Albisteak

BERRIA

Albaitaritzako diagnostikoaren azken aurrerapenak 2024ko AVEDILA Sinposioan

29 uztaila 2024

 

  • Albaitaritzako laborategiko diagnostikora bideratutako urteroko hitzorduak animalien osasunaren sektoreko profesionalak bilduko ditu azaroaren 13an eta 14an Bilboko Euskalduna Jauregian
  • NEIKER zentro teknologikoak antolatuko du ekitaldiaren XXVII. edizioa, eta hainbat hitzaldi emango dira eta ahozko komunikazioak aurkezteko eta posterrak erakusteko saioak izango dira.

 Bilbo albaitaritzako laborategiko diagnostikoaren epizentroa izango da azaroaren 13an eta 14an, XXVII. AVEDILA Sinposioa dela eta. Aurten NEIKER zentro teknologikoak antolatuko du ekitaldia, eta laborategietako, unibertsitateetako, zentro teknologikoetako eta animalien osasunaren sektoreko enpresetako profesionalak bilduko ditu bi egunez Euskalduna Jauregian.

Gaiari buruzko adituen hitzaldiak hartzeaz gain, topaketak ahozko komunikazioak aurkezteko eta posterrak erakusteko bost saio eskainiko ditu, bertaratutakoek albaitaritzako diagnostikoaren aurrerapen zientifiko berriak ezagutzeko aukera izan dezaten.

Horretarako, Natalia Elguezabal, Cinta Prieto eta Mar Biarnes albaitaritza sektoreko erreferentziazko ikertzaileek parte hartuko dute.

Lehenik eta behin, asteazkenean, hilak 13, 9:30ean, Natalia Elguezabal NEIKEReko Animalien Osasun Departamentuko ikertzaile nagusiak ponentzia bat aurkeztuko du, “Neutrofiloak osasunean eta gaixotasunean”, zelula mota horiek immunitate sistemaren barruan jokatzen duten paper garrantzitsua azaltzeko.

Hurrengo egunean, 9:00etan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Animalien Osasun Departamentuko irakasle titular Cinta Prietok txerrien ugalketa eta arnasketa sindromearen diagnostikoaren berezitasunei buruzko hitzaldia emango du, gaitz horrek estatuan hain garrantzitsua den ekoizpen sektore batean galera larriak eragiten baititu.

Eta, azkenik, 11:30ean, Mar Biarnes Katalunia eta Aragoiko Hegaztien Osasun Zentroko (CESAC) zuzendari teknikoak hegazti gripearen problematikan eta beste arnasketa prozesu batzuen diagnostiko diferentzialean sakonduko du, azken urteotan gaurkotasun handia duen gaia izanik.

NEIKERen esperientzia animalien osasunari buruz

Sinposioaren antolatzaile gisa, NEIKERek, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpeko erakundeak, albaitaritzako laborategiko diagnostikoan duen esperientzia eskainiko du. Zehazki, zentroko animalien ikerketa taldea osatzen duten 40 pertsonak lanean ari dira sektoreari kalitatezko diagnostiko zerbitzu bat eskaintzeko, teknologiarik modernoena erabiliz. Gainera, abeltzaintzako ekoizpen unitateen eraginkortasuna, lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko I+G+B proiektuak garatzen dituzte, belaunaldi erreleboa ziurtatzen lagunduko duten ekoizpen sistemak sortzeko.

Ildo horretan, NEIKEReko animalien osasuneko ikerketa lerroek hainbat arlo hartzen dituzte, hala nola zaintza epidemiologikoa, diagnostikorako teknika berrien garapena eta ganaduari eta basa espezieei eragiten dieten gaixotasunen kontrola, besteak beste.

Zentroak parte hartzen duen proiektuen artean animalien osasuna optimizatzeko eta animalien eta gizakien arteko gaixotasunen transmisioa prebenitzeko ekimenak daude, hala nola tuberkulosiaren azterketara zuzendutako INNOTUB II eta Pirinioetako ingurunean kaparrek transmititutako gaixotasunetara bideratutako PyrTick Europako sareak, edo Q-NET ASSESS proiektua, zeinak Q sukarraren inguruan dauden hutsune nagusiak lantzen dituen, hala nola C. Burnetii isolatzeko metodo estandarren falta, genotipatzeko metodo harmonizatuen falta eta lagin klinikoetan WGS genoma osoaren sekuentziazioa egiteko metodoan falta.

AVEDILAri buruz

Albaitaritzako Laborategiko Diagnostikoko Espezialisten Elkarteak (AVEDILA) profesionalen, unibertsitateen, ikerketa zentroen eta arlo horretako beste eragile batzuen arteko lankidetza eta ezagutza trukea sustatzea du helburu.

Horretarako, jardunaldi teknikoak eta sinposioak antolatzen ditu erregularki, ezagutzen hedapena eta dibulgazioa eta, batez ere, espezialitate eta lan ingurune desberdinen artean albaitaritzako diagnostikoa etengabe eguneratzea sustatzeko.

Informazio gehiago: avedila2024.com