Albisteak

BERRIA

Antibiotikorik gabeko ardi-intseminazio eredu bat, abeletxeetako osasun-segurtasuna indartzeko

26 otsaila 2026
  • NEIKERek mugaz haraindiko RAM proiektuan parte hartzen du. Proiektuak intseminazio artifizialeko zentroetako semenaren kalitate mikrobiologikoa aztertzen du bakterioen erresistentziak identifikatzeko. 
  • Teknologia metagenomikoa erabilita, ikerketak mikroorganismoen eta erresistentzien mapa bat ematen du, abeletxeetara irits daitezen eragozteko protokoloak diseinatzeko. 
  • Proiektua hasteko bilera aste honetan izango da, zentro teknologikoaren Arkautiko egoitzan, eta Espainiako nahiz Frantziako adituek parte hartuko dute.

 

Artaldeen osasuna babesteko, intseminazio artifizialeko (IA) zentroek semen-dosiei antibiotikoak gehitu behar dizkiete gaur egun, legeak hala aginduta. Neurriaren bitartez prebenitu nahi da arrek patogenoak ardiei transmititzea. Hala ere, farmakoak behin eta berriz erabiltzearen ondorioz, baliteke bakterio erresistenteak sortzea eta abeletxeetan zabaltzea. Hori gertatzen bada, albaitaritza-tratamenduek eraginkortasuna galtzen dute, eta arriskuan jartzen dira, ondorioz, animalien osasuna, osasun publikoa eta ingurumenaren oreka.

Egoera horri aurre egin nahian, NEIKER mugaz haraindiko RAM proiektuan parte hartzen ari da. Helburua da semenaren kalitate mikrobiologikoa aztertzea eta erresistentziak identifikatzea intseminazio seguruko eredu bat garatzeko, antibiotikoekiko mendekotasunik gabe eta etxaldeen osasuna nahiz produktibitatea bermaturik.

Ildo horretan, proiektuak metagenomika erabiltzea dakar berekin. «Analisi genetiko aurreratuko teknologia bat da; aukera ematen du laginetan dauden mikroorganismoen mapa (hau da, bakterioen, birusen eta erresistentzia-geneena) zehatz-mehatz identifikatzeko, eta metodo tradizionalekin baino informazio askoz zehatzagoa lortzen du», azaldu du Ina Beltrán de Heredia NEIKEReko ikertzaileak.

Identifikazio horri esker, semenean zer bakterio erresistente dauden zehazten da, eta horrela, protokoloak diseina daitezke bakterioak abeletxeetara iristea eragozteko eta albaitaritza-tratamenduen eraginkortasuna bermatzeko.

 

Errentagarritasunean zer-nolako eragina duen

Identifikatzeko lan hori abeltzaintzaren errendimenduan aplika daiteke. Osasun-estatus babestua duen abeletxe bat, zeinean tratamenduek oraindik eraginkortasunik baduten, produkzio-arrisku txikiagoko jarduera bat da.

Ikertzaileak adierazi bezala, «dosien analisiak ugalketa-zikloen arrakasta bermatzea du helburu. Bakterio erresistenteak identifikatu eta eragotzita, abeltzainak erditze gehiago izango ditu, eta ardiek esnea ekoizteko gaitasunari eustea bermatuko du, eta horrek badu eraginik abeletxearen bideragarritasunean».

Tokiko efizientzia hobetzea indartu egiten da Frantziako eta Aragoiko hautaketa-zentroekin batera egindako lanaren bidez. Osasun-mehatxuek eta klima-aldaketaren ondorioek Pirinio osoan eragina dutenez, RAM proiektuak protokolo komunak ezartzen ditu, arraza autoktonoak —Latxa, adibidez— mugaren bi aldeetan babestea bermatzeko. Horrela, hobekuntza genetikoaren hedapena segurua eta lehiakorra izatea bermatzen da.

 

Koordinazio teknikoa Arkautin

Koordinazio-lanaren abiapuntu gisa, aste honetan, zentro teknologikoak proiektuaren hasierako bilera egin du Arkautiko egoitzan. Bileran, partzuergoko kideak bildu dira, ahariekin nahiz ardiekin egingo diren karakterizazio mikrobiologikoko ekintzak definitzeko.

Jardunaldian, saio teknikoez gain, Ardiekin zentroko instalazioak bisitatu ere egingo dituzte, berrikuntzak aplikatzen dituzten zentroen funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko.

RAM proiektua Europako POCTEFA (INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programa) programaren esparruan garatzen da. Mugez haraindiko lankidetza-ekimen hori diseinaturik dago Pirinioetako eremuan nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen garapen jasangarria eta lehiakortasuna sustatzeko.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.