEn saroi eramangarriak bideragarriak ote diren egiaztatzeko eta haien ekarpen ekologikoa aztertzeko

 

Saroi eramangarrien abeltzaintza-teknika honetan datza: abereak aldi baterako hesitzea, eginkariak eta zanpatzea espazio txiki batean pilatzeko. Teknika horri esker, lurzoruak materia organiko eta mantenugai asko eskuratzen ditu, eta horrek belar-estalkia berritzeari laguntzen dio.

Saroi eramangarriena antzinako metodologia da, bazkaleku-sistema mediterraneoetan sortua. Alderdi atlantikoan, saroi finkoak baliatzen ziren. Horrenbestez, NEIKERek, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, eta Europako LIFE SILFORE programaren barruan, saiakuntza bat hasi du, teknika hori Euskadin bideragarria ote den egiaztatzeko; alegia, estrategikoki banatutako emankortasun orbanak sortu nahi dira, artzaintzaren banaketa espaziala eta, ondorioz, bazkalekuak oneratzea sustatzeko.

Larrederren (Areatza, Bizkaia) egingo da saiakuntza, Gorbeiako Parke Naturalean, 2018an eraldatutako lursail batean (Lawson altzifreen landaketa baten mozketa egin zen). Orduz geroztik, inguru horrek zailtasunak izan ditu kalitatezko bazka sortzeko, bazkatzeko balio gutxi duten espezieak hazi dira eta, hala nola ihia.

Kokagune hori hautatu dugu, bai balio ekologikoagatik, bai bazka lehengoratzea eta tokiko abeltzainentzako emankorragoa izatea ekarriko duten kudeaketa-jardun berriak probatzeko premiagatik”, azaldu du Isabel Albizu NEIKEReko Natura Baliabideen Kontserbazioko Departamentuko ikerlariak.

 

100 m²-ko eremuak

Artaldeak hesitzeko saiakuntza-eremuak hesi elektriko eramangarrien bidez zedarrituko dira, lurzoruaren baldintzetara egokituta. Eremuek gutxi gorabehera 100 m2 izango dituzte, eta 15 ardi latx; alegia, sei metro koadro abereko. Horrek aukera emango die askeago mugitzeko, ardien ongizatea bermatzeaz bat.

Gauero-gauero, abereak eremu eramangarri horietara lekualdatzen dira, eta han egoten dira goizera arte. Hiru egunez errepikatzen da hori, eta beste kokapen batera mugitu behar da ondoren. Mugimendu sekuentzial hori ezaugarri atlantikoetara egokitzen da, eta emankortasun-orbanak sortzen ditu, bazkari lehengoratzen lagunduta.

 

Teknika erreplikagarria

Saroi eramangarrietako landaredia eta lurzorua monitorizatzen dira probetan, praktika horren eraginak ebaluatzeko eta lursail horiek saroitik kanpoko kontrol-eremu jakin batzuekin konparatzeko. Landaredian aldaketak izaten dira, hala belar espezieen maiztasunean nola aniztasunean, eta sastraka hazten da. Halaber, bazka-ekoizpena 0,25 m2-ko esklusio-kaiolak erabiliz zenbatetesten da.

Aldi berean, lurzoruaren zenbait parametro aztertzen dira; esaterako, konposizio kimikoa eta trinkotze-maila, mikrobio-jarduera eta CO2 emisioak.  Adierazle horiek guztiek hainbat informazio ematen dituzte, tartean, saroi eramangarrien teknikak zer-nolako eragina duen belar estalkiaren berritzean, bazkaren hazkuntza eta lurzoruaren emankortasuna. Behin betiko emaitzak 2026an ebaluatuko dira, bi urte iraungo duen saiakuntzaren ondoren.

Lortutako datuekin, teknika hori Euskadiko beste artzaintza-gune batzuetan, batik bat gune babestuetan, erreplikatu ote daitekeen ebaluatuko da, mota horretako guneetan kudeaketa-metodo jasangarriak eta oso inbasiboak ez direnak erabili behar direlako, aberea baliatuta lehengoratze-agente aktibo gisa”, adierazi du ikerlariak.

Saiakuntzaren koordinatzailea GORBEIA_GO talde operatiboa da, kide hauek dituena; NEIKER, Bizkaiko Foru Aldundia, Gorbeialde LGEa, LORRA eta tokiko abeltzain elkarteak. Talde honen partaidetza-dinamikaren barnean, urtero egiten dira landa-bisitak, Larrederreko artzaintza-kanpaina ebaluatzeko eta kontserbazio-ekintzak adosteko, kontuan hartuta azienda gobernatzeko eta bazka lehengoratzeko jardunbideak, sasi-kentze eta berrereintzatik hasi eta espezie inbaditzaileen kontroleraino.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.