Albisteak

BERRIA

Animalien ongizateak ekoizpen efiziente eta jasangarrirako zer-nolako garrantzia duen

11 martxoa 2025

 

  • NEIKER teknologia-zentroan duela 17 urtetik baino gehiagotik lan egiten dugu sektoreari zientzia-ezagutza eta tresna teknologikoak emateko, haien bitartez animalien ongizatea ebaluatu eta hobetu dadin

Abereen ongizatea bermatzea beharrezkoa da abeltzaintzaren sektorean; izan ere, abereen osasuna eta ekoizpen-eraginkortasuna hobetzen laguntzeaz gain, abereekiko erantzukizun etikoa ere bada.

Animalien ongizatea oreka-egoera gisa defini daiteke, animalien behar fisiologikoak eta portaerazkoak bizi diren ingurunearekiko asetzen direnean lortzen dena. Hori dela eta, funtsezkoa da elikadura egokia ematea, ura etengabe eskura izatea eta bizi-baldintza egokiak izatea espeziearen araberako portaera-beharrak garatu ahal izateko. Ongizate-maila egokia lortzeko animalien beharrak kontuan hartzen dituzten estandarrei eusteak areagotu egingo du osasuna, produktibitate hobea eta ekoizpen-sistemaren jasangarritasun handiagoa.

Fisiologiak eta portaerak, milaka urtetako koeboluzioaren bidez intrintsekoki lotuak, elkar elikatzen dute, espezieen biziraupena eta bilakaera ahalbidetuz. Horregatik, parametro fisiologikoak eta portaerazkoak animalien ongizatearen adierazle fidagarriak dira.

Portaera-aldaketek, askotan eragin fisiologikoen aitzindariak, estres-egoeren aurreko defentsa-lerro gisa jokatzen dute. Adibidez, beroaren aurrean, animaliek babesa bilatuko dute eta arnasketa egingo dute alterazio fisiologiko kaltegarriak izan aurretik. Alderantziz, aldaketa fisiologikoek (infekzioek eragindakoek, adibidez) portaera-aldaketak eragiten dituzte gaixotasunari aurre egiteko edo haren ondorioak arintzeko. Era berean, zenbait portaerek, hala nola ura eta elikagaiak bilatzeak, oinarrizko eskakizun fisiologikoak betetzeko beharrari erantzuten diote.

Fisiologiak eta portaerak, milaka urtetako koeboluzioaren bidez intrintsekoki lotuak, elkar elikatzen dute, espezieen biziraupena eta bilakaera ahalbidetuz. Horregatik, parametro fisiologikoak eta portaerazkoak animalien ongizatearen adierazle fidagarriak dira.
Portaera-aldaketek, askotan eragin fisiologikoen aitzindariak, estres-egoeren aurreko defentsa-lerro gisa jokatzen dute. Adibidez, beroaren aurrean, animaliek babesa bilatuko dute eta arnasketa egingo dute alterazio fisiologiko kaltegarriak izan aurretik. Alderantziz, aldaketa fisiologikoek (infekzioek eragindakoek, adibidez) portaera-aldaketak eragiten dituzte gaixotasunari aurre egiteko edo haren ondorioak arintzeko. Era berean, zenbait portaerek, hala nola ura eta elikagaiak bilatzeak, oinarrizko eskakizun fisiologikoak betetzeko beharrari erantzuten diote.

Horiek horrela, NEIKER teknologia-zentroan 17 urte baino gehiago daramatzagu arlo horretan lan egiten; hala bada, sektoreari informazioa eta tresna zientifikoak ematen dizkiogu animalien ongizatea ebaluatu eta hobetu dadin. Azterlanen eta ikerketa-proiektuen bitartez, metodologiak garatu ditugu ekoizleek zientzia-ebidentzian oinarritutako hobekuntzak aplika ditzaten.

2008z geroztik, NEIKERen arlo horretako gure lana sendotu dugu Animalia Ekoizpeneko Sailera Inma Estevez doktorea batuz IKERBASQUE Senior ikertzaile gisa. Erreferentziako ikertzailea da animalia-portaeraren eta -ongizatearen arloan, aitortua dago nazioartean eta ageri da beren ikerketa-arloko eragin handieneko zientzialarien Stanfordeko Unibertsitatearen rankingean. Lan egiten du Xavier Averós doktorearekin (hegaztizaintza) eta Ina Beltrán de Heredia eta Roberto Ruiz doktoreekin (hausnarkari txikiak) —guztiek esperientzia luzea dute animalien ongizatearekin lotutako proiektuetan—, eta horri esker berariazko protokoloak diseinatu dira zenbait animalia-espezieren ongizatea ebaluatzeko (adibidez, indioilarrak, oilaskoak eta ardiak), eta erreferentzia-adierazleak ezarri dira haien egoera neurtzeko eta izan litezkeen arazoak antzemateko.

«Animaliek behar fisiologikoak eta portaerazkoak beteta dituztenean, indartu egiten da haien sistema immunologikoa, eta gaixotasunei efikazia handiagoz egiten diete aurre; ondorioz, albaitaritza-tratamendu gutxiago behar izaten dituzte. Hain ongizatea osasun- eta portaera-adierazleen bidez ebaluatzeak aukera ematen digu arazoak garaiz identifikatzeko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko, eta horrek dakar, era berean, ekoizpen efizienteagoa eta jasangarriagoa», adierazi du ikertzaileak.

NEIKERek arlo horretan izandako aurrerapenik nabarmenetako bat i-WatchTurkey appa da, merkataritza-sistemetan animalien ongizatea ebaluatzeko ad hoc diseinatutako munduko lehen aplikazio mugikorra.

Tresna horrek aukera ematen du haztegietan indioilarren osasuna eta ongizatea neurtzeko, eta horri esker, etxaldeen arduradunek eta albaitariek aurreko neurketak erraz eta azkar alderatu ditzakete. «Erabiltzaileak ostatuaren eta kudeatzeko jardunbideen ezaugarriei buruzko informazioa sartzen du, aplikazioak hegaztien portaera-adierazleekin, osasunarekin eta ongizatearekin erlaziona dezan», azaldu du Estevezek.

Welfair® ziurtagiria

NEIKERen arlo horretako beste mugarri nabarmenetako bat da Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologiako Institutuarekin (IRTA) Welfair® ziurtagiria garatzeko izandako lankidetza. Ziurtagiri aitzindari hau, besteak beste, Europako Welfare Quality eta AWIN® ikerketa-proiektuen protokoloetan oinarrituta dago, eta haren bidez identifikatu egiten dira animalien etengabeko ongizatea hobetzearekin bat datozen kudeaketa-jardunbideak aplikatzen dituzten etxaldeetatik etorritako produktuak.

Welfair® ziurtagiriak bermatzen du, hain zuzen ere, etxaldeek eta abeltegiek animalien ongizatearen arloko zientzia-irizpide aurreratuak betetzen dituztela, eta sektoreari tresnak ematen dizkio animalien egoera arian-arian hobetzeko.

Gure lana egiteko, azpiegitura espezializatuak ditugu Arkautiko Nekazaritzako Elikagaien Campusean; bertan hegazti-hazkuntzako nabe bat eta Latxa arrazako esnetako ardiak daude. Halaber, elkarlan aktiboa dugu sektorearekin merkataritza-abeltegi eta -ustiategietan, eta horri esker aukera dugu garatutako metodologiak egoera errealetan aplikatu eta baliozkotzeko; era horretan etengabeko harremana dugu sektorearekin, eta bermatzen dugu, bidenabar, proposatutako irtenbideak egunerokoan bideragarriak eta eraginkorrak izatea.

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.