Albisteak

BERRIA

Udapak NEIKERek sortutako “Beltza” patata barietatearen azterketa agroekonomiko eta harrera komertzialari buruzkoa egingo du

17 ekaina 2020

Udapak NEIKERek sortutako “Beltza” patata barietatearen azterketa agroekonomiko eta harrera komertzialari buruzkoa egingo du

  • Bi erakundeek hitzarmen bat izenpetu dute, ikerketa zentroak barietate berriaren 600 kilogramo hazitarako patata transferitzeko
  • ‘Beltza’ patata purpura kolorekoa da, eta osasunerako mesedegarriak diren konposatu antioxidatzaileen eduki handia dauka
  • Barietate berria kalitate handikoa da sukaldaritzan, hutsean enbasatuta edo egosita kontsumitzeko prest erabiltzeko

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 17a. Udapak, nekazaritzako ekoizleek, enpresa kudeatzaileek eta Laboral Kutxa kreditu kooperatibak osatutako kooperatibak, NEIKERek sortutako ‘Beltza’ patata barietatearen azterketa agronomikoa eta harrera komertzialari buruzkoa egingo du, bi aldeek izenpetu duten lankidetza hitzarmenaren arabera.

Kooperatiba espezializatuta dago kalitatezko pataten ekoizpenean, eta ‘Beltza’ aldaeraren 600 kilogramo hazitarako patata jasoko ditu NEIKERetik. Udapak bere sail batean ereingo du patata, balorazio agronomiko bat egiteko, eta lortutako uzta –8.000 kilogramo inguru aurreikusten da– harrera komertzialari buruzko azterketa egiteko erabiliko da. Udapak bere bezeroen bitartez merkaturatuko du ‘Beltza’ patata, horiek banaketa handiaren sektorekoak izanik. Proba pilotuaren emaitzek balioko diote Udapari etorkizunean ‘Beltza’ barietatearen ekoizpena eta komertzializazioa baloratzeko. Hitzarmena NEIKEReko zuzendari nagusi Leire Barañanok eta Udapako zuzendari nagusi Alfonso Saenz de Camarak izenpetu dute.

NEIKERek 2019an erregistratu zuen purpura koloreko aldaera berria, ‘Beltza’ izenarekin, Europako Barietate Babestuen Erregistroan. Barietateak konposatu antioxidatzaileen eduki handia dauka, eta hori mesedegarria da osasunerako. Halaber, kalitate handia dauka sukaldaritzan erabiltzeko, mamiaren kolorearen ezaugarriengatik, eta baita ere elikadurako IV. gaman (hutsean ontziratua) eta V. gaman (jateko prest dagoen produktua) erabiltzeko.

“Udapan oso pozik gaude barietate berria lantzeko saiakuntzetan parte hartzeagatik, gure teknikari eta nekazarien ezagutzez baliatuz”, dio Saenz de Camarak. “Gainera, azterketa agronomiko hau egiteak aukera emango digu tokiko produktuaren alde egiten dugun apustua indartzeko, eta patatari balioa eransten jarraitzeko, egungo kontsumitzaileen eskakizunetara ezin hobeto egokitzen diren erreferentzia berriak komertzializatuz”.

 

Konposatu bioaktiboak

Azken urteotan, NEIKERek hautapen programa bat abiarazi du, konposatu bioaktiboen maila handiak dituzten barietateak lortzeko (antozianinak, fenolak eta karotenoide osoak), baita ahalmen antioxidatzaileak dituztenak ere, gure laboreen baldintzetara egokituta. Gero eta interes handiagoa dago konposatu fitokimikoei buruz, eta ebidentzia zientifikoak bermatzen duelarik horiek kalitate nutrizional delakoaren beste dimentsio bat direla, erabaki zen irizpide hori patataren hobekuntza genetikoaren helburuen artean sartzea.

Barietate berria sortu izanak agerian jartzen du NEIKERek Arabako nekazaritzaren produktu izarretako bat berritzearen alde duen konpromisoa.

NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeseko Departamentuak barietate berriak lortzeko erabiltzen duen prozedura metodo naturaletan oinarrituta dago erabat, ezaugarri agronomiko onak dituzten eta laborearen gaitz nagusiekiko erresistentzia duten aldaera desberdinak gurutzatuz egiten baita.

1933 urteaz geroztik, Iturrietan (Araba) Patataren Haztegia Hobetzeko Aztertokia sortu zenez geroztik,zentro teknologikoa aldaera berriak garatzen ari da, hautaketa klonaleko prozesu baten bitartez, estatuan eta EBn patata ekoizten duten eskualdeetako baldintza agroklimatikoetara egokituta. Orain arte, NEIKERek hogeita hamar barietate baino gehiago erregistratu ditu, eta horietako zenbaitek arrakasta handia lortu dute merkatu nazionaletan zein nazioartekoetan.

Aldaera propio horien abantailak dira, besteak beste, errendimendu produktibo handiagoa, kostuen murrizketa eta hainbat gaixotasunekiko erresistentzia handiagoa, kanpotik datozen aldaerekiko menpekotasuna saihesteaz gain.

 

 

Related posts