Albisteak

BERRIA

Aizkorri-Aratz, Pirinioetako lurzoruen kudeaketa jasangarrirako laborategi naturala

23 urria 2025

 

  • Europako SOLPYR proiektuak mendiko lurzoruak ezagutu eta babestea du xede, eta jardunaldia proiektu horren esparruan egingo da.
  •  Pirinioetako eskualdeetako adituek eta ordezkariek kudeaketa jasangarriko esperientziak partekatu eta estrategiak koordinatuko dituzte.
  •  Aurreikusitako soluzioen artean daude, batetik, mapa eta metodologia harmonizatuak, lurzoruak ezagutzeko, eta, bestetik, dibulgaziozko material eta ibilbideak, herritarrak sentsibilizatzeko.

 

Mendiko lurzoruek ezinbesteko rola jokatzen dute ekosistemen oreka ekologikoan eta jasangarritasunean. Gainera, klima erregulatzen dute, ur-zikloaren funtsezko zati dira eta biodibertsitate-gordailu dira. Mendiko lurzoruak ahulak dira eta, Pirinioetan, are ahulagoak dira muturreko baldintza klimatikoak eta klima-aldaketaren ondoriozko presioak dira-eta, eta lurraldea gero eta gehiago erabiltzen delako aisialdirako.

Ezagutzan eta kontserbazioan sakontze aldera, NEIKER teknologia-zentroak, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko entitateak, Pirinioetako Lurzoruen II. Foroa hartuko du Europako SOLPYR proiektuaren esparruan. Proiektu horren helburua da mendiko lurzoruak babestea Pirinioetako eskualdeetako entitateen artean ezagutza, sentsibilizazioa eta lankidetza garatzearen bidez, eta bulegoko lanaldi teknikoak eta landako sentsibilizazio-saio bat izango ditu.

Pirinioetako eskualdeetako erakundeetako aditu eta ordezkariak bilduko dira topaketan. Ikerketan, baso-kudeaketan, nekazaritzan, abeltzaintzan edo administrazio publikoan dihardute eta, proiektuaren aurrerapenak lantzeaz gain, mendiko lurzoruen gobernantza eta kontserbazioari buruzko esperientziak partekatuko dituzte. Eztabaidagaien artean, honako hauek nabarmentzen dira: lurzoruak kartografiatzeko eta haien kalteberatasuna zehazteko metodologiak harmonizatzea, eta Pirinioetako lurzoruetarako ekintza-plana egitea. Plan horrek estrategia komun bat ezartzen du baliabide hori mugaz gaindiko eskalan babesteko, eta Pirinioetako eskualdeetan egindako baterako sorkuntzako zazpi tailerren emaitzetan oinarritzen da.

 

Mendiko lurzoruak bisitatzea

Jardunaldi praktikoa Aizkorri-Aratz parke naturalean egingo da; horrela, parte-hartzaileek Urbiako ibilbide edafikoa egingo dute, bai eta hura aztertu, eztabaidatu eta gozatu ere. Ibilbidean zehar, lurzoru-profilak eta -zeharrebakiak erakutsiko dira, bai eta interes geologiko eta kulturaleko puntuak ere, lurzoru horiek nola eratu diren eta ekosisteman eta horien mende dauden giza jardueretan zer rol jokatzen duten ulertzeko.

Era berean, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrak eta NEIKERek azalduko dute inguruko mendiak eta lurzoruak nola kudeatzen diren, baita artzaintza-baliabideak nola baloratzen diren ere, ekosisteman eta tokiko jarduera ekonomikoetan zer rol jokatzen duten ulertzeko.

«Ibilbidean zehar, lurzoru-zeharrebakiak eta -profilak aztertuko dira, kontuan hartuta, beste faktore batzuen artean, azpiko material geologikoa, klima, landaredia edo lurzoruaren erabilerak (artzaintza historikotik hasi eta egungo mendi-ibilietaraino), lurzoru horien eraketan eta kontserbazioan eragina dutenak», adierazi du Ainara Artetxek, NEIKEReko Natura Baliabideen Kontserbazioko Saileko ikertzaileak.

 

Ezagutza-tresna harmonizatuak

Aldi berean, SOLPYRen esparruan, Pirinioetako lurzoruak sailkatzeko mapa harmonizatu bat egiten eta lurzoruen degradazioa inbentariatzeko eta kuantifikatzeko metodologia partekatu bat garatzen ari dira. Pirinioetako eskualde guztietan informazio fidagarria eta konparagarria izateko beharretik sortzen dira tresna horiek; izan ere, mendiko lurzoruen arazoak —hala nola higadura, trinkotzea edo materia organikoa galtzea— partekatuak dira neurri handi batean, baina ez dira beti modu uniformean neurtzen.

Honela dio ikertzaileak: «Lan egiteko modua partekatzea eta adostea lehen urratsa da emaitza konparagarriak lortzeko bidean aurrera egiteko. Emaitza horiei esker, ondoren, eremu kalteberenak edo faktore erabakigarriak identifikatu ahal izango ditugu, eta Pirinioetako lurzoruak kontserbatzeko mugaz gaindiko neurriak eta erabakiak orientatu».

Kartografian eta neurketan oinarritutako lan tekniko hau aberasteko, herritarrak sentsibilizatzeko dimentsioa txertatu da; hau da, hezkuntza-materialak eta dibulgazio-ibilbideak egin dira, txangozaleek, mendi-ibiltariek, kirolariek, abeltzainek eta kudeatzaileek beren jardueren oinarri diren lurzoruak ezagut eta balora ditzaten. Horrela, zuzenean lotzen dira herritarrak eta erabaki-hartzaileak mendiko ekosistemen kontserbazioan.

Lan horri guztiari esker, mendiko lurzoruei buruzko mugaz gaindiko ikerketa-, kudeaketa- eta sentsibilizazio-ekimenak bultza daitezke, egindako ekintzek Pirinio osoan irismen koordinatua eta eraginkorra izango dutela bermatuz. Lana, bada, SOLPYR proiektuaren barruan dago, eta horrek Europar Batasunaren babesa du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez.

Related posts

Neiker
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da eta zenbait funtzio betetzen ditu, hala nola, gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webeko zein atal interesgarri eta erabilgarri aurkitzen dituzun ulertzen laguntzea.